Erabakitzeko eskubidea

Diman ekainaren 19an egingo dute galdeketa, Goierriko herriekin batera

Atzo azpeitiarrek jakinarazi bezala, gaur dimarrek jakinarazi dute independentziari buruzko herri galdeketa egingo dutela.

Azpeitian atzo egindako aurkezpena
Azpeitian atzo egindako aurkezpena

Enekoitz Telleria - Oihana Elduaien -

2016ko urtarrilak 17

Diman (Bizkaia) ere independentziari buruzko herri galdeketa egingo dute ekainean. Goierritarrekin batera egingo dute, ekainaren 19an, eta gainerako herrietan egin gisara, han ere Gure Esku Dagotik abiatuta, aparteko elkarte bat sortu dute galdeketa aurrera eramateko: Alkarregaz. Elkarte horretako kideek erabakiko dute, hain justu, herritarrei egingo dieten galdera zehatza.

Azpeitian Hitzartu

Hitzartu izeneko talde plurala jaio da Azpeitian (Gipuzkoa). Erabakitzeko eskubidea «guztion» topalekua dela sinetsita jaio ere. Eta Gure Esku Dago-k proposatutako erronkari heltzea dutela helburu esan dute Soreasu antzokian egindako aurkezpen jendetsuan. 2018a bitartean ahalik eta herri gehienetan independentziari buruzko herri galdeketak antolatu eta gauzatzea da GEDren hurrengo urratsa. «Asmo horretan laguntzeko jaio da Hitzartu». Aurreratuak dituzte lanak. Badute eguna: ekainaren 12a. Badute galdera: «Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?».

Izenari ohore eginda hitzartu dituzte eguna eta galdera, eta erabakitzeko eskubidea topaleku hartuta elkartu dira pentsamendu eta joera askotariko hainbat herritar. Atzo, Soreasun 160 bat lagun bildu ziren, eta jakinarazi zuten hamabost laguneko talde eragilea sortu dutela, egunerokotasunean lanean aritzeko. Galdeketarekin bat egin dute, esate baterako, Eneko Etxeberria alkateak, Iñaki Errazkin alkate ohiak, EH Bilduko Aitor Bereziartua zinegotziak, EAJko Aitor Gorrotxategi, Xanti Gurrutxaga eta Jose Urbistondok, Xabier Etxeberria preso ohiak eta herriko kultur, kirol eta herri mugimenduetako hainbat eragilek. Laxaro Azkune kazetariak hartu zuen hitza Hitzarturi buruzkoak argitzeko. «Gure iritziz, subiranotasun edo herri antolaketa auziak bezala, modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron parte hartzean sakonduz bideratu beharko lirateke», esan dute aurkezpenean. Diotenez, ordea, erabakitzeko eskubidearen alde egotea ezin da izan «egote hutsa», «jarrera aktiboa» eskatzen du. «Erabakitzeak erantzukizuna, parte hartzea eta protagonista izatea behar ditu bere baitan. Hitzartu osatzen dugunok, aldarrikapenetik harago joan, eta erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugu».

Hiru mailako ibilbide bat proposatu dute. Herri galdeketaren aldeko sinadurak bilduko dituzte lehenengo, galdeketa antolatuko dute hurrena, eta galdeketa egin azkena. Alegia, 1.500 sinaduratik gora biltzea, lehenengo, martxoaren erdira bitartean —Azpeitiko biztanleen %10 baino gehiagoren babesa—. Helburu hori beteta, bigarrengoa, galdeketa antolatu eta kanpaina egitea, herritarren parte hartzea sustatu eta lantalde irekietan lan eginez. Hirugarrengoa, ekainaren 12an galdeketa egitea, 16 urte edo gehiago izan eta herrian erroldatutako pertsona orok bere iritzia emateko aukera izan dezan. Garbi esan dute: «Helburu nagusia galdeketa egitea eta ahalik eta parte hartze handiena lortzea izango da, ez emaitza».

Etxarri Aranatz (Nafarroa) izan zen lehenengoa independentziari buruzko herri galdeketa egiten, 2014ko apirilean —%42,7ko parte hartzea; %94 baiezkoaren alde—; Arrankudiaga (Bizkaia), bigarrengoa, 2014ko azaroan —%61,5eko parte hartzea; %89 baiezkoaren alde—; Goierri eskualdeko 22 herritan (Gipuzkoa) ekainaren 19an egingo dute; Azpeitikoa (Gipuzkoa) atzo jakinarazi zuten, eta Dimakoa eta Ispastergoa (Bizkaia) zehaztuko dituzte hurrengo. Dimakoaren eguna eta talde eragilea gaur bertan aurkeztuko dituzte herriko plazan (12:30), eta Ispastergoaren berri aurrerago emango dute.

Independentziari buruzkoak dira egin diren eta egingo diren galdeketa horiek. Eta orain arte egin diren galderak, independentziari buruzkoak izan arren, ezberdinak izan dira. Etxarri Aranatz: «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?». Arrankudiaga: «Nahi al duzu euskal estatu subirano baten herritarra izan?». Azpeitia: «Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?».

2.460 biztanle inguru ditu Etxarrik, 970 inguru Arrankudiagak, 14.670 Azpeitiak, 1.420 Dimak eta 705 Ispasterrek. Azpeitia da, horrenbestez, herri galdeketa antolatuko duen herririk handiena, oraingoz —kontuan hartuta Goierrin 22 herritan egingo dela, 70.000 lagun direla orotara, baina Beasain dela han herririk handiena (13.980 biztanle inguru)—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna