estatu indarkeriaren biktimak

Iñaki Etxabe, justiziak abandonatuta

Atzo 40 urte hil zuten Iñaki Etxabe, Kanpazarren. Kasua argitzeke dago, eta sendia ez dute inoiz biktima gisa hartu Espainiako Barne Ministerioak eta Auzitegi Nazionalak. Iñigo Iruin abokatuak "estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen hilketatzat" joa du; babes helegitea aurkeztu du Konstituzionalean.

Enekoitz Esnaola -

2015eko urriak 6

Orain 40 urte, kaleko jantzitako hiru pertsonak tiro egin zioten Iñaki Etxaberi Kanpazarko taberna-jatetxe batean (Elorrio), eta hil egin zuten; aurreko hilabeteetan, ostatu hari bi aldiz eraso zioten; pixka bat lehenago, haren anaia Juan Jose Etxabe iheslariaren jatetxeari eta autoari eraso zioten; Espainiako eskuin muturreko taldeak ekintza ugari ari ziren egiten Ipar eta Hego Euskal Herrian ustezko etakideen, bestelako militanteen eta jarduera politiko jakineko bat ez zuten zibilen aurka, bai fisikoki, bai materialki; Iñaki Etxaberen hilketatik urtebetera, BVE taldeak bere gain hartu zuen atentatua; egunkariek haren hilketaren albistea politikako berriekin batera sartu zuten, "terrorismoaren" testuinguruan kokatuz; agintari ofizialak joan ziren hiletara; Durangoko Epaitegiak "terrorismoaren prebentzio" gisa jo zuen "hilketa", eta auzia Espainiako Ordenu Publikoaren Auzitegira igorri zuen... Eta, hala ere, auzia itxi egin zen berehala, hilketak "terrorismoarekin" zerikusirik izan zuela ukatu zuten, kalte-ordainak ukatu izan dituzte eta familiaren abokatuari gaia ikertzeko aukerarik ez diote eman.

"Estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen hilketa izan zen", dio Iñigo Iruin abokatuak. Orain dela bi urte heldu zion auziari, beste abokatu bati lekukoa hartuta, eta oztopoak jaso ditu estatuaren aldetik. "Salatzekoa da". Ez du etsi, eta Auzitegi Konstituzionalera jo berri du, babes helegitea aurkeztuta. "Frogarako eskubidea urratu baitit Auzitegi Nazionalak". Dio Konstituzionalak, hala, lehenengo aldiz jaso duela "estatu terrorismoarekin" lotutako helegite bat. GALen biktimen batzuk ere heldu zaizkio. "Doktrina ezarri beharko du", ondorioztatu du Iruinek.

1975eko urriaren 5ean hil zuten Iñaki Etxabe Orobengoa, atzo 40 urte. Igandea zen. Arrasatekoa zen (Gipuzkoa), 39 urte zeuzkan eta Elorriorako bideko, Kanpazar gaineko Etxabe-Enea ostatuko jabea zen. Hantxe bizi zen. 40 urte pasatu diren arren, Iñaki Etxaberen anaia Luisek (74 urte) detaileekin gogoratzen du atentatuaren unea, hantxe baitzen bera ere: "Tabernan ordu horretan ez geunden lagun asko. Ni mostradorean lanean, eta baziren dozena erdi bat bezero. Iñaki sukaldean zegoen, txuleta kilo bat jan berria. Bezperan, Juan Jose anaiari autoa erre zioten Donibane Lohizunen, eta informazio gehiago izan nahian Paris irratia piztua nuen. Gaueko hamaikak jo, eta tabernan orduantxe sartu ziren hiru pertsona. Burua estalia zuten. ‘Zuen bila gatoz’, esan zidaten, bezeroei esprai lo-eragilea botatzearekin batera. Ez nien armarik ikusi, baina egoerari itxura txarra hartuta, biltegira joan nintzen azkar, eta atea itxi nien. Ez zezaten zabaldu, hankak apal batzuetan jarri nituen, eta bizkarra, ateari eusten. Bultzaka jardun zuten, baina ez zuten ireki. Ez nuen hitzik egin, ez nintzen gauza. Besteen zarata entzunda, sukaldetik atera zen Iñaki, eta aurrez aurre egin zioten tiro. Hemezortzi tiro zeuzkan gorputzean". Hiru lagun armatuek autoan egin zuten ihes Kanpazar gainetik, eraikinari tiroak botaz.

Kontuan hartzeko datua da erasotzaileek esandako "zuen bila gatoz". Izan ere, eskuin muturrak jomugan zeukan Etxabe sendia. 1975ean bertan, Kanpazarko hilketaren aurretik, maiatzaren 11n Etxabe-Enearen aurka bonba bat jarri zuten; ekainaren 28an, beste lehergailu bat jarri zuten Baionan, Iñakiren anaia Joaquinen Udalaitz jatetxean; ekainaren 30ean, beste bonba bat Donibane Lohizunen, Iñakiren anaia Juan Joseren Etxabe jatetxean; uztailaren 27an, Etxabe-Enea tirokatu egin zuten metrailetekin; eta urriaren 4an, Iñaki hil bezperan, Luisek esan bezala, anaia Juan Joseri autoa erre zioten Donibane Lohizunen. Espainiako polizia indarrek ETAko kidetzat zituzten Joaquin eta Juan Jose Etxabe. Iñaki urte batzuk lehenago hilabete batez kartzelan egona zen, baina ez zeukan militantzia politiko jakinik, Luisek berretsi duenez.

1975eko urriaren 5ean bertan, 13:45 aldera, Kanpazartik kilometro batzuetara ETAk hiru guardia zibil hil zituen atentatu batean. Oñatin izan zen, Arantzazurako bidean, eta euskal erakunde armatuak —egun batzuetara hartu zuen bere gain ekintza— bonba bat lehertu zuen Guardia Zibilaren Lan Rover bat pasatzen ari zela; hiru guardia zibil hantxe zendu ziren, eta beste bi, larri zauritu. "Mediku batek jakinarazi zigun hiru guardia zibil hil zituztela Arantzazun, eta gauean zerbait gertatuko zen susmoa genuen", esan du Luis Etxabek, eta ez dauka dudarik: Kanpazarko tiroketa mendekua izan zen. "Egun hartan, Kanpazar inguruan Guardia Zibilak errepideko kontrol ugari jarri zuen, bai Arrasate aldera, bai Elorrio aldera. Oso zorrotzak ziren kontrolak. Gurean sartu ziren hirurek haienak izan behar zuten, autoan armak zituztelako eta Guardia Zibilaren baimenarekin pasatu behar izan zutelako kontrola. Gainera, gaueko hamarrak aldera guardia zibil batzuk sartu ziren tabernan, ea berririk ba al zen galdezka. Zer zetorren jakinaren gainean egon behar zuten". Esaten da arratsaldean han inguruan enpresari batengana ez ote ziren joan erasotzaileak, baina ezin izan zutela burutu atentatua.

"Aurreratu egin zaizkigu"

23:00etan Kanpazarko hilketa izan, eta Etxabe-Enean ziren pixka batera Pedro Basterretxea Arrasateko orduko alkatea, Jose Antonio Altuna alkateordea eta herriko erretore Gregorio. Baita segituan guardia zibilak ere, Altunak (78 urte) dioenez: "Gu iritsi eta bost minutura guardia zibileko kabo bat sartu zen tabernan, bost agenterekin, eta ozen eta argi esan zuen: ‘Aurreratu egin zaizkigu. Gu [Etxabe-eta] babestera gentozen’. Haiek egin zuten atestatua". Eco markako bala zorroak bildu zituzten. Altuna gero jaitsi egin zen Arrasatera, hileta-eta prestatzera, eta esaten du badakiela gau hartan Kanpazarren Manuel Hidalgo Gernika-Lumoko Guardia Zibileko kapitaina egon zela. "Oso famatua zen Hidalgo, torturatzaile ospe handikoa. Jesus Muñecas bera baino famatuagoa zen gure inguruan". Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ren lankide estua zen Muñecas.

Biharamunean egin zen Iñaki Etxaberen aldeko hileta elizkizuna, urriaren 6an (astelehena), Arrasaten, San Juan Bautista elizan. Gipuzkoako orduko agintari instituzional garrantzitsuenak joan ziren; Juan Maria Araluze diputazioko presidentea, kasurako. "Araluzek esan zidan erabaki zutela lehen aldiz joatea hileta guztietara. Goizean Arantzazun hildako hiru guardia zibilenean izan ziren, gero Iñakirenean", dio Altunak. Pablo VI.a aita santuak telegrama bat bidali zion Espainiako Apezpikuen Konferentziari lau lagunen hilketa gaitzetsiz. Hileta elizkizunean Jacinto Argaia Donostiako gotzainaren idatzi bat leitu zuten; indarkeria arbuiatu zuen.

Adierazgarria izan zen, halaber, Marcelino Oreja Agirrek urriaren 7an El Diario Vasco egunkarian argitaratu zuen gutuna —kazetak hilketari buruzko orrialdean ekarri zuen—. Frankismoaren mugimenduaren kontseilari nazionala zen Oreja orduan —handik pixka batera, 1975eko azaroaren 20an Francisco Franco diktadorea hil ondotik, Atzerri Ministerioko idazkariordea, eta 1976-1980an, ministro—, eta zioen bi "krimenek" zerikusia zutela. "Gizonezko batzuk erori dira: hiru, Arantzazuko bidean, eta bat, Kanpazarko gainean", idatzi zuen lehen pasartean, haien aita ere 1934ko urriaren 5ean hil zutela gogoratuz. "Basakeria" salatu zuen, eta "indarkeria baztertu eta premiazko irtenbide politikoak eskatu". Kutsu politikoa eman zion, beraz, Marcelino Orejak 1975eko urriaren 5ean gertatutakoari, Kanpazarkoa ere horren barruan kokatuz. Urriaren 6an Kanpazarren izan zen hura, Arrasateko alkatearekin eta Altuna alkateordearekin, horrek gogoratu duenez: "Etxabe familiari doluminak eman zizkion, eta gogoratu zuen bere aita Arrasaten hil zutela 41 urte lehenago. ‘A ver si no ocurre uno más’ [Ea ez den gertatzen beste bat], esan zuen".

Egunkariek urriaren 7ko zenbakietan ekarri zuten hiru guardia zibilen eta Etxaberen hilketen berri, eta bi atentatuak testuinguru berean kokatu zituzten. El Diario Vasco Gipuzkoako kazetak albiste berean zekartzan, azalean hasi eta barruko orrialde batean segituz. "Terrorismoa Gipuzkoan" izan zen haren azaleko izenburua, eta bi azpititulu zituen: bat, guardia zibilen hilketarena, eta bestea, Etxaberena. Barruko orrialdean, azaletik zetorren berria azaltzen segitzeaz gain, Marcelino Orejaren gutuna zetorren, albisteko aparteko pieza batean. La Voz de España-ren Gipuzkoako edizioak orrialde bat atera zuen bi atentatuez, nagusia Arantzazukoari emanez eta Kanpazarkoari, aparteko pieza bat. La Vanguardia Española-k eta Abc-k ere jaso zuten Kanpazarkoa, biek ere orri berean "terrorismoarekin" lotutako beste kontu batzuk jarriz. Artean sortzeke ziren El País, Egin edota Deia —aurrena 1976an eratu zuten; beste biak, 1977an—. Blanco y Negro aldizkariak, orduko urriaren 11ko zenbakian, Etxaberen heriotza aipatu zuen, eta "terrorismo ororen aurka" azaldu zen.

Familiari ez zioten eskela argitaratu egunkariek. Hileta elizkizunaren ostean, berriz, gorpua hilerrira zeramatela guardia zibilek metrailetekin apuntatu zituzten senideak eta. "Lotsarik ba al zuten esan zien gure aitak, haserre", azaldu du Luis Etxabek. "Guardia zibil batek agur militarra egin zidan", Altunak. Atentatutik hilabete pasara, etxabetarrei autopsiaren faktura bidali zieten etxera, baina autopsiaren emaitzarik ez. Erregimenak azkar itxi nahi zuen kasua. Sendiari sekula ez zioten auzitegitik deitu. Lekukoei ere ez; adibidez, Luis Etxaberi: "Epaileek interesik ez zuten jarri. Gure tabernako hildakoa haiena izan balitz, jarriko zuketen interesa aztertzeko. Baina etxabetarra zen hildakoa, eta hilketari ez zioten garrantzirik eman". Inguruko herrietako udal agintariak ere inoiz ez zituzten deitu deklaratzera, Altunak jakinarazi duenez: "Ni alkate 1976an jarri nintzen [1979ra arte egon zen], baina behin ere ez nuen aukerarik izan hilketako hari mutur bati heltzeko. Udal agintariok mehatxuak-eta jasotzen genituen. Oso egoera gogorrean ginen". 

Orduko urriaren 12an gertatutakoa ere deigarria da: German Agirre Irasuegi arrasatear taxilaria hil zuten, tiroz. Altunak uste du taxilariak astebete lehenagoko gau hartan "zeozer ikusi" izango zuela; "jakingo zuen zerbait". Agirreri taxian Arrasatetik Legutiora joateko eskatu zioten ezezagun batzuek, eta Legution hil zuten, gauez, Guardia Zibilaren kuarteletik ehunen bat metrora, garondoan tiro eginda. Antonio Tejero Gasteizko Guardia Zibileko burua azaldu zen hurrengo goizean gertaeren lekuan, eta aipatu zuen berak hartuko zuela Agirreren ikerketaren ardura. Kasua ez da sekula argitu.

"Terrorismoaren prebentzio" moduan

Informazio eta Turismo Ministerioaren Gipuzkoako Ordezkaritzak urriaren 6an prentsa ohar bat atera zuen Etxaberen hilketaz, hura industriari gisa joz eta tiro egin ziotenak "identifikatu gabeko hiru ezezagun" izan zirela esanez. "Ordenu Publikoa gestio aktiboak egiten ari da egileen identifikazioa lortzeko asmoz". Durangoko 1. Instrukzio Epaitegiak hartu zuen kasua, eta urriaren 6ko diligentzietan "terrorismoaren prebentzio" moduan jo zuen "hilketa". Urriaren 15ean Ordenu Publikoaren Madrilgo 2. Auzitegiaren esku utzi zuen kasua Durangoko Epaitegiak, eta fiskalak oniritzia eman zion erabakiari. Geroztik ez zen jakin auzia ikertu zuten edo zer erabaki hartu zen.

1976 bukaeran, BVE Batallon Vasco Español talde armatuaren Baldarrain komandoak bere egin zuen Iñaki Etxaberen hilketa, eta hala ageri da Estatuko Segurtasun Idazkaritzaren ahozko aholkulariaren 1998ko urriko idatzi batean, baita Guardia Zibilaren 2012ko ekaineko batean ere. Aldiz, Espainiako Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren 2012ko uztaileko ohar batek dio ez dagoela egileez "daturik", eta Poliziako Informazioaren Komisaria Nagusiaren 2012ko abenduko idatzi batek dio "egiletza ezezaguna" dela eta 2014ko apirileko beste batean ageri da inork ez zuela bere gain hartu erasoa. Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak 2002an zioen ez zela "izaera terroristako ekintza" izan. Terrorismoaren Biktimen Asistentzia Departamentuak 1998ko urrian "eskuin muturreko izaera armatuko taldeei" egotzi zien hilketa, eta jakinarazi zuen heriotza Estatuko Segurtasun Idazkaritzaren zerrendan sartu zela 1996an, horren sorreran.

Covite eta AVT elkarteek "terrorismoaren biktimen" zerrendan daukate Iñaki Etxabe, industriari gisa jota, eta biek jaso dute hilketaren egilea "talde terrorista, eskuin muturra" izan zela. In Memoriam pro Prax blogak ere hala du jasoa –"ekintza terroristetan" hildakoak gogoan dituen ekimena da–. Wikipediak Kanpazarko atentatua Frankismo amaierako terrorismoa atalean dakar. Jaurlaritza ere jasota dago "terrorismoaren biktima" moduan. Halaber, EAEko gobernuak joan den uztailean plazaratu zuen Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak (1960-2010) txostena, eta Arrasateko Udalari emandako alean badator Iñaki Etxaberen kasua, Triple A, BVE eta GALek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketak atalean. Egiletzat BVE hartu du Jaurlaritzak, haren 1976ko aldarrikapena dela eta; "dena den, Euskal Herria y la libertdad liburuan irakur daitekeenez, ‘zantzu ugari daude guardia zibilak izan ote ziren’".

Familia, kalte-ordain eske

Artean Espainiako Estatuan Terrorismoaren Biktimen Legerik ez zela egin zuen Etxabe familiak lehen aldiz kalte-ordain eskaera, Barne Ministerioan. 1997ko urrian Espainiako Loterian izandako etekinak baliatuz, gobernuak kalte-ordainak banatzeko dekretu bat onartu zuen 1998ko urtarrilean, eta etxabetarrek Arrasateko Udalaren bitartez jakin zuten bazutela eskaera egiteko aukera. Aurkeztu zuten, baina Barne Ministerioak 1999ko apirilean atzera bota zuen eskaera, Kanpazarko atentatuak "izaera terroristarik" ez zuela izan argudiatuta.

1999an bertan, urrian, Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako Legea onartu zuen Kongresuak, eta familiak, bide administratibotik joz, kalte-ordaina eskatu zuen Barne Ministerioan. 2000n atzera bota zuen. "Ez zen izan ekintza terrorista".

2011koa da Terrorismoaren Biktimen Lege berria, Aitortzarako eta Babes Integralerako izena duena. Familiak berriro, bide administratibotik joz, Barne Ministerioan kalte-ordaina eskatu zuen, 2012ko martxoan. 2013ko uztailean berriro ezezkoa jaso zuen; Estatuaren abokatuak zioen ez zegoela daturik ekintza "terroristatzat" jotzeko.

Familiaren abokatu Luis Danborenearen ezbehar baten ostean, 2013ko irailean Iñigo Iruin hartu zuten lan haietarako. Administrazioarekiko auzietako helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Nazionalean. Iruinek idatzian eskatu zuen atzera botatzeko Barne Ministerioaren erabakia, arestian aipatutako "frogak" aurkeztuz "izaera terroristako" atentatua izan zela argudiatuta. "Terrorismoaren" biktima gisa aitortzeko eskatu, eta 251.168,2 euroko kalte-ordain eskaera egin zuen. Era berean, Ferrolgo (Galizia) artxibo militarrean kasuaz legokeen txostena galdegin zuen. 

2014ko maiatzean Auzitegi Nazionalak baztertu egin zuen Ferrolgo txostenari buruzko eskaera. Iruinek erabaki haren aurkako helegitea sartu zuen ekainean, eta irailean berriro ukatu zioten. Auzitegiak zioen juridikoki ez dela "beharrezko froga". 

Aurtengo ekainean Auzitegi Nazionalak, epai bidez, atzera bota zuen kalte-ordain eskaera. Haren arabera, ez dago datu objektiborik "terrorismo" ekintza izan zela esateko; atentatuaren aldarrikapena ez zen orduan bertan egin, urtebetera baizik; eta garai hartan ez zegoen "ETAren inguruaren" kontrako taldeak zeudela esateko moduko daturik. Iruinek dio beti egoten dela aurrenekoa den kasu bat. "Gainera, garai hartan erasoak izan ziren Etxabe familiaren aurka, Hegoaldean eta Iparraldean ere bai beste batzuk, eta 2011ko legeak dio ez dela zertan talde bat egon helburu terrorista duen ekintza bat egiteko".

Iruinek berak 1994an Tolosan emandako hitzaldi batean bi epe bereizi zituen "estatu terrorismoaren" barruan: lehena, frankismoaren azken urteetan sortua, zehazki 1975 erdian hasi eta UCDren gobernuaren aroan garatutakoa; eta bigarrena, 1983an hasi eta PSOEren gobernuaren garaietan garatu zena. Halaber, bi "terrorismo" mota bereizi zituen abokatuak: "inkontrolatua" ―eskuin muturreko taldeek eta polizia zein militarrek zerbitzuz kanpo egiten zutena― eta "mertzenarioa" ―beste norbaiten aginduetara diru truke egindakoa―.

"Auzitegi Nazionalaren kontraesana"

Joan den irail hasieran Iruinek Auzitegi Nazionalera jo zuen, hango bidea agortzeko baliogabetasun gertakaria aurkeztuz, Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluan oinarrituta "defentsarentzat frogarako eskubide urraketa" egon dela arrazoituz —oinarrizko eskubidea da—. "Ez didate utzi kasua ikertzen". Auzitegiak ez zuen aintzat hartu, eta abokatuak irailaren 23an, prozeduran Auzitegi Gorenera jotzeko urratsa gaindituz —han kasazio helegitea aurkezteko helegite eskaerak 600.000 eurotik gorakoa izan behar du—, Konstituzionalean babes helegitea aurkeztu zuen, arrazoi beragatik. Babesa lortuz gero, Auzitegi Nazionalak Ferrolgo artxiboak eman beharko lizkioke abokatuari, kasua ikertzeko.

Iruinek Espainiako Estatuaren jarrera "salatu" du, eta nabarmendu auzitegiak "kontraesan" bat duela: "2014an esan zuen Ferrolgo txostena ez dela froga beharrezkoa, eta aurtengo sententzian dio Kanpazarkoa atentatu terrorista izan zela esateko frogarik ez dudala aurkeztu, ikertzen utzi ez didatenean".

---------------

"BERRIZ HILTZEA DA HAU"

Olatz, Aitor eta Ainhoa Etxabek 40 urte daramatzate aitarik gabe. Hil egin zieten, etxean bertan. Biktima moduan onartzeko jo dute Barne Ministeriora, jo Auzitegi Nazionalera. Erantzun bera beti: ezezkoa.

Maria Angeles Okina zuen emaztea Iñaki Etxabek, eta Olatz, Aitor eta Ainhoa seme-alabak. Kanpazarko ostatuan bertan bizi ziren bostak, Iñakiren anaia Luisekin batera. Beste bost anaia eta bi arreba zituen hark, eta hura zen zaharrena. 39 urte zituela hil zuten, tiroz, hantxe.

Ostalaritzari lotutako familia zen etxabetarrena, eta da. Kanpazarko negozioa ondo zihoan orduan –duela hilabete batzuetatik itxita dago–. Pasoko lekuan dago, Arrasate, Elorrio eta Elgeta arteko gain batean, eta, artean ez zeudenez errepide berri hauek, oso handia zen trafikoa inguru haietan. "Gurean jende asko geratzen zen bazkaltzeko eta", dio Aitor Etxabek (48 urte). "Baina bestela ere izaten zen jendea, ugari. Adibidez, astebururo izaten genituen ezkontzetako bazkariak edota afariak".

Tabernan bertan 40 lagunentzako tokia zuten jateko, eta barruan, beste 70-80rentzat. Goian, berriz, hamahiru logela; normalez, ez zituzten erabiltzen. Iñaki Etxabek mostradorean egiten zuen lan. Gazteagoa zela, futbolean ere aritzen zen, atezain. Aretxabaletako UDA taldean jokatu zuen, kasurako, eta Luis anaiak kontatu du Alavesek fitxatu zuela. Txirrindulariekin ere bazuen harremanik, Txomin Perurenarekin eta. "Iparraldera osabengana joaten ginenean, perurenatarren tabernan geratzen ginen, Astigarragan", gogoratu da Olatz Etxabe (50 urte). Bada argazki bat Txomin Perurena eta Iñaki Etxabe Kanpazarren ageri direna, aurrena Fagor taldean zenekoa.

Bi anaia iheslariak zituen, eta beste bat zinegotzi izan zen Arrasaten; Iñaki Etxabek berak ez zuen militantzia politikorik. Kartzelan egona zen, 1968an, ETAk orduko abuztuaren 2an Irunen Meliton Manzanas poliziaburua hil zuenean. Luis anaiarekin-eta abuztuaren 5ean sarekada batean atxilotu, eta Donostian Martuteneko kartzelan une batez egon ostean, Basauriko espetxean eduki zuten hilabete inguruan.

Etxabetar sendiaren aurkako "fijazioa nabarmena" zen, Luisek dioenez. Haien aurkako atentatuak dira horren "froga". 1975ean, urriaren 5ean Iñaki Etxabe hil aurretik, bost pairatu zituzten, eta haietatik Kanpazarko ostatuan bertan, bi. Gogoan ditu biak Luis Etxabek. "Tabernaren aurka bonba jarri ziguten behin, baina ez zuen txikizio handirik egin. Besteaz gehiago akordatzen naiz, tabernaren kanpoaldea metrailatu zutenekoa. Komun barruan sartu nintzen, eta gero, atarira atera ginenean, ehun bala zorro topatu nituen". Luis Etxaberen ustez, erasotzaileek zerbait egiten zuten Kanpazarko txakurrak isilarazteko.

Erasoak zirela eta, bizitzera Arrasatera jaistea erabaki zuten, Olatzek kontatu duenez. "Ikusita zer gertatzen ari zen, familiak beldur handia zeukan; nik ez, 10 urte nituelako. Erabakita geneukan Kanpazar uztea eta Arrasatera jaistea bizitzera, eta han beste jatetxe bat zabaltzea. Urte hartako azaro aldera ginen joatekoak, eta ilusio handia nuen nik. Orduan goizetan gure aitak jaisten gintuen ikastolara, eta amama baten etxean bazkaltzen genuen. Arratsaldean, berriro ikastolara, eta ondoren aitarekin igotzen ginen Kanpazarrera. Asteburu osoan, han. Banuen, beraz, herrian lagunekin-eta denbora gehiago pasatzeko gogoa. Arrasatera bizitzera jaitsi aurretik hil ziguten aita".

Atzo 40 urteko gau hartan Iñaki Etxaberen emaztea eta hiru umeak ohean zeuden. 23:00etan tirokatu zuten. Esnatuta zegoen Olatz. "Ohean lo ezin hartuta nengoen, eta entzun nituen tiroak. Jaitsi nintzen tabernara, eta aita lurrean ikusi nuen, odoletan". Seme-alaben artetik Olatzek du aitaren oroitzapen gehien. Aitorrek 8 urte zeuzkan, eta akordatzen da garajeko jolas eta ikastolako kontu batzuekin, "baina askoz gehiagorekin ez". Ainhoak (44 urte) buruan ez du "ezer", 4 urte baizik ez zituelako.

"Ez dugu amore emango"

Espainiako Estatuak berehala itxi zuen hilketaren kasua, eta gaia hamarkadatan geldirik egon zen, harik eta duela hamabost urte pasa sendiak biktimatzat onartzeko eskaera egin zuen arte Barne Ministerioan. Ezezkoa. Auzitegi Nazionalera ere jo, eta ezezkoa. "Hau berriro hiltzea bezala da", salatu du Aitorrek. "Eskatu biktima gisa onartzeko eta ezetzak jasotzea berriro hiltzea bezala da", dio berriz ere. "Gainera, frogak egon arren, esatea ez dagoela halakorik, ezin dela hartu terrorismo ekintza baten moduan... Barrua mugiarazten dizute biktimen legea-eta aterata, animatzen zara eskaera egitera, eta zertarako eta berriro beste kolpe bat jasotzeko ezezkoekin".

Aitorrrek dio ez dutela etsiko. "Ez dugu amore emango gu biktimatzat aitortu arte. Badakigu oso zaila dela. Eta hori baino zailagoa da hilketa bera argitzea; ezinezkoa da, estatuak ez duelako bere buruaren kontra egingo. Begira nola dabiltzan oraindik 1936ko gerran lurperatutako hilotzekin; hor eman da pausorik eta aldaketarik, baina oztopo handiak daude. Gainera, gurea auzitegietan argituko balitz, zabaldu egingo litzateke estatu terrorismoaren atea, eta...".

(BERRIAko papereko erreportajearen bertsio luzea da hau)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna