hegazkin istripua

224 lagun hil dira Egipton izaniko hegazkin istripuan

Errusiako eta Egiptoko gobernuek gezurtatu egin dute EIren eraso bat izan denik. Sant Petesburgora zihoan hegazkin errusiarra. Aireratu eta laster izan du ezbeharra.

Egiptoko armadako soldaduak, istripuan hildakoen gorpuak anbulantzietan sartzen. STR, EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko urriaren 31
09:09
Entzun

Egiptoko Gobernuaren eledun Mohamed Samirrek eta Errusiako Garraio ministro Maksim Sokolovek ukatu egin dute 224 lagun hil diren hegazkin istripua Estatu Islamikoak egin duela. Izan ere, EIren Egiptoko adar Wilayat Sina taldeak bere gain hartu du erasoa, sare sozialen bitartez. Bideo bat zabaldu dute, hegazkin bat nola jausten den ikusten dena. Agintariek ez diote sinesgarritasunik eman bideoari. Ikerketek beren bidea egin dezaten itxaron behar dela gaineratu dute. Hainbat hedabideren arabera, arazo tekniko bategatik gertatu bide da istripua.

Kaxa beltzak topatu dituzte, eta horiek aztertzeari ekingo diote datozen orduetan.

Xarm el-Xeikhko aireportutik irten eta hogei minutura harremana galdu dute istripua izan duen hegazkinarekin, 07:14an. Ordu batzuk geroago, Sinai penintsulan aurkitu dituzte 217 bidaiari eta eskifaiaren zazpi kide zeramatzan hegazkin errusiarraren arrastoak. Hain zuzen, Sant Petesburgoko aireportua zuten helburu.

Bidaiari guztiak eta eskifaia osoa errusiarrak direla baieztatu du Errrusiako Egiptoko enbaxadak. Bidaiarietatik 17 haurrak ziren. Guztiak hil egin direla baieztatu dute Errusiako Gobernuaren berri iturriek. Dagoeneko 129 gorpu erreskatatu dituzte.

Toki malkartsuan erori da hegazkina. Interfax berri agentziaren arabera, hegazkina "txikituta" dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.