EUSKARA

Zuzenketez gain, euskara baturako era hobetsiak ere baditu Xuxenek

Euskarazko zuzentzailearen bosgarren bertsioa Interneten eskura jarri dute Elhuyarrek eta IXAk: dohainik da. Eguneratu egin dute datu basea.

Xuxen-5, Euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren azken bertsioa aurkezpena./
Xuxen-5, Euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren azken bertsioa aurkezpena./ Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko azaroak 10

Orain hogei urte baino gehiago jarri zuten martxan euskarazko testuetarako Xuxen zuzentzailea, eta azken bertsioa aurkeztu dute Elhuyarrek eta Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldeak.

Gaurkotu egin dituzte zuzentzailearen datu baseak; Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eta Elhuyarren hiztegiak hartu dituzte horretarako. Hiru zuzenketa klase egingo ditu Xuxen berrituak:

1. Akats ortografikoak. Oker idatzitako hitzak gorriz azpimarratzen ditu, eta ordain zuzena proposatu, azken arauetara egokituta. Adibidez, konbidatu hitzaren partez, gonbidatu jartzeko esaten du.

2. Hobetsiak. Euskaltzaindiak onartutako hitzak baina Hiztegi Batuan beste forma hobetsi bat dutenak azpimarra berdearekin agertuko dira. Adibidez, ainitz hitza azpimarratuko du berdez, eta anitz emango du hobetsi gisa.

3. Akats gramatikalak. Berdez azpimarratuko ditu akats gramatikalak ere, eta ordezkoa proposatuko du. Adibidez, ikusiko gara beharrean ikusiko dugu elkar proposatuko du.

Xabier Artola IXA taldeko kideak nabarmendu du “kritikotasunez” hartu behar direla Xuxenek egindako proposamenak. "Erabiltzaileak kasuan-kasuan erabaki beharko du men egin edo ez".

IXA taldeko eta Elhuyarreko kideek nabarmendu dute azken urteotan "ezinbesteko tresna" bihurtu dela Xuxen euskarazko testuak egiten dituztenentzat. Beste proiektu batzuk ere esku artean dituztela iragarri dute; esaterako, sakelako telefonoetarako bertsio bat egitea.

Xuxen 5 Microsoft Officen erabiltzeko prest dago, eta dohainik deskarga daiteke. Horrez gain, beste sistema batzuetan txertatzeko pluginak berritu dituzte, zuzenketa ortografiko eguneratuak egiteko. Hemen daude guztiak: http://xuxen.eus/eu/bertsioak 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna