KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Carles Puigdemont izendatu du gobernuburu Kataluniako Parlamentuak

Junts Pel Siren 62 parlamentarien eta CUPeko zortziren babesa jaso du Puigdemontek. Prozesu subiranistan urratsak egiteko konpromisoa azaldu du bere hitzaldian. Rajoyk ohartarazi du ez duela "Espainiaren batasunaren aurkako pauso bakar bat" onartuko.

Artur Mas eta Carles Puigdemont, elkar besarkatzen inbestidura saioa hasi aurretik.
Artur Mas eta Carles Puigdemont, elkar besarkatzen inbestidura saioa hasi aurretik. Alberto Estevez / EFE

Jon O. Urain -

2016ko urtarrilak 11

Kataluniako historiako 130. gobernuburua izendatu du parlamentuak, luzapenean ia: arauzko denbora —urtarrilaren 10eko gauerdia— amaitzeko bi orduren faltan. Carles Puigdemont Junts Pel Siko hautagaiak gehiengo absolutuaren babesa jaso du lehen bozketan, bere zerrendako 62 diputatuei CUPeko zortziren aldeko botoa gehituta.

Azaroan bi indar independentistek hitzartutako haustura adierazpenean adostutakoak aurrera eraman ditzakeen gobernu bat osatuko du Puigdemontek datozen egunetan, beraz. Hain justu, prozesu subiranistan aurrera egin eta Kataluniak "berezko tresnak" izan ditzan pausoak emateko konpromisoa azaldu du gobernuburuak. Bide orri independentistaren urratsak gogorarazi, eta horiek gauzatzeko asmoa agertu du; estatu egituren diseinuan, prozesu konstituziogilean eta prozesuaren nazioartekotzean, alegia. Zeregin horietan "azala" emango duela gaineratu du.

"Zerga autonomia osoan" jarri du azpimarra. Ildo horretan, Kataluniako Banku Zentrala eta ogasun propioa sortzeko borondatea adierazi du, besteak beste.

Madrildik, oharra

Puigdemonten  inbestidura hitzaldia amaitu eta berehala heldu da Espainiako jarduneko presidente Mariano Rajoyren agerraldia. Orain arteko diskurtsoa gogortu eta gobernuburuak oharatarazi du ez duela onartuko inork "botere mugagabeak" beretzat hartzerik: "Inoiz baino tresna gehiago ditugu gure batasuna defendatzeko; indar politiko nagusiak bat gatoz gai horretan". Salatu du, bide batez, Puuigdemonten hitzaldia "lehendik frogatutako ilegaltasunean" oinarrituta dagoela, eta Masek azaroaren 9an egindakoaren "kopia" bat dela.

Generalitate berriari mezua ere helarazi dio Rajoyk: "Ez da legez kanpoko prozesu konstituziogilerik abiatuko, eta ez da Estatuaren legezko azpiegituretatik haragoko besterik sortuko". Bide horretan, jarduneko gobernuburuak iragarri du dagoeneko hitz egin duela PSOEko buru Pedro Sanchezekin eta Ciudadanosek Albert Riverarekin, eta bien babesa jaso duela. "Estatuak bere lana egiten du beti, Gobernua jardunekoa izan edo ez".

Gobernatu bai, sezesioa ez

Ezezko botoa eman diote Ciutadans, PSC, Catalunya Si que es Pot eta PPk Puigdemonti. Hauteskundeetako emaitzak gogorarazita, PSCk eta CSQEPek nabarmendu dute emaitzek gobernatzeko zilegitasuna eman diotela independentismoari, baina ez sezesio prozesua aurrera eramateko, iritzita plebiszitua galdu egin zutela botoen %48 jasota. Hiru bider esan dio ezetz Miquel Icetak (PSC): "Ez independentziari, ez ilegaltasunari, ez zure inbestidurari". Lluis Rabellek (CSQEP) aurpegiratu dio "ameskeria" dela aldebakarreko independentzia, eta Espainiarekin adostutako erreferendum bat babestu du; Puigdemontek, ordea, erantzun dio Espainiarekin erreferendum bat adostea dela ameskeria.

PPk eta Ciutadansek gogorrago hitz egin dute. Xavier Garcia Albiol (PP): "Ez zuk eta ez inork ez du haustura prozesu bat abiatuko". Ines Arrimadasek (C's) eta Garcia Albiolek Puigdemonti esan diote errespetagarria dela Madrili eskatzea, baina "zilegi" diren gaietan; ildo horretan, beste finantzaketa eredu bat eskatzea ontzat jo dute.

CUPen botoa, banatuta

CUPeko hamar diputatutik zortzik babestu dute gobernuburuaren inbestidura, eta abstenitu egin dira dimisioa emango duten bi parlamentariek. Anna Gabrielek, Artur Masi zuzenduz, esan du alderdi horrek ez duela akordioa "garaileen eta garaituen" arteko gisa ulertzen, eta erronkak jarri dizkio Puigdemonti: prozesua "are gehiago" zabaltzekoa. Independentziaren aldeko gehiengoa zabaltzeko, "jendearentzat errepublika eta itxaropena sinonimoak izatea" beharrezkoa da, CUPekoaren hitzetan.

16:00etan batzartu da Bozeramaileen Mahaia, eta 17:00etan hasi da osoko bilkura. PPk eskatu du inbestidura saioa ez egiteko, argudiatuta, parlamentuko araudiaren arabera, gutxienez bi eguneko epea eman behar zaiela taldeei osoko bilkura prestatzeko. Bozeramaileen Mahaiak ez du aintzat hartu eskaria. Larunbat arratsaldean egin zuten ofizial Junts Pel Sik eta CUPek inbestidurari buruzko akordioa. Lehen bozketan aukeratu dute Puigdemont, hala egin ezean bihar litzatekeelako bigarren bozketa.

Zuzeneko kontakizuna

21:51
2016-01-10

Visca Catalunya lliure" oihukatu du Puigdemontek, eta Els Segadors abestuz amaitu da saioa.

Jon Olano

Jon Olano

21:50
2016-01-10

Izendatu dute Puigdemont presidente; 70 boto alde, bi abstentzio, 63 kontra. Datozen egunetan osatuko du gobernua.

Jon Olano

Jon Olano

21:36
2016-01-10

Hasi da bozketa Kataluniako Parlamentuan, ahoz. Banaka-banaka ari dira.

Jon Olano

Jon Olano

21:07
2016-01-10

Amaitu du Puigdemontek. Launa minutu dute orain talde politikoek.

Jon Olano

Jon Olano

20:55
2016-01-10

Icetari erantzunez Puigdemont: "Parlamentu hau ez da legez kanpo geratuko. Parlamentu honek legeak egiten ditu". Federalismoa "federatzen" erakusten dela esan dio Icetari, eta berdinen arteko harreman bat eskatu du Espainia eta Kataluniaren artean.

Jon Olano

Jon Olano

20:41
2016-01-10

Amaitu du Junts Pel SIko bozeramaileak ere; orain, Puigdemontek berak du hitza berriro, taldeei erantzuteko. Hiru ordu eta 20 minutu epea amaitzeko.

Jon Olano

Jon Olano

20:39
2016-01-10

Kataluniako gobernu berriak Espainiako Konstituzioa urratzen duen edozein neurri hartuz gero, erantzuteko agindu du Rajoyk. Amaitu du agerraldia.

Jon Olano

Jon Olano

20:37
2016-01-10

PSOE eta Ciudadanoseko buruekin hitz egin du Rajoyk, eta bien babesa jaso duela adierazi du: "Espainiar gizartearen gehiengoa batuta dago erronka honen aurrean".

Jon Olano

Jon Olano

20:35
2016-01-10

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen agerraldia oraintxe, Kataluniako inbestidura saioaz: "Diskurtso subiranista ez da aldatu, baina ez du zilegitasun demokratikorik".

Jon Olano

Jon Olano

20:19
2016-01-10

Artur Mas goresten ari da Junts Pel Siko Jordi Turull, salatuz "botere faktikoen biktima" izan dela eta "eskuzabal" jokatu duela negoziazioetan: "Mila esker guri, herri honi eta politikari emandako lezioagatik".

Jon Olano

Jon Olano

20:14
2016-01-10

Amaitu du Anna Gabrielek, CUPekoen eta JxS-ko batzuen txalo artean. Turullen txanda (JxS).

Jon Olano

Jon Olano

20:06
2016-01-10

Prozesua "are gehiago" zabaltzeko erronka duela esan dio Gabrielek Puigdemonti: "Ez dugu presidente autonomiko bat aukeratu". Independentziaren aldeko gehiengoa zabaltzeko, jendearentzat errepublika eta itxaropena sinonimoak izatea beharrezkoa da, CUPekoaren hitzetan.

Jon Olano

Jon Olano

20:02
2016-01-10

Gabrielek Masi: "Guk ulertzen dugu ez dugula garaileen eta garaituen akordio bat egin".

Jon Olano

Jon Olano

20:01
2016-01-10

Anna Gabriel CUPeko bozeramailearen txanda orain. "Haustura, aldaketa eta erronka legealdia" izan behar du datozen hilabeteetakoak.

Jon Olano

Jon Olano

19:54
2016-01-10

Ciutadansen ildotik, finantzaketa eredua aldatzeko aukeraz hitz egiten ari da Garcia Albiol, "baina ez enbaxadak irekitzeko eta Espainiarekiko haustura abiatzeko".

Jon Olano

Jon Olano

19:46
2016-01-10

Garcia Albiolek Masi: "Kataluniaren etorkizuna erradikalen eta antisistemen esku utzi duzu".

Jon Olano

Jon Olano

19:44
2016-01-10

Garcia Albiolek Masi: "CUPek umiliatu zaitu, baina zuk ere CUP umiliatu duzu. Arazoa da bien artean Kataluniako herri osoa umiliatu duzuela".

Jon Olano

Jon Olano

19:40
2016-01-10

Hainbat hedabide zabaltzen ari direnez, Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Mariano Rajoyk agerraldi bat egingo du 20:30etatik aurrera. Kataluniako inbestidura saioa hizpide, pentsa daitekeenez.

Jon Olano

Jon Olano

19:38
2016-01-10

Garcia Albiolen lehen hitzak Puigdemonti: "Ez zuk ez inork ez du hasiko Espainiarekiko haustura prozesu bat".

Jon Olano

Jon Olano

19:34
2016-01-10

Rabell: "Puigdemonti ezetza indar progresistei luzatutako eskua da". Amaitu du CSQEPekoak, eta PPko Xavier Garcia Albiolen txanda da orain.

Jon Olano

Jon Olano

19:30
2016-01-10

Erreferendum adostu eta aitortua babestu du Rabellek, eta gaineratu aldaketarako oinarri sozial zabala sustatuko duen gobernu bat behar dela.

Jon Olano

Jon Olano

19:27
2016-01-10

"Deskonexiorako ez dago ez baliabiderik, ez kanpo babesik", Rabellen (CSQEP) arabera: "Benetan uste duzue aldebakartasunez eta gure borondatez aduanak ezarriko ditugula?". Gaineratu du bere koalizioa ez dela "legearen fetitxista", baina aldebakarreko independentzia legez kanpokoa dela.

Jon Olano

Jon Olano

19:22
2016-01-10

Icetaren argudio berari eutsi dio Rabellek; irailaren 27ko hauteskundeek gobernatzeko zilegitasuna eman diote Junts Pel Siri, baina ez sezesiorako.

Jon Olano

Jon Olano

19:15
2016-01-10

Hasieratik iragarri du Rabellek Puigdemonten aurkako botoa, "ezkerreko oposizio" den heinean.

Jon Olano

Jon Olano

19:13
2016-01-10

Lluis Rabell Catalunya Si que es Pot koalizioko bozeramailearen txanda orain.

Jon Olano

Jon Olano

19:08
2016-01-10

Hiru aldiz ezetz esan dio Icetak Puigdemonti: "Ez ilegaltasunari, ez indenpendentziari, ez zure inbestidurari". PSCren lehentasunak aletu ditu: berraktibatze ekonomikoa, ongizate estatuaren eta zerbitzu publikoen defentsa, ustelkeriaren eta iruzurraren aurkako borroka.

Jon Olano

Jon Olano

19:01
2016-01-10

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko haustura adierazpena baliogabetu zuela-eta, adierazpen hori garatzeko asmorik duen galdetu dio Icetak Puigdemonti. Kataluniako erakundeak "legez kanpo kokatzearen kostuaz" galdetu dio.

Jon Olano

Jon Olano

18:57
2016-01-10

Junts Pel Sik soilik CUPekin negoziatu duela-eta, Icetak salatu du gobernu independentista osatzea dutela helburu prozesu independentista gauzatzeko. Hori horrela, CUP eta JxS bozkatu ez zuten katalanen %52ri entzuteko eskatu dio Icetak Puigdemonti.

Jon Olano

Jon Olano

18:52
2016-01-10

Irailaren 27ko bozen emaitzak gogorarazten ari da Iceta. Haren ustez, independentistek osatutako gobernu bat osatzeko aukera eman zuten emaitzek, baina ez sezesio prozesu bat gauzatzeko, plebiszitua galdu zelakoan.

Jon Olano

Jon Olano

18:46
2016-01-10

Amaitu du Arrimadasek, eta Miquel Iceta PSCko bozeramailearen txanda da orain.

Jon Olano

Jon Olano

18:43
2016-01-10

Arrimadasek iragarri du espero zena; ezezko botoa emango diola Puigdemonti: "Ez dizuegu utziko milaka funtzionariori legez kanpo jardutera behartzen zuen deriba politikoengatik". Espainiako Gobernuarekin hitz egiteko gai izan dadila eskatu dio, baina "zilegi" diren eskariak egiteko, finantzaketa eredua kasu.

Jon Olano

Jon Olano

18:33
2016-01-10

Ustelkeriaz hitzik ez egitea eta Masekiko antzekotasun handia izatea aurpegiratu dio Arrimadasek Puigdemonti. Aurrerantzean oposizio "sendoa" beharrezkoa izango dela azpimarratu du Ciudadanosekoak.

Jon Olano

Jon Olano

18:28
2016-01-10

Puigdemonten jardun independentista kritikatu ostean, haren Twitter kontuan bilatzen aritu direla esan du Arrimadasek. Inbestidura saioan "moderatu itxura" egin nahi, baina sare sozialean hain moderatua ez izatea egotzi dio.

Jon Olano

Jon Olano

18:24
2016-01-10

Ines Arrimadas (Ciutadans) Artur Masen kontra hitz eginez hasi da: "Beldur izan diezue hauteskundeei". Masek "hausturarako gaitasun izugarria" duela esan du, CiU, Convergencia eta CUP hautsi dituelakoan.

Jon Olano

Jon Olano

18:16
2016-01-10

Mas ordezkatzeko kinieletan ez zen ageri Carles Puigdemont. Oihan Vitoriak egin du haren soslaia.

Jon Olano

Jon Olano

17:59
2016-01-10

Irudia: Xavier Garcia Albiol PPko bozeramailea, Puigdemonti bostekoa ematen.

Jon Olano

Jon Olano

17:57
2016-01-10

"Duintasun" hitzarekin amaitu du hitzaldia Carles Puigdemontek. 20 minutuko etena egingo dute orain, eta ondoren, Ines Arrimada Ciutadanseko bozeramailearena da hitza.

Jon Olano

Jon Olano

17:44
2016-01-10

Lehentasunen artean, berezko ogasuna garatzeko asmoa azaltzen ari da Carles Puigdemont, "alor fiskalean autonomia osoa" izateko. Bestalde, azaroaren 9ko haustura adierazpenak prozesu konstituziogilea abiatu zuela esan du Puigdemontek, eta gobernu berriak negoziazio agenda abiatu beharko duela Espainiako eta Europako Batasuneko erakundeekin.

Jon Olano

Jon Olano

17:25
2016-01-10

Masek aurkeztutako gobernu programari eutsi, eta bide orri independentista gogorarazi du: Konstituzio katalana osatzeko herritarren parte hartzea, estatu egituren diseinua, prozesu konstituziogilea eta prozesuaren nazioartekotzea.

Jon Olano

Jon Olano

17:15
2016-01-10

Artur Masi eskerrak Puigdemontek, "betiko bere agintea ezaugarrituko duen duintasunagatik".

Jon Olano

Jon Olano

17:11
2016-01-10

Barkamen eskari eta esker emateekin hasi du hitzaldia Puigdemontek: "Ez dugu ongiegi egin".

Jon Olano

Jon Olano

17:10
2016-01-10

Carles Puigdemont: "Kontziente nahiz inbestidura honen baldintzez"

Jon Olano

Jon Olano

17:02
2016-01-10

Puigdemont jarduneko gobernuko kideak agurtzen, inbestidura saioa hastear denean.

Jon Olano

Jon Olano

17:02
2016-01-10

Sartu da aretoan Artur Mas jarduneko gobernuburua ere. Txalo artean irten da bere bulegotik.

Jon Olano

Jon Olano

16:56
2016-01-10

Prest da Forcadell legebiltzarreko presidentea, eta pixkanaka aretora sartzen ari dira parlamentariak. Bestalde, Bozeramaileen Mahaiak ez du kontuan hartu PPren eskaria.

Jon Olano

Jon Olano

16:54
2016-01-10

Gauerdia baino lehen izendatu behar dute gobernuko lehendakaria. Epez hain estu daudela, saioa bertan behera uzten ahalegindu da PP. Xavier Garcia Albiol diputatuak ohartarazi du saioak ez duela legebiltzarreko araudia betetzen, eta 82 eta 146.1 artikuluak aipatu ditu argudio gisa. Lehenaren arabera, ezin da eztabaida bat hasi gutxienez bi egun lehenago ez bazaie taldeei eztabaidatzeko dokumentaziorik banatu.

Jon Olano

Jon Olano

16:50
2016-01-10

Parlamentariek ahoz esango dute Puigdemont inbestitzeari baietz edo ezetz esaten dioten edo abstenitzen diren. Zozketa batean aukeratuko dute nor hasiko den botoa ematen, eta ondoren, alfabetikoki joango dira besteak.

Jon Olano

Jon Olano

16:37
2016-01-10

Inbestidura saioa 17:00etan hasiko da. Ordu horretan, Carles Puigdemont Junts Pel Siko presidentegaiak hartuko du hitza, denbora mugarik gabe. Ondoren, talde parlamentarioek hartuko dute hitza, ordu erdiz bakoitzak. Ciutadans hasiko da, talde handienetik txikienera. Anna Gabriel Sabatek hitz egingo du CUPen izenean.

Ondoren egingo da bozketa. Lehen bozketan aukeratu beharko dutenez, gehiengo absolutua behar du Puigdemontek; 68 diputatu. Hortaz, litekeena da CUPeko seik bozkatzea haren alde —62 legebiltzarkide ditu Junts Pel Sik, eta hamar CUPek—.

Jon Olano

Jon Olano

16:33
2016-01-10

Ordu erdi falta da Kataluniako Parlamentuan gobernuko presidentea izendatzeko saioari ekin diezaioten. Carme Forcadell legebiltzarreko presidenteak Twitterren zabaldu duenez, sinatu du jada Carles Puigdemont hautagai gisa proposatzeko ebazpena.

Jon Olano

Jon Olano


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna