Quirogaren dimisioa

Quiroga joanda, haren ordezkoa lehenbailehen izendatu nahi du PPk

PPko EAEko presidente izandakoa 19 urte zituela sartu zen alderdiaren gazte erakundean, eta 42 dituela eman du dimisioa buruzagitzatik. Askatasuna eta Bizikidetza lantaldea sortzeko mozioa "mila aldiz" aurkeztuko lukeela eta PPk "elkarbizitzaren abangoardia" izan behar duela esan du. Ostegunean egingo dute bilera Llanos, Alonso, Danborenea eta Senperrek.

Arantza Quiroga, EAEko PPren presidente kargua utzi duela jakinarazteko egin duen agerraldian, Donostian. /
Arantza Quiroga, EAEko PPren presidente kargua utzi duela jakinarazteko egin duen agerraldian, Donostian. / Andoni Ortuzar/@andoniortuzar

Hodei Iruretagoiena - Jon Olano -

2015eko urriak 14

Alfonso Alonso, Anton Danborenea eta Borja Senper Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak ostegunean batzartuko dira Nerea Llanos PPko EAEko idazkari nagusiarekin, eta, Europa Press agentziaren arabera, ez da baztertzen bihar bertan Quiroga ordezkatzeko proposamenen bat adostea. PPko iturriek azpimarratu dute "lehenbailehen" topatu nahi dutela haren ordezkoa, alderdi barneko krisia ixteko.

"Ez ditugu etorkizuneko indarkerien haziak erein behar, bizikidetzarenak baizik", adierazi du Arantza Quiroga orain arteko EAEko PPko presidenteak. Bere lanaz harro agertu da Quiroga: "Mila aldiz aurkeztuko nuke Askatasuna eta Bizikidetza lantaldea sortzeko mozioa". Azken bi urteetan EAEko PPn trantsizioa egiten ahalegindu dela dio, "erresistentziatik eragina izatera" pasa behar zutela, baina aitortu du ez duela lortu. Mozioa lan horren "azken tanta" izan dela adierazi du. PP "terrorismoaren kontrako abangoardia" izan dela eta orain "bizikidetzarena" izan behar duela uste du.

Mozioa erretiratzeko orduan, Quirogak azaldu zuen ez zela horretarako unea, EH Bilduk haren garaipen gisa irudikatu zuelako. Gaurkoan, ordea, bestelako arrazoiak eman ditu. "Mozioa erretiratzeko eskatu zidaten; agerikoa da". "Egunkariren baten" tituluak ere aipatu ditu, EH Bildurekin akordioa egitea leporatu ziotela eta. Ez du atzera bota EH Bilduri buruz esandakoa, baina hala zehaztu du: "Ez da justua EH Bilduren jarrerari bakarrik egoztea hori gertatu izana".

Barkamena eskatu die alderdikideei, baita bere jarrera "ulertu ez duten biktimei" ere. Horrekin batera, alderdiari "ausardia" eskatu dio. "Gu gara ekarpen gehien egin dezakegunak etorkizuneko bizikidetzan". Bakea "betebehar" gisa hartu duela azaldu du, eta horretarako tresna zela mozioa. Lehenago edo geroago elkarrizketa beharko dela esan du: "Konbentzituta nago hori dela bidea, eta horrela egingo dela".

Eskerrak eman dizkie Quirogak alderdikideei berarekin izan duten jarreragatik, eta hogei urteotako ibilbidea goratu du. "Garrantzitsuena ez da ni banoala, baizik PPk jarraitzen duela". Bere kargua utzi badu ere, aurrerantzean ere alderdiko militante izango dela ziurtatu du.

Ibilbide luzea PPn

Arantza Quiroga Cia (Irun, Gipuzkoa, 1973) Zuzenbidean lizentziaduna da. Hemeretzi urterekin sartu zen PPko gazte erakundean, eta 21ekin heldu zen lehen kargu publikora; 1995ean izan zen, hauteskundeetan Irungo zinegotzi aukeratuta. 1998an aukeratu zuten lehen aldiz eusko legebiltzarkide, eta harrezkero bertan jardun du.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko akordioan, PPk eta PSEk adostu zuten Quiroga izatea legebiltzarreko presidente, eta zeregin horretan aritu zen 2009-2012 legealdian. Kargu horrek hauspotuta, Arantza Quirogak 2013ko maiatzean hartu zuen PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidentetza, Antonio Basagoiti karguan ordezkatuz.

Katolikoa da, eta abortuaren eta antisorgailuak erabiltzearen aurka mintzatutakoa da Quiroga. Gai horien inguruko iritziak direla-eta, ideologikoki PPren ildo kontserbadoreenean kokatu izan dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna