MIKEL ZABALZARI OMENALDIA

Familia handi baten sugarra

30 urte dira Mikel Zabalza hilik agertu zela, Guardia Zibilak atxilotu ondoren. Omenaldi hunkigarria egin diote Garraldan, eta lehenbizikoz Nafarroako lehendakaria joan da.

Uxue Barkos, Zabalza zenaren irudiari lorea eskaintzen.
Uxue Barkos, Zabalza zenaren irudiari lorea eskaintzen. IƱigo Uriz / Argazki Press

Iker Tubia -

2015eko azaroak 22

Heriotzaren 30. urteurrenaren harira, omenaldia egin diote Mikel Zabalza zenari, Garraldan (Nafarroa). Senitartekoek, lagunek eta udal ordezkariek antolatu dute ekitaldia: 12:30ean, kiroldegian. Lehen aldiz, Nafarroako Gobernuko presidente batek ere parte hartu du: Uxue Barkosek.

Omenaldian, lore eskaintza egin dute Zabalza zenaren irudiaren aurrean familiakoek, lagunek, eragileek eta Barkosek. Senideak malkoak begitan igo dira oholtzara loreak eskaintzera, txalo artean. Aurretik, Txema Estebanek tortura irudikatu du txalapartaren hotsari jarraiki, eta bi emakumek dantza eskaini diote Zabalzari. Hainbat lagunek hartu dute hitza: lankideek, senideek, garaiko adiskideek, ezagunek, inguruko herrietako pertsonek eta auziari lotutakoek. Hain zuzen ere, Ion Arretxerena izan da solas gogor eta gordinetako bat. Hura ere atxilotu eta torturatu zuten Zabalzarekin batera. "Nik ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina Mikel Zabalza ezagutzen dut.Badakit bizitzea maite zuela", esan du. "Nik ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina beti gogoratuko dut Mikel Zabalza, eta maite dut Mikel Zabalza".

Senideek hitza hartu dutenean, egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute. Horrekin batera, hura berriro ez gertatzeko bermea ere exijitu dute. Nafarroako Gobernuari babesa eskertu diote, aitortzarako bidean urrats sendoa delakoan. Gainera, indarkeria bakarra egon delako kontakizuna alde batera utzi, eta bertsio guziak bilduko dituen kontakizun anitz baten alde egin dute.

Hilaren 29an ere beste ekitaldi bat egingo dute Altzan (Donostia).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna