MIKEL ZABALZAREN AUZIA

Egia eta justizia aldarriak ez du etenik Mikel Zabalza hil eta 30 urtera

Ostegunean bete dira 30 urte Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilo hartu zuela. Handik hogei egunera agertu zen haren hilotza, Bidasoa ibaian.

Berria -

2015eko azaroak 26

1985eko azaroaren 26ko goizaldean, Donostian, Guardia Zibilak Mikel Zabalzari ETAko kide izatea egotzi eta atxilotu egin zuen. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan.

Familiak inoiz ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Orbaizetako gaztearen herrikideek ere ez. Zabalzaren hilketak bereziki ukitu eta hunkitu zuen herri hori, baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak. Euskal Herri osoan salatu zuten herritarrek gertatu zena. Euskal Herri osoa jo zuen Zabalzaren heriotzak.

30 urte geroago, harentzat egia eta justizia aldarrikatzen jarraiten dute. Joan den larunbatean, omenaldi hunkigarria egin zioten Garraldan, eta, lehenbizikoz, Nafarroako lehendakaria joan zen. Gaur bertan, Donostiako Udalak Zabalzaren inguruko mozio bat onartu du, EAJk, EH Bilduk eta Irabazik babestuta. Abstenitu egin da PSE, eta kontra bozkatu du PPk.

Gainera, Mikel Zabalzaren auzian oinarrituta, Euskal Herrian torturak izan duen eraginari buruzko dokumentala ari dira egiten, Galdutako Objektuak izenburupean. Lana aurrera eramateko, 15.000 euro bildu nahi dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna