Albistea entzun

ATENTATUA PARISEN

Kilometro bakarra aski

Frantziako hiriburuaren bihotza jarri dute erasotzaileek berriro jo puntuan. Sarraskiak Errepublika Plazaren alboko karrikak hartu ditu, Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzatik kilometro eskasera.

Kilometro bakarra aski
Kilometro bakarra aski

Oihan Vitoria -

2015eko azaroak 14

Hutsik daude orain Parisko karrikak, baina bete-beteak, jendez borborka, zeuden atzo gauean, erasoak gertatu zirenean. Frantziako hiriburuaren bihotzean jarri dute erasotzaileek mira, berriz ere, justu jende gehien biltzen duen distrituetako batean: Errepublika Plazaren alboko kaleetan, Mariannen begiradapean. Paradoxikoki, Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzatik kilometro bakarrera. Ez dute zoriz hautatu.

Sindikatuen protestak, gobernuaren kontrakoak, Palestinaren aldekoak... Orotariko elkarretaratzeen topaleku da Errepublika Plaza; toki aski sinbolikoa frantziarrentzat, baita turistentzat ere. Handik abiatu zen, halaber, iragan urtarrilean Charlie Hebdo kazetaren aurkako atentatua arbuiatzeko manifestazio jendetsua. Hollande, Merkel, Rajoy, Netanyahu eta enparauek Boulevard Voltaire etorbidean barna egin zuten Nation Plazara arteko bidea. Nork pentsatuko luke hilabete batzuk geroago hura bihur litekeela sarraskiaren epizentro, dozenaka gorpuren joan-etorriaren eta herritarren elkartasun oldearen lekuko.

Inguru hori, oro har, moda-modan dago Parisen, sekulako goraldian, gazteen artean batez ere: Saint Martin kanala, diskotekak, antzokiak eta areto berritzaileak daude inguruan. Tartean, Le Bataclan, kafe antzoki baten gisako aretoa, Frantziako Iraultzaren gotorleku izaniko Bastille plazatik gertu; hortxe ari zen kontzertua ematen atzo Eagles of Death Metal taldea, erasotzaileak armekin sartu, eta ikusleak banan-banan akatzeari ekin ziotenean. Erabilera anitzeko lokala da Le Bataclan: Hollandek, esaterako, han egin zuen iaz PS alderdi sozialistaren ekitaldi bat.

Ez da kasualitatea

Saint Denis distritua, berriz, aski gatazkatsua da betidanik, gauez bakarrik gurutzatzea gomendatzen ez duten horietakoa. Parisko erdigunetik bederatzi kilometro pasatxora, droga trafikoaren aurkako operazioak egin ohi ditu Poliziak, eta tiro hotsak ere usu entzuten dira. Barrutira iristearekin batera antzeman daiteke giroa ez dela batere atsegina; alegia, erabat aldentzen dela Parisko erdigunekotik.

Stade de France estadioaren inguruak, ordea, lasaiagoak dira; barrutiaren kanpoaldean dago estadioa, Montmartre auzotik gertuago, eta han jokatzen dituzte Frantziako futbol eta errugbi taldeek etxeko partidak. Auto ekitaldiak eta kontzertu jendetsuak egiten dituzte maiz. Hiritik zertxobait urrun egonagatik, ekitaldi bakoitzean 80.000 lagunetik gora biltzen dira, eta atzokoa ez zen salbuespena izan: goraino bete zen estadioa Frantziaren eta Alemaniaren arteko lagunarteko partida ikusteko. Hollande presidentea ere han zen, eta erasotzaileek hori aprobetxatu zuten oihartzuna lortzeko eta beldurra haizatzeko.

Besteak beste, zinema aretoak, merkataritza zentroak, jatetxe prestigiodunak eta tabernak daude inguruan. Hain justu, horietako batean leherrarazi zituzten atzo hiru lehergailu, eta hiru pertsona hil eta 60 zauritu; estadioaren barnealdetik entzun zitezkeen bonba hotsak. Izan zitekeen, bai, baina ez, ez da kasualitatea erasotzaileek toki horien kontra egin izana, eta Paris berriro jo puntuan jarri izana.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Israelgo larrialdi zerbitzuetako langileak eta Polizia, atzo, erasoa gertatu zen lekuan, Jerusalem ekialdeko sinagoga batetik gertu. ©ATEF SAFADI / EFE

Pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil ditu Jerusalemgo sinagoga batean

Mikel O. Iribar Mikel Elkoroberezibar Beloki

Israelgo armadak ustezko egilea hil du, eta erasoa «terroristatzat» jo. Hamasek ekintza goratu du, bere gain hartu gabe. Palestinak bost suziri jaurti ditu Gazatik Israelera, eta Israelek Gaza bonbardatu du
Jende andana Eskoziako trans legearen proiektuaren aldeko protestan, joan den astean, Londresen. ©ANDY RAIN / EFE

«Blokeoaren atzean asmo politikoak daude»

Maddi Iztueta Olano

Erresuma Batuko Gobernuak trans legea blokeatzeak hautsak harrotu ditu Eskozian. Florence Oulds ekintzailearen arabera, prozesu demokratiko bat eten dute. Uste du trans komunitatea ez ezik beste herritarrak ere «oso haserre eta minduta» daudela.
Ehorzketa etxe bateko bi langile droga trafikatzailea zelakoan hil zuten pertsona baten gorpua eramaten, Manilan, 2021eko irailean ©ROLEX DELA PENA / EFE

NZAk berriz ireki du Filipinetako drogaren kontrako gerrari buruzko ikerketa

Ander Perez Zala

Auzitegiak fiskaltzaren eskaria onartu du, argudiatuta Manilak harturiko erabakiak ez direla nahikoa izan. Duterteren agintaldian 30.000 lagun hil zituzten, giza eskubideen aldeko erakundeen arabera.

 ©Paolo Aguilar/ EFE

Dina Boluarteren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute

Berria

Peruko Kongresuko zenbait kideren arabera, presidentea «ez da gai» kargu horretan jarduteko

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...