EUSKARA

Euskarazko akten aldeko epai guztiei helegitea jartzen ari da Urkijo

Alegiko Udalaren aldeko ebazpenaren aurka jo zuen lehenik, eta atzetik ari da gainerako herrien kontra, Uemak jakinarazi duenez.

Carlos Urkijo, artxiboko irudi batean./
Carlos Urkijo, artxiboko irudi batean./ ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko urriak 16

Euskarazko akten auzian ez du atzera egiteko asmorik agertu Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak: helegiteak jartzen ari da euskarazko akten aldeko ebazpenei.

BERRIAk orain bi aste aurreratu zuen pauso horiek ematen hasia zela Urkijo, Alegiako Udalaren aldeko epaiari helegitea jarri baitzion. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak jakinarazi du euskarazko akten aldeko epai guztiei ari dela helegitea jartzen gobernu ordezkaria; Amezketako, Gaintzako, Aramako, Bergarako eta Elgetako udalen aldeko epaien aurka jo du jadanik.

Dozena erdi bat udalek jaso dituzte aktak euskaraz bidaltzearen aldeko epaiak; Donostiako auzitegiarenak dira guztiak. Bada beste bat, Bilboko auzitegiarena, aurkakoa: Lekeitioko Udalari ez dio onartu euskaraz egitea.

Legea nola interpretatu, hortxe dago bi auzitegien arteko diferentzia. Donostiako auzitegiak bere egin ditu azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzak agertutako argudioak: erakunde publikoek hizkuntzari dagokionez betebeharrak dauzkatela, ez eskubideak, eta, beraz, Urkijok ezin diola udal bati agindu aktak zein hizkuntzatan bidali. Are, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariari igorri behar zaizkionez agiri horiek, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabil litekeela uste du Donostiako epaileak; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dutenez eragina, balioa dutela euskarazko aktek —Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren muga hori da: euskara ofizial den eremurako izatea aktak—.

Bilboko auzitegiaren arabera, baina, aktek izan dezakete eragina EAEtik at ere, eta, beraz, nahitaezkoa da gaztelaniara itzultzea.

Beste desberdintasun bat: Donostiako epaileak Urkijori egotzi dio euskararen ofizialtasuna dudan jartzea, ez-hartutzat jotzen dituelako euskarazko dokumentuak. Bilboko epailearen arabera, aldiz, euskaraz egiten dutenen ardura da hori, erakundeen arteko lankidetza printzipioari jarraituz.

Elkarren artean hain kontrakoak diren bi epai ikusita, segurtasun juridikorik ezaz ohartarazi du Uemak: «Ezin dugu auzitegi batean haizeak nondik jotzen duen edo epaile batek zer-nolako eguna izan zuen zalantzan ibili, kezkaz». Udal Legean euskaraz egiteko eskubidea txertatzea nahi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna