POLITIKA

Etxe barruan ezin argia topatu

Bi urte eta erdi daramatza Arantza Quirogak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidentetzan. Elkarbizitzari buruzko lantaldearen harira eragindakoa ez da izan haren agintepean EAEko PPk izandako aurreneko liskarra.

Arantza Quiroga, ekainaren 13an, PPk Gasteizko alkatetza galdu ondoren.
Arantza Quiroga, ekainaren 13an, PPk Gasteizko alkatetza galdu ondoren. Raul Bogajo / Argazki Press

Jon O. Urain -

2015eko urriak 8

Batez ere 2009-2012 legealdian Eusko Legebiltzarreko presidente izateatearen indarrak hauspotuta, Arantza Quirogak 2013ko maiatzean hartu zuen PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidentetza, Antonio Basagoiti karguan ordezkatuz. Basagoitik berak aukeratu zuen Quiroga ordezko gisa, eta ibilbide zaila izan du bi urteotan.

Oiartzabalen ordez, Llanos

Presidente karguan hasi berritan, Basagoitiren ildoari jarraituko ziola azaldu zuen Quirogak, baina PPko Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendaritza bere erara moldatu izanak sortu zizkion aurreneko arazoak. 2014ko martxoan egin zuen alderdiak kongresua, eta EAEko PPko presidente batek aspaldian jasotako babesik txikienarekin (%73) berretsi zuten karguan.

Quirogak barkamena eskatuz hasi zuen bere hautagaitzaren aurkezpena kongresu hartan: "Zuetariko bakoitzari barkamena eskatuz hasi nahi dut. Prozesu zail honetan mindu zareten guztioi, baina, batez ere, gure alderdiaren siglei kalte egiteagatik". Izen-abizenak izan ziren krisi haren erantzule; Quirogak Nerea Llanos izendatu zuen idazkari nagusi, kargu horretan ziharduen Iñaki Oiartzabal baztertuz. Horrek, aldi berean, haserrea eragin zuen Arabako PPn.

Zerrendaburuak eztabaidagai

Aurtengo maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko zerrenden osaketak berriro utzi zituen agerian PPren barne eztabaidak; bereziki, Donostiako zerrenda egiterakoan. Udal bozetarako Miren Albistur aurkeztu zuen PPk zerrendaburu Gipuzkoako hiriburuan, ordura arte taldeko buru izan zen Ramon Gomez baztertuta. EAEko presidenteari zegokion zerrendaburua aukeratzea, eta, Borja Senper Gipuzkoako PPko presidentearen irizpidearen kontrara, Albisturren alde egin zuen Quirogak.

Erabaki horrek sumindu egin zuen Senper. PPko Gipuzkoako hauteskunde batzordeak Gomez babestu zuen hautagai gisa, Gipuzkoako zuzendaritzaren oniritziarekin. Senper prest agertu zen Gipuzkoako alderdiko presidentetza uzteko, baina ez zuen urrats hori egin. Orain, Espainiako Kongresurako PPko Gipuzkoako zerrendaburu izango da ziurrenik Senper.

Hauteskundeek, gainera, galera eragin zuten alderdian; sei zinegotzitik bira jaitsi zen PP Donostian, eta, lehen indarra izan arren, alkatetza galdu zuen Javier Marotok Gasteizen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 102.202 boto eskuratu zituzten foru hauteskundeetan; 44.527 boto gutxiago, 2011koekin alderatuz gero.

Elkarbizitza lantaldea

Elkarbizitzaren alorrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk eginiko proposamenak eragin du Quirogaren agintearen hirugarren krisia. Eusko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitza lantaldea etenda dagoela-eta —PSE-EEk, PPk eta UPDk parte hartzeari uko eginda—, horren ordez Askatasun eta Elkarbizitza lantaldea osatzea proposatu zuen Quirogak. Bertan, gaitzespen hitza baztertu eta indarkeria "arbuiatzea" proposatu zuen PPk.

Madrildik kritika oldea heldu zaio Quirogari ekimenaren harira; alderdikide ugariren nahiz biktimen zenbait elkarteren aldetik. Are gehiago EH Bilduk "abiapuntu egokitzat" jo ostean. Presioek bultzatuta, atzera egin, eta proposamena erretiratu du, EH Bilduk "garaipen gisa" hartu duela argudiatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna