Eskualdeetako bozak: KORSIKA

Abertzaleen garaipen historikoa

Femu a Corsica eta Corsica Libera alderdiek koalizioa egina zuten bigarren itzulirako: Gilles Simeoni Bastiako auzapeza buru, bozak irabazi dituzte, botoen %37 lortuta. Gibeletik ditu Paul Giacobbiren ezkerreko zerrenda, botoen %28,9rekin, eta Jose Rossiren eskuineko koalizioa, botoen %25ekin.

Garaipenaren ospakizunak gauean, Bastian.
Garaipenaren ospakizunak gauean, Bastian. Corse Matine

Jon O. Urain -

2015eko abenduak 14

"Espero duzu FLNCren erabakiak eragina izatea Corsica Liberaren babes sozialean?

Posible da. 2015ean dira Korsikako Biltzarrerako hauteskundeak, eta ezin da baztertu hemen ere gertatzea Irlandan Sinn Feinekin eta Euskal Herrian Bildurekin gertatutakoa".

Jean Guy Talamoni Corsica Libera alderdi independentistako buruak hala erantzun zion BERRIAri 2014ko uztailean, FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak jardun armatuaren amanera iragarri eta egun gutxira. Corsica Libera edo Femu a Corsica, edo biak batera, baina nolabait bete da Talamonik orduan baztertzen ez zuen aukera; eskualde hauteskundeen bigarren itzulirako autonomistek eta independentistek osatutako zerrenda, Pe a Corsica, indar bozkatuena izan da Korsikan. Lehen aldiz, abertzaleek irabazi dituzte bozak; Gilles Simeoni izango da Korsikako Kontseiluko buru, eta Talamoni izendatuko dute biltzarreko presidente.

Biltzar horretan, 24 eserleku izango dituzte abertzaleek; hamabi sozialistek, 11 eskuinak eta lau Fronte Nazionalak.

Urte eta erdian, hauteskundeetako emaitzak ulertzeko gakoak eman ditzaketen gertakariak izan dira Korsikan. Hain zuzen, FLNCren jardun armatuaren amaiera da bat. 38 urteko jarduna eten zuen 2014ko ekainean, argudiatuz “aukera berriak eskaini” nahi zituela “burujabetzarako bidean”. Nazio askapen borrokan “urrats historikoa” egiteko aukera antzeman zuen FLNCk, eztabaidagai politiko nagusiak baitziren, besteak beste, korsikera, egoiliarren estatutua eta Frantziako konstituzioaren berrazterketa.

Parisekin talka

“Gerra juridikoa deklaratuko digu, baina beharrezkoa da gerra juridiko hori onartzea eta, horrekin batera, borroka politikoa sendotzea”. Gilles Simeoni Bastiako auzapez eta Pe a Corsicako hautagaiak 2014ko uztailean kazeta honi eginiko adierazpenak dira, korsikeraren ofizialtasunaz galdetuta. Hain justu, hizkuntzaren estatusak edota egoiliarren estatutuak adostasuna lortu dute irlako indar politikoen artean, baina bertan onartutako neurriek Parisen ezezkoa topatu dute. FLNCren 2014ko ekaineko iragarpenaren ondoren, gainera, baketzean ez du urratsik egin Francois Hollanderen gobernuak, erakunde armatuak aurtengo uztailean salatu zuenez. Aldagai horiek azal dezakete Korsikaren eta Frantziako Estatuaren arteko urruntzea eta urruntze hori indar abertzaleek kapitalizatzea.

Indar batasuna

FLNCren erabakiak erraztu egin du Korsikako ildo autonomistaren eta independentistaren arteko elkar ulertzea. 2014ko hauteskundeetan, emaitza onak lortu zituen Femu a Corsicak ordezkatutako autonomismoak, eskuin unionistaren babesari esker Bastia irlako bigarren hiri garrantzitsueneko alkatetza lortzeraino. Orduan, ez zen posible izan bi indarren arteko lankidetza, Talamonik berak azaldu zuenez, FLNCrekiko jarrera baitzen oztopoa. Eskualde bozetako lehen itzuliaren biharamunean bi indarrek zerrenda bakarra osatzeak erakusten du harremanak bestelakoak direla orain, nahiz eta ez den lehen aldia bi ildoek bat egin dutela.

Bideoa: ospakizunak Bastian.

 


Territoriales 2015 : liesse à Bastia après la... por corse-matin

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna