Negoziatzen jarraitzera dei egin du ERCk

2016ko urtarrilaren 4a
20:00
Entzun

Presioa CDCren eta Artur Masen gainean jarri du ERCk. Baina baita CUPen gainean ere. ERCren bilera iluntzean bukatuta, 19:00ak aldera agerraldia egin du. "Ostiral-larunbata arte denbora badago. Aprobetxatu egin behar da", esan du Oriol Junqueras ERCko buruak: "Akordioa posible da, egingarria da, eta saiatzeko betebeharra dugu, herritarrek hori eskatu zigutelako irailaren 27an".

Hauteskundeak martxo honetan egitea ez da "agertoki onena", Junquerasen hitzetan. "Ez dugu bermerik esateko martxoan oraingoa baino agertoki hobea izango dugula [hauteskundeak eginda]. Daukagun denbora aprobetxatu behar dugu". Alderdi subiranisten artean akordioa lortzeko bost egun badaudela, eta indarrak orain horretan jarri behar direla ziurtatu du ERCko buruak.

CDCk eta CUPek akordio bat egin dezaten "behar duten guztian" laguntzeko prest agertu da Junqueras. "Askatasuna lortzeko ez bada, zer sakrifiziok ez du merezi?". Zorrotz mintzatu da: "Politikoen erantzukizuna ez da ihes egitea".

Egunean zehar, ERCko hainbat kidek, sare sozialen bidez, Artur Masi eskaera egin diote "alde batera pauso bat eman" eta prozesuari aurrera egiten uzteko. CUPeko kideek ere, atzo Mas inbestitzeari ezezkoa eman eta gero, mezu bera zabaldu dute gaur goizean: Junts Pel Si koalizioak hautagaia aldatuz gero badagoela aukerarik akordiorako. ERCk, arratsaldeko bileraren ostean, ez dio ofizialki JpSri eskatu Mas erretiratzeko, baina negoziazioen mahaitik ez altxatzeko eskatu die bi aldeei.

Pello Urizar (EH Bildu), Mas erretiratzearen alde

CUPek hartutako erabakiaren inguruan hitz egin du EH Bilduko legebiltzarkide eta EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek. Azaldu du hark Mas babestuko zukeela, baina, CUPen erabakiaren ostean, uste du Mas bera izan beharko litzatekeela alde batera egiten duena.

Urizarren iritziz, "helburuak nahasten" ari dira Katalunian, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Kataluniako egoera balego ez luke "inolako arazorik" izango Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria babesteko. Hauteskundeak berriro egiteak Catalunya Si que es Pot koalizioari mesede egingo liokeela uste du Urizarrek.

Donostiako alkate Eneko Goiak, berriz, nabarmendu du CUPen ezezkoak sortutakoa ez dela hark "nahiko lukeen jokalekua". "Tamalez" CUPek Masen inbestidurari ezetz esan izanaren ondorioak zeintzuk izango diren "ikusteke" dagoela gaineratu du Goiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.