euskal presoak

Jose Angel Altzuguren euskal presoa hilda aurkitu dute Soriako espetxean

Duela hamar egun preso hartu zuten Jose Angel Altzuguren euskal presoa hilda aurkitu dute gaur, Soriako (Espainia) espetxeko bere ziegan. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi duenez urkatuta azaldu da 39 urteko preso beratarra. Espetxe berean, 71 urteko preso sozial bat ere urkatuta azaldu da gaur goizean. Askatasunak gogor salatu du heriotza, eta "erantzune zuzenak sakabanaketa politika indarrean mantentzen dutenak" direla diote. Datozen orduetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egin dute. Biharko, elkarretaratze deialdia egin du Askatasunak, 13:00etan Iruñan PSNren egoitzaren aurrean.
Berria

Berria -

2005eko urriak 31
Espainiako Espetxe Zuzendaritzak azaldu du goizeko zortzietako kontaketa egin dutenean topatu dutela Altzuguren, bere ziegan, maindire batzuekin, kalefakzioaren hodietatik bere burua urkatuta. 22an atxilotu zutenean Iruñako espetxera eraman zuten, eta ostiralean eraman zuten Soriara. Askatasunak jakinarazi duenez, Altzungurenek "depresio sakon" bat zuen, eta atxilotu aurretik jada medikuekin zebilen eta tratamenduan zegoen. Atxilotu zuten poliziei horrela kontatu ziela eta berehala Iruñeko espetxetik ospitalera eraman zutela dio Askatasunak, eta han tratamendu berezi bat jarri ziotela. Tratamendu eta txosten mediku horrekin eraman zuten Iruñeko espetxera eta tratamendu eta txosten mediku berarekin iritsi zen Soriara, Askatasunak azaldu duenez. Sorian, ordea ATS batek ikusi zuen, Askatasunak salatu duenez, eta ez mediku batek. Gainera, ATSak medikazioa aldatu egin ziola salatu dute, hori guztia espetxeko zuzendariak esan duela. Askatasunak "gogor" salatu du Altzugurenen heriotza. Sakabanaketa politikaren helburua "presoak fisikoki eta psikologikoki suntsitzea" dela esan dute, eta "indarrean mantentzen duten bitartean" ez direla honelako gertaerak amaituko iragarri dute. Horregatik, heriotzaren "erantzule zuzenak espetxe politika indarrean mantentzen dutenak" direla diote. Berako udalak batzarra egingo du 20:00etan Berako Herriko Etxean. Hilaren 22an atxilotu zuten Altzuguren, Imanol Larrañaga eta Ainara Fresnedarekin batera. Hirurei epaiketa egina zieten, eta zigorra betetzeko atxilotu zituzten. Altzugurenek bost urteko zigorra jaso zuen urtarrilean, eta jada hiru urte eta erdi beteak zituen. Guardia Zibilak 2001ean atxilotu zituen hirurak, Nafarroan eta Gipuzkoan egindako operazio batean. Martxoaren 23tik 27ra iraun zuen operazioak, eta zazpi lagun atxilotu zituzten, ETAko kide izatea egotzita. Altzungurenek tortura gogorrak egin zizkiotela salatu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna