Albistea entzun

GIPUZKOAKO BERTSO TXAPELKETA

Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako bertsolari txapelduna

Alaia Martinekin jokatu du buruz burukoa. Zuzeneko kontakizuna egin du Beñat Zamalloa Akizu kazetariak.

Aitor Sarriegi

Berria -

2015eko abenduak 19 07:51

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, gaur arratsaldean Donostiako Illunben jokatutako finalean gailenduta. Buruz burukora Alaia Martinekin iritsi dira.

Hau izan da sailkapena

1. Beñat Gaztelumendi (1.012)

2. Alaia Martin (993)

3. Agin Laburu (614,5)

4. Iñaki Apalategi (603,5)

5. Unai Agirre (595,5)

6. Oihana Iguaran (594)

7. Jon Maia (586)

8. Arkaitz Oiartzabal, Xamoa (571,5)

Zuzeneko kontakizuna

21:39

Txapeldunaren agurra:

Mil esker Iker Alustizari

Esoain ta Sukiari

Eizagirretar bixkiei eta

Hernaniko kuadrillari.

Ume beldurti hau jartzearren

erratz batetik kantari

zuek bezela bertso-eskoletan

ari da jende ugari.

Konpromisoa eta jolasa

hitza direnez gauza bi

bertso-eskolaz bertso-eskola

belaunaldiz belaunaldi.

Hau zuentzat da zeratelako

ahots ematen ari

isilik egon behar zuela

esaten ziotenari.

21:13

Alaia Martinen azken agurra:

Atzekoei musu bana

hasi nuke banatzen

Beñat konpañero maite

segitu hola gozatzen.

Ez daudenei musutxo bat

joan zaitezte ateratzen

lagunei, familiari,

segitu nahi dut maitatzen

baina gaurkoa argi dut

ez zait burutik pasatzen

anaia gaurko saioa

oso-osorik zuretzat zen

bizitza osoa pasa nahi

nuke zurekin kantatzen.

21:02

Beñat Gaztelumendiren buruz buruko kartzela:

GAIA: Etorkina zara. Orain sei urte etorri zinen Euskal Herrira. Ordutik ikusi ez duzun alaba bihar etorriko da.

Aljeriatik etorri nintzen

ta heltzeko zenbat ahalegin

Gibraltarretik iritsi ginen

han gintuzten atsegin.

Euskal Herrira etorri nintzen

ta hemen ere desberdin.

Zer egiten da pertsona bere

etxera iritsi dedin?

Nere alabaren maleta hartu

ta betetzeari ekin

galtza berriak, jertse berriak

zapata pare batekin

sei urte pasa ta azkenean

berriro nigana, en fin...

Gaur arte ez det ikusi, baina

beti egon da nerekin.

Lan egin nahian pasa nituen

uda eta udazkena

iritsi berri haien artean

nola ni nintzen gaztena.

Ni nintzen nahi ez zuena

ni nintzen beti azkena

soldata gabe etxerik gabe

ze pobrezi ta ze pena.

Lan bat lortu det azkenik, baina

orain naiz salbuespena

hil bukaera heldu ezinik

beti lepoan eztena.

Hain da tristea, hain da gogorra

etorkinaren eskema

beti etortzen, beti etortzen

eta iristen ez dena.

Euskal Herrira etorri nintzen

pobrezitik ihesean

berriz alaba edukiko det

nere ondoan babesean.

Nahiz eta beti nabilen beste

batzuen interesean

maitasun pixka 't eskeini behar

diot besterik ezean.

Alaba ere murgilduko da

beraz, nere ametsean

kolore pixka 't ipiniko du

eguneroko beltzean.

Aireportuan han egongo da

sarreran, ate ertzean

ta sei urtetan lehenengo aldiz

sentituko naiz etxean.

20:52

Alaia Martinen buruz buruko kartzela:

GAIA: Etorkina zara. Orain sei urte etorri zinen Euskal Herrira. Ordutik ikusi ez duzun alaba bihar etorriko da.

Nikaraguatik atera

nintzen behin eta pixkana

topatu dut helburu bat

bizileku bat ta lana

baina faltan antzeman dut

Rosita, etxeko dama

gu banatzeko kapaza

nola izan zen behin karma.

Sabelean mina ehuten

jardun zaidan armiarma

laister egongo da geldi

bera etortzean nigana

baina beldur naiz ze ote den

berak esango didana

ikusten nauen unean:

"Non ibili zara ama?".

Zaila izan zen apurka

eskaileraka igotzen

zaila izan zen onarpena

eta lanpostua lortzen.

Euskara ikasiz joan nintzen

euskal inguru bat sortzen

baina herrimina beste

gauzarik ez dut jasotzen.

Etorkinak latz pasatzen

dugula esan nahi dut ozen

egun ere hondoratu

mordo bat dago Lesbosen

telebistan ikustea

astinduz nau jotzen

nola olatuak bezela

doazen eta datozen.

Aireportuan izango

dut prestatuta txartela

alaba ongi etorria

hona izan zaitezela.

Aldatuta egongo da

señorita bat bezela

berak ere sumatuko

dit aldaketa itzela.

Ea gorantza joaten den

barreka bizi nibela

prestatu diot urdinez

ta kotxezitoz logela

baina badaukat pena bat

ta estutzen dit sabela:

lanik aurkitzen ez badut

berriro joango dela.

20:39

Buruz buruko sei puntuko motza:

GAIA: Supermerkatuko kutxan egiten duzue biok. Harrituta zaudete jendeak egun hauetan zenbat diru gastatzen duen ikusita.

Gaztelumendi:

Gabon giroko epela

opari eta kandela

jendeak uste al du edozer

eros dezakela?

Turroia edo pastela

ta bisigua, bestela

ta gero kajan esaten dute

krisian gaudela.

Martin:

Konsumismoa hezkuntza

egin dugu ta gorputza

adrenalinaz lepo egon dadin

behar da laguntza.

Kaja bete, kaja hutsa

ireki, zabaldu, bultza

gizarte honek zabalik daukan

pandoraren kutxa.

Pandoran kutxa arraro

bat zabaltzean akabo

hemen jendeak gastatzen baitu

gero ta gehiago.

Zenbat txanpain ta ardo trago

dena on, dena oparo

ta sarrerako ate ertzean

eskale bat dago.

Martin:

Ta du kopeta iluna

esku eskularruduna

ni konplizea senti ninteke

baina ez erruduna

zuhaitz azpian zer suma

galdu egin dugu zentzuna

kode barratan neurtzen bada

gure maitasuna.

Gaztelumendi:

Kode barra bati tinko

irakurtzen du betiko

nor maite degun erdi-ipurdi ta

nor dugun begiko.

700 euro ta piko

ditugu irabaziko

etxera aurten Olentzerorik

ez zait etorriko.

Martin:

Zu 're zaude pobretuta

hemen Playmobil txalupa

libururen bat, hiru bisigu

traje bat ta lupa

poltsikoak argalduta

burua dugu galduta.

Ez erosteko gogoa daukat

hainbeste salduta.

20:32
20:24

Jon Maiaren kartzelakoa:

GAIA: Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa.

Telebistari begiratuta

iskanbila ta endredo

heriotzaren motibo dira

politika ta genero.

Gerra berri bat ikusten degu

pantailetatik goizero

mendebaldea, ekialdea;

berdin ipar ala hego.

Biktima asko dago kalean

ta bada nahiko borrero

hemen mundua ez ote doa

hankaz gora, erdi ero?

Abenduaren 24a

ez nuen asko espero;

oraindik ere, irri batekin

zebilenik Olentzero.

Ofizioa zaila daukazu

aldrebesa duzu martxa.

Zu zera gure sinismenen ta

kondairaren testigantza

mendietatik erdi jainkoa

hegaletan gora altxa.

Nola gau baten konpondu dena

horren lanbide zehatza.

Gaur eguneko euskal jendea

ez da hortan aberatsa

aspaldi samar itzaldu zaigu

gerorako esperantza.

Utzi umeei opari hori

beraiek dira ardatza

baina espero det

beste nunbaiten

utzi dezula ikatza.

Hemen bakoitzak izaten degu

denok nahi aina eskari.

Igual, txapel bat eskatuko dut

baldin bada bertsolari.

Agian, giltza, giltza txiki bat

kartzelan dagoenari.

Edo lurpean dagoen horri

zure arnasa ze sari.

Gu zer eskatu ondo dakigu

baina ez zaigu nabari.

Beste urte bat pasatu zaigu

mintzatzen ari ta ari

ta nik badakit zure eskutik

zein dan egizko opari

ekartzazu iozu elkarbizitza

Euskal Herri berriari.

20:21
20:12

Alaia Martinen kartzelako bikaina:

GAIA: Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa.

Otsailaren 14a

maitasunik ez biharko.

Dena gaur, dena orain

dena bikote gutako.

Kalean lasai nindoan

bihotzak egin dit salto

eta beste espaloira

korrika egin dut eskapo

eta kolpean barrutik

nire oin azpiko asfalto

grisera erori dira

amorruzko zazpi malko.

Kaxa gorri txiki bat da

lazo urdinez galako

galdetu gabe badakit

hori ez dela niretzako.

Ea nork ken diezadaken

bizkar erditik labana

pentsatu dut: "Ai, ikusi

ote nau berak, ai ama!".

Joan ta geratu zait

jaso gabearen zama

lantokirantz noa, baina

hau liseritzen dut lana.

Garai batean, guztia

izan gendun erdibana

ta orain nirea ez den

oparitxo bat darama.

Oparirik ez dut behar

berez, hori ez da traba

irribarrea egin izan da

min gehien egin didana.

Popatik hartzera dena

kupido ta san balentin!

Rimela ez korritzeko

egin dut aski ahalegin.

Jarraitu beharra daukat

lehen bezala ez, ezberdin

baino bizitzan badago

hainbeste gauza atsegin.

Joaten utzi behar diot

zoriontsu izan dedin

batzutan galdu egiten da

ta onartu behar da, en fin...

Behingoatik behingoan

ahaztu behar naiz berekin

nire buruai ezin diot

opari hoberik egin.

20:01
19:58
19:52

Labururen kartzelakoa:

GAIA: Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa.

Gabon garaian irripar asko

izaten degu hitz baten

egia esan, batzuk gehiago

ere izan genitzaken.

Hor aritzen naiz sobratutako

turroi puska batzuk jaten

eta nola berriz aurten

lanerako jarri nauten.

Nere txapela, bizar ta tripa

ez ote da antzematen?

Mundu honetan nik adina poz

jende askok ez du ematen.

Urte guztian mantendu nahia

ikazkinaren janzkera.

Gabonak heldu eta banoa

berriz lanean hastera.

Ume txikiak opariekin

alde batetik bestera

Olentzeroren papera

politta da, baino zera:

10 urteko haurra hor doa

opariz kalean behera.

Jakingo al du mundu guztiak

ez dula aukera bera?

Bat baino gehio ikusi dittut

ondo ez dakit zein zian

ta eskaliak ere badaude

noski, kalian ertzian.

Gure etxetan, ordea, jaki

pila sartzen da eltzian

ta unean lan ezian

oparien babesian;

zer litzateke gure etxia

irribarrerik ezian?

Ta berak ere zorion asko

baietz banatu etxian.

19:51
19:35

Apalategiren kartzelakoa:

GAIA: Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa.

Jendeak epaitzen ditu

gaizkia eta ongia

ijito izanez gero

mundu hau ez da handia.

Denek dute beraientzat

behatz erakusgarria

etxe hutsa ta patrika

baliabidez urria

baina hor doa kaletik

badiot inbiria

irriparretsu baitauka

goitik behera aurpegia.

Inoiz ez du ezer euki

eta aurten miraria:

Olentzero etorri da

badu bere oparia.

Kanpotik somatzen dira

saltoka bere barrenak

sarri gure loteriak

ez dira horren hurrenak.

Barrez begiratu dio

azeratik zetorrenak

eta nik ikusten ditut

beste azeran daudenak.

Eskola pribatutako

neska mutil pijoenak

guztiak denetik dute

baina nolako problemak.

Batek opari batekin

itto ditu bere penak

ta gehiagon eske daude

denetatik daukatenak.

Kanpotik iruditzen zait

hau ez ote den krimena

Play Station-a, Barbie-ak

batzuk badute den-dena;

besteek topatzen dute

armairuan dagoena

ta mutil koxkor honena

da adibide onena.

Gu begiak zabaltzera

gaur eraman gaituena

aberats ez da daukana

dena etxean barrena

baizik pozik egoteko

gutxien behar duena.

Hemen zuk zuk egin diguzu

oparirik ederrena.

19:25

Gaztelumendiren kartzelakoa:

GAIA: Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa.

Paper gorritan kaja haundi bat

hartuta zoaz galako.

Garai batean, neri eginak

zera hamaika halako.

Oparitako papera zer da?

Edertasun baten marko.

Beste espaloian nago begira

ta hala segi beharko.

Irribarretsu ikusten zaitut

badezu asmo on franko

gabon garaian maite direnak

hartzen direnez aintzako.

Nere ondotik jausiko ziren

emoziozko bi malko

baina tamalez ondotxo dakit

hori ez dela neretzako.

Gaur, hiru urte barra ertz baten

zuregana hurreratu

eskatu nuen tragoa, baina

zuk nahi zenuen pagatu.

Zure etxera oinez joan ginen

zenbat sentipen olatu

eta pixkana hala ninduzun

zure ondoan onartu.

Bikote batek, ordea, maila

jartzen duenean altu

gure akats ta inperfekzio

sorta ezin baita aldatu.

Ustekabean elkartu ginen

ta bikote bat eratu

baina papera kendu genion

ta ez zen ezer geratu.

Hor zoaz zure pauso arinez

opariaren karraio

gaur mutil-lagun berri bat dezu

ta maitatzen zenbat saio.

Pentsatzen nuen ez ote ginen

gu elkarrentzako jaio.

Esaten hala izanagatik

ekintzaz e' nintzen iaio.

Espaloiaren beste ertzetik

urrun esan dizut "Aio!"

eta ni nire bide hutsari

segika joan natzaio

nahiz nere ondoan baldin bazeunde

izango nukeen nahio

maiz etortzea nahi degunari

joaten utzi behar zaio.

19:23
19:15

Agirreren kartzelakoa:

GAIA: Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa.

Abenduaren 25a

24a lehenago.

Afari latza egin genduen

bai edan eta bai trago.

Resaka pixka 't daukat gainean

lasai, e' nago zeharo.

Terraza hontan begira jarri

eta harrittuta nago:

gure herri hau akabo.

Gure semeek eskatzen dute

beti opari gehiago

ta aurreko hau bakarrarekin

oso zoriontsu dago.

Gure etxian izaten degu

makina bat ika-mika

traste erdiyak pozik botako

nizkiokete harrika

baina gehiago behar izaten da

behin horretara jarrita.

Ume koxkor hau kanpotarra da

nik igarri yot tita

hau da zoriontasun pinta.

Atzo gauean izango zuen

opariaren irrika

eta seguru jaso duela

norbaitek erabilita.

Ai, Olentzerok edukitzen dun

mundu guztientzat gaia

aberats eta txiroeneri

zerbait ematen da saia

baina etxera begiratuta

ez nago oso lasaia.

Bukatu baita garai bateko

gastu errex ta alaia

krisi zahar honen ezbaia.

Nahiz askok izan beti horrela

luze joateko nahia

iritsiko gutxiyagokin

bizi beharreko garaia.

19:13

Beñat Zamalloa Akizu

18:12

Iguaranen kartzelakoa:

GAIA: Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa.

Hor doa Aitor ze detailista

beti du urrun pereza.

Lore sorta dauka eskutan

larrosatan hogei pieza

ta gero poltsan kaja txiki bat

asmatzen ez da nekeza.

"Neskarengana noa", esan dit

eta nik badet zer pentsa...

Ezkontza eskatu behar badio

presta dezala defentsa

ze ikusteko dago oraindik

nork hartuko dun sorpresa.

Nahiz elkarrekin daramatzaten

zortzi bat urte ta piku.

Bere neska honek daukan jarrera

ez det ondo entenditu.

Azken parrandan ikusi nuen

galtzetan ezin kabitu

beste mutil bat zeukan gainean

eta ez zen motz gelditu.

Aitorrengana joan nahi nuke

eta egiaz erditu

hau dena esan nahi nion, baino

gero e' naiz atrebitu.

Bakoitzak bere aukerak dauzka

eta onartu beharko

bikote baten besoetara

ez badu nahi egin salto.

Argi aitortu eta orduan

ibili daiteke bapo.

Ni hau jakinda lagun bezala

e' naiz portatu galako

susto galanta hartu behar du

ta atzetik zenbat malko.

Nere sorbalda prest izango det

bueltan datorrenerako.

18:30

Illunbeko plazaren ikuspegi ederra.

18:29

Ikusleen artean da Aitor Sarriegi, duela lau urteko txapelduna.

17:56

Maia eta Laburu, zortziko txikian, umore biziz:

GAIA: Bikotea zarete. Laburuk bart hotza pasatu duela eta poltsa beroarekin eta galtzerdi lodiak jantzita sartu da ohean Maiaren alboan.

Maia:

Ai, ene, ze moderno!

Ai, ene, ze luxu!

Ez daukat gogorikan

ez nere barne su

itxura horrekin nola

etorri zera zu?

Zu bero zaude, baina

ni hotz uzten nauzu.

Laburu:

Nere senarrarekin

emazte xalada

gizon bertsolariyak

nolako bolada!

Beti bertso afariz

baino nahikoa da

holaxe daramazkit

hiru hamarkada.

Maia:

Hori da, hori, sermoia

azkar eta rirau!

Pasa omen dituzu

honela mila gau.

Artile kaltzetinak

poltsa beroa, guau!

Peñaren txapelaren

garaikua da hau!

Laburu:

Hala esan du eta

koskatu mingaina

lagun det Peña eta

lagun det Egaña.

Txapelaren kontua

ere, alajaina!

Janztia ere ia

pentsatu det, baina!

Maia:

Janztia omen dezu

oraingo eskari

ta ni buelta ematen

esaera zaharrari:

zu berotu zaitezen

hobetu dut ari

ogi gogorra sartzen

hagin zorrotzari.

Laburu:

Nahiz errita egiten

beti zeran maisu

zugan pentsatuz ere

ibili natzaizu.

kantzontzilo berriyak

erosita, aizu

artilezkuak dira

kajoian dauzkazu.

17:51

Gaztelumendi eta Agirre zortziko txikian:

GAIA: Mendi lasterkariak zarete. Zu, Unai, afizioz; eta zu, Beñat, ofizioz. Azkenaldian Unai Beñatek baino emaitza hobeak lortzen dituzu.

Agirre:

Mendiyan hartzen degu

eundoko tratua

dana irabazteko

Beñat tematua.

Beti nik sartzen dizut

ordia, tantua.

Beñat zu zaude gaizki

alimentatua.

Gaztelumendi:

Plakua nago, baina

ni aurpegi alaiz

hornitua Isostar

eta elikagaiz.

Nahiz ta nere aurretik

egiten dezun maiz

animatu zaitezen

propiyo ari naiz.

Agirre:

Gezurra da hori ta

ez diyo inporta

aitortu, lasai, Beñat

gaur, zure porrota.

Nahiz alde egiten dezun

dittuzunak jota

denbora galtzen dezu

haiziaren kontra.

Gaztelumendi:

Haizea kentzen nahita

aritzen naitzaizu

barruan nahiko haize

badezu ta, aizu.

Aldapan beherakuan

hortan zera maisu

baina gora igotzen

kosta behar zaizu.

Agirre:

Ni indartsu nago ta

ederki mantendu

gorpuzje eder honek

hori du nabarmendu.

Gora aurretik joango da

hala ematen du

behera nijuanian

paretikan kendu.

Gaztelumendi:

Behera hasten bazera

zenbat konpromezu

igual, arbolei kalte

egingo diezu

korrika ibiltzeko

pronto bazaude zu

zuk ere nik bezela

bukatuko dezu.

17:37

Martin eta Maia zortziko handian, down sindromedun gazteen paperean:

GAIA: Down sindromea duzuen gazteak zarete. Bi urte pasatu dituzue lanerako eta bakarrik bizitzeko prestatzen. Gaur duzue zuen lehen eguna zuen etxean bizitzen.

Martin:

Ilunak argi egiten du ta

sortu dugu eklipsea

tokatu zaigu urterik urte

itzalean ibiltzea.

Gaurtik badugu lanpostu bana

eta badugu etxea

zeinen berezi egiten zaidan

horren normal sentitzea.

Maia:

Giltza hartuta zabaldu degu

gure etxeko atea

zein ederra den lan egin, bizi

paseatu ta jatea.

Ez zaigu gutxi kostatu, baina

iritsi gera, maitea;

hemen normalak ez al gera gu

ta berezi gizartea?

Martin:

Gizartea da nota ematen

dugunontzat pentagrama

guk naturalki bizi duguna

batzuentzako ze drama!

Nahiz ilusioz etorri naizen

gure etxera, zuregana;

pixka bat triste geratu dira

nire aita eta ama.

Maia:

Gazteak gera ta normala da

irtetzea urrutira

guk e' gozatu behar baitegu

gure urteen segida.

Aita ta ama urrundik, baina

handikan guri begira

ze ondo dauden ikusi eta

berriz alaituko dira.

Martin:

Tarte txiki bat dago malkotik

geroko irriparera.

Etxe txikiak isiltasunez

gaur, egin digu harrera

ta sukaldatzen ikasi dugu

nahiko ederki, gainera.

Hurrengo astean gonbidatuko

al ditugu bazkaltzera?

Maia:

Sukaldaritzan ikasi degu

ez gera egongo goseak

leiho hauetan haize berriez

etortzen dira haizeak.

Gure irriak, gure ametsak

ta gure begi hezeak

hemen guztiok gera perfekto

geran bezelakoxeak.

17:50

Alaia Martin eta Jon Maia orain.

17:39

Apalategi:

17:38

Beñat Gaztelumendi:

17:23

Gaztelumendi eta Apalategi zortziko handian:

GAIA: Gaixo dagoen preso baten senideak zarete. Bosgarren aldiz uko egin dio epaitegiak, hirugarren gradua eman eta presoa aske uzteari.

Gaztelumendi:

Hiesa dauka orain aspaldi

jasotako notizia

eta hilero osasunetik

iristen zaio krisia.

Azkenaldian jakin ezinik

dijoa gure bizia

hemen gaixo zein ote dagoen

Ibon edo justizia.

Apalategi:

Nor dagon gaixo ez dakit ondo

ez dakit nor dagon ero

baina badakit berak kalean

behar zula honezkero.

Gero, Angela Murillo andrea

maniatizatu da edo?

Kartzelan hiltzen utziko luke

han hilerririk balego.

Gaztelumendi:

Hark errukitik gutxi du, baina

mendeku aldetik asko du.

Kartzela eta gorputz gaixo bat

preso egoteko bi modu.

Hurrengo astean bisitatzera

hala gera joango gu.

Kartzelan segi behar duela

nola esango diogu?

Apalategi:

Berriro ere berria entzun

ta pentsatu det akabo.

Esatearen trantze txarretik

behar al degu igaro?

Hau bosgarrengo aldia da ta

aldiro da zailago

ta berak erraz onartuko du

tamalez ohituta dago.

Gaztelumendi:

Politikoak ikusten dira

hilabeteotan mutu.

Hala diote armak hartzeaz

behar duela damutu.

Mugi gaitezen kaleak behar

du kasu hau ezagutu.

Salbuespena dena ez dadin

eguneroko bihurtu.

Apalategi:

Presoak ziegan usteltzen eta

ustelak hainbat goi kargu.

Eskaera denak ukatzen dira

nahiz paper denak azaldu

ta hirugarren graduarentzat

eskubiderik ez badu

justiziak eman behar lituzke

180 gradu.

17:20

Alaia Martinen hasierako agurra:

Izarren hautsa egun batean

bilakatu zen bizigai

ta gaur izarrak ikutu gabe

ez dut oholtzatik jeitsi nahi.

Sarri bihurtu zaizkit beldurrak

eta barruko galde ikurrak

nire kristalezko sabai.

Orain zalantza dudan aldiro

beti erantzuten dut bai

ta pozik nago zuen aurrean

sabaia noiz hautsiko zai.

Kristal pusketa batzuk zanpatu

ta minez nahi nuke kantatu

kontzetratuta ta lasai

eta mingaina sutan bai.

Beñat Zamalloa Akizu

17:18

Agin Labururen hasierako agurra:

Sektatzar honen botuak

lau urtian sendotuak;

zergatik beti txapelketaren

gaitzez erotuak?

Bertsozale debotuak

dauzka esku berotuak

orain bertsotan egin behar da

eta gero gerokuak.

17:15

Beñat Gaztelumendiren hasierako agurra

Ongi etorri denoi Europar

kultura hiriburura

bere hizkuntza bizi duena

konpleju baten modura

kortxoenea delitu dena

ta zezenketak kultura

eta gure abentura

iritsi da abendura.

Ni e' naiz orain zortzi urteko

Illunbeko txahal hura

baina gaur heldu nahi nuke bera

iritsi ez zen lekura.

Beñat Zamalloa Akizu

17:13

UNAI AGIRREREN HASIERAKO AGURRA:

Larogei erten baginan ere

zortzirentzat zen atia

txapelketa bat ez da finala

garrantzitsua denak dia.

Entzule maite gozatu zazu

azkenengo errematia

txapela gora, txapela behera

hortan ez naiz tematia

baina gauza bat bai desiyo det

daukaguna ematia.

Beñat Zamalloa Akizu

16:23

Finala hasteko bost bat minuturen faltan, honela dago Donostiako Illunbe zezen plaza:

Beñat Zamalloa Akizu

16:42

Babes pankartak zaleen artean.

16:20

Ari dira Illunbe betetzen

Pixkanaka-pixkanaka ari dira bertsozaleak lekua hartzen Donostiako Illunbe zezen plazan. #GBT15

Beñat Zamalloa Akizu

16:20

Ari dira Illunbe betetzen

Pixkanaka-pixkanaka ari dira bertsozaleak lekua hartzen Donostiako Illunbe zezen plazan. #GBT15

Beñat Zamalloa Akizu

14:32

Bertsozale elkartearen oharra finalera autoz doazenentzat:

Jon Olano

Jon Olano

14:10

Iñaxi Etxabe gai jartzaileak (Oikia, Zumaia, Gipuzkoa, 1933) jarriko dio txapela finaleko irabazleari. Zarautzen bizi da, eta ikusteko moduan jarriak ditu bertso horiek etxeko egongelan. Orain arteko azkenengo bertsoak udan jarri eta kantatu omen zituen. Gorka Erostarbek elkarrizketatu du.

Jon Olano

Jon Olano

14:05

"Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean". Hala adierazi zion Gipuzkoako Hitza-ri Aitor Sarriegik urrian. Gipuzkoako egungo txapelduna da Sarriegi, baina ez dio txapelari eutsiko, parte hartu ez duenez. Urtebeteko epea du orain Euskal Herrikoan parte hartuko duen ala ez erabakitzeko.

Jon Olano

Jon Olano

14:02

Alaia Martin, Unai Agirre, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa ariko dira finalean. Zortzien soslaiak.

Jon Olano

Jon Olano

13:59

Hiru ordu baino ez dira falta Illunbeko plazan Gipuzkoako Bertso Txapelketako finalari ekiteko. 15:30ean irekiko dituzte ateak. Beñat Zamalloa Akizuk emango du zuzenean finalaren berri, eta orain arteko bideaz idatzi du gaur BERRIAn.

Jon Olano

Jon Olano


Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Neomak taldearen zuzenekoa ikusteko jende ilara luzea egin zen Plateruena kanpoaldean atzo arratsaldean, Durangoko Azokaren bigarren egunean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Plaza eta euskarri bete doinu

Ainhoa Sarasola

Zuzenekoak itzuli dira Durangoko Azokara, aurten Plateruenan. Landakon, Musikaren Plazak bildu ditu diskoetxeak eta musikariak. Diskoa nagusi den arren, euskarri digitalak gero eta ugariago dira
Xabier Eizagirre, Iratxe Retolaza eta Hedoi Etxarte, atzo, Landako guneko Talaia aretoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Liburugintza diglosiko bat

Itziar Ugarte Irizar

Euskaraz argitaratzen diren liburuen datuak aletu dituzte Xabier Eizagirrek, Iratxe Retolazak eta Hedoi Etxartek. Kultura gutxitu baten isla direla adierazi dute.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Urte osoak eusten dio azoka asteari»

Andoni Imaz

Pozik hartu dute murrizketarik gabeko azoka bueltan, eta gogotsu sumatu dute ingurua ere. Inguru hori zabaltzen asmatzea daukate gakotzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.