Enpresak

Orbeak "eraldatzeko gaitasuna" erreibindikatu du 175. urteurrenean

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Arantza Tapia eta Anjel Toña sailburuak, Mondragoneko buru Javier Sotil eta hainbat txirrindulari ezagunek eman diote babesa bizikleta enpresari.

Orbeak Mallabian duen lantegia.
Orbeak Mallabian duen lantegia. Aritz Loiola / Argazki Press

Xabier Martin -

2016ko urtarrilak 21

Armagintzatik bizikletak egitera igaro zen Orbea aspaldian; hain zuzen, eraldatzeko gaitasunak eman dio Mondragon taldeko kooperatibari 175 urteko ibilbidea egiteko indarra. Mallabiko egoitza nagusian, jai giroan ospatu dute orain arte egindako bide luzea eta aurerrantzean egingo dutena, "beti prest berritzeko, asmatzeko, aldatzeko".

Orbea anai-arrebek 1840an Eibarren (Gipuzkoa) abiarazitako arma lantegi txikia hazten joan zen urtez urte, Lehen Mundu Gerran goia jo zuen arte. XX. mendearen hasiera oparoa izan zen arma ekoizleentzat. Gerra bukatuta krisialdia iritsi zen, eta beste sektore batzuetara igaro behar izan zuten. Besteak beste, bizikletak egiteari ekin zion Orbeak. "Garaiko arma onenak egitetik garaiko bizikleta onenak egitera pasatu zen enpresa", esan du Jon Fernandez Orbeako zuzendari nagusiak.

Urte onak ezagutu zituen, baina ibilgailu motordunak agertzearekin batera salmentak makaldu ziren. "Teknologia zaharkitua geratu zen". 1969an, kiebra jotzear, kooperatiba sortu zuten langileek, "euren dirua arriskatuta", eta Mondragon taldean sartu zen 1971n, oraindik izen hori hartu gabe zuela. Eibarko lantegia itxi, eta Mallabira (Bizkaia) lekualdatu zen enpresa 1975ean.

Gaur egun, mundu osoko merkatuetan lan egiten du enpresak, eta 200.000 bizikleta inguru ekoizten ditu urtero. Bi lantegi nagusi dauzka: bat Mallabian, 180 langile bazkiderekin, eta bestea Portugalen, 50ekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna