Kronologia

2005eko urriaren 19a
10:12
Entzun
1999

Urria: Irlandako ESB enpresak Zornotzako Boroa auzoan eraiki nahi zuen ziklo konbinatuko argindar plantaren aurreproiektua aurkeztu zuen.

Azaroa: Aurkako taldeek 800 alegazio aurkeztu zituzten.

2000

Martxoa: 500 bat lagunek Zornotza Bizirik taldea sortu zuten, zentralaren kontrako ekimenak antolatzeko.

Apirilaren 8a: 7.000 lagun inguruk parte hartu zuten zentralaren kontrako lehen manifestazioan, Zornotza Bizirik-ek deituta. Taldeak hamalau antolatu ditu urteotan.

Maiatzaren 30a: Zornotzako Udalak zentralari baimenik ez ematea erabaki zuen, udal hirigintza araudia urratzen zuelako: ezin zen hamar metrotik goitiko eraikinik egin. Josu Jon Imaz orduan Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua argia izan zen: "Zentralaren sustatzaileek beste kokaleku bat bilatu beharko dute".

2001 Urtarrilaren 8a: Bizkaia Energia elkarte pribatuak lehiaketara atera zituen zentralaren eraikuntza lanak, Zornotzako Udalaren eraikuntza baimenik ez zuen arren.

Urtarrilaren 9a: Proiektuaren kontra zegoela berretsi zuen Begoña Azarloza alkateak.

Martxoaren 16a: Espainiako Gobernuak bideragarritzat jo zuen proiektua. Ingurumenean izango zuen eraginaren txostena onartu zuen.

Martxoaren 27a: Zornotzako zentrala «beharrezkoa, egokia eta ona» zela esan zuen Bizkaiko Lehendakaritza diputatu Jose Luis Bilbaok.

Ekainaren 20a: Espainiako Ekonomia Ministerioak zentrala eraikitzeko baimen administratiboa eman zion ESBri. Zentrala eraikitzeko erabakia Zornotzako Udalari zegokiola esan zuen Imazek.

Irailaren 13a: Begoña Azarloza alkateak zentrala jartzeari buruzko herri galdeketaren deialdia egin zuen lehenengo aldiz.

Azaroaren 27a: Zornotzako Udalbatzak zentralari buruzko galdeketa egitea erabaki zuen. Galdera: Ados al zaude ziklo konbinatuko zentrala Boroan jartzearekin edo ez? Emaitza proiektuaren kontrakoa izanez gero, Udalak Boroako industrialdean baimendutako erabilerak aldatzeko prozedura bultzatzea onartu zen, erabilera energetikoak kentzeko asmoz. Hala ere, aldaketa Bizkaiko Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak ere onartu beharko zuketen. Idoia Zenarruzabeitia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak galdeketa ez zuen gogo onez hartu: "Ez da ona horrelako mekanismoekin hastea". Euzkadi Buru Batzarraren esanetan, herri galdeketa egitea "erabaki txarra" zen, alderdiak onartu eta ontzat hartutako "irizpideen kanpokoa".

Azaroaren 28a: Euzkadi Buru Batzarrak prozesua abiatu zuen Begoña Azarloza alkatea eta EAJko sei zinegotzi alderditik botatzeko.

Abenduaren 20a: Zornotzako EAJk urtarrilaren 20ko galdeketako galdera aldatu zuen: Boroako industri gunearen erabilerak aldatu, eta indar elektrikoa sortzeko instalazioak erabilera ez onartuen barruan jasotzearekin ados zaude?

Abenduaren 27a: Zornotza Bizirik-ek zentralari buruzko galdeketan ez parte hartzea erabaki zuen. EAJren eskariei men egitea eta herri galdeketatik iritzi inkestara pasatzea leporatu zioten alkateari.

2002 Urtarrilaren 16a: Begoña Azarloza alkateak bertan behera utzi zuen lau egun geroago egin beharreko iritzi inkesta, «babes politiko eta sozial faltagatik».

Urtarrilaren 17a: Udalbatzarrak iritzi inkesta bertan behera utzi zuen. Azarlozak ezkor hitz egin zuen: "Bakarrik gelditu gara legearen eremuen barruan auzotarrek iritzia emateko eskubidearen defentsan". "Porrot argia" izan zela onartu zuen.

Otsailaren 7a: Apirilaren 14an herri galdeketa egingo zuela iragarri zuen Zornotza Bizirik-ek, Udalak hasieran onartu zuen galderarekin.

Apirilaren 9a: ESBk iragarri zuen ez zuela aintzat hartuko herri galdeketaren emaitza. Philip Clarke enpresako zuzendariaren esanetan, enpresak ez zuen "inolako behar moral edo legalik" herritarren erabakia errespetatzeko. "Ez dugu zornotzarren borondatearen aurkako ezer egingo", esan zuen Jacinto Lobo ESBren eskumenekoa den Bizkaia Energiako arduradunak.

Apirilaren 11: ESBk legea betez gero zentrala jartzea onartu egin behar zela esan zuen Zornotzako EAJk. Bizkai Buru Batzarrak alkateari eta sei zinegotziri zabaldutako espedienteak ixteko borondatea azaldu zuen.

Apirilaren 14a: 12.500 zornotzarretatik 5.445ek (%43) parte hartu zuten herri galdeketan: 5.352k zentralaren kontrako botoa eman zuten (parte hartu zutenen %98k) eta 53k aldekoa. Emaitzak hainbat erreakzio eragin zituen. Josu Jon Imaz, Jaurlaritzako Industria sailburua: "Herritarren iritzia errespetatzen dugu, baina Euskadirentzat proiektu estrategikoa da eta, beraz, aurrera egingo du". ESB: "Emaitzek erakusten dutenez, herritar gehienek ez dute zentrala baztertzen".

Urriaren 8a: Zornotzako Udalak zentrala egiteko azken baimena eman zuen.

2004

Urtarrilaren 28a: EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu Zornotza Bizirik-en eskaera, zentralaren obrak behin-behinean gelditzeko.

2005

Urtarrilaren 29a: Zentralak gai toxikoen (tartean sodio nitratoa) 110.000 litro isuri zituen, horietatik 50.000 San Pedro ubidera, galdarak garbitzeko sistemaren hodi bat zulatu ostean. LABen esanetan, 200.000 litro isuri zituen eta 110.000 iritsi ziren San Pedro ubidera. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak enpresari zigor txostena irekiko ziola eta isuna jarriko ziola iragarri zuen.

Apirilaren 12a: Zornotzako zenbait herritarrek Ertzaintzari deitu zioten, zentrala martxan jartzeko proben ondorioz sortutako ke eta usainagatik kezkatuta. Keak eztarrian hazkura eragin zien hainbat herritarri. Udalak zentrala martxan jartzeko prozesua bertan behera uzteko agindu zion enpresari hasi eta 40 minutura, "halako proba batzuk ezin baitira egin herritarrei informazioa eman gabe". Bizkaia Energiaren esanetan, sortutako kea ez da kaltegarria.

Uztailaren 12a: Arratsaldeko 14:00etatik 14:15etara ETAk indar txikiko lau bonba zartarazi zituen Boroako ziko konbinatuko zentralaren inguruan. Bonbak indar txikikoak izanik, zentralaren inguruko hesiak belztu zituzten bakarrik. ETAk irailaren 19an hartu zuen bere gain Boroako ekintza, eta zornotzarren borondatea errespetatzeko eskatu zuen.

Abuztua: Hainbat astean frogetan aritu ostean, Bizkaia Energiak abuztuko hirugarren astearen amaieran jarri zuen martxan Boroako zentrala.

Urriaren 15a: Boroako zentral termikoaren kontrako hamalaugarren manifestazioa egin zuten Zornotza Bizirik-ek deituta. Energia proiektuaren kontrako jarrera erakutsi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.