Otsoa

Euskal Herriko azken lau otsoak hil dituztela salatu dute talde ekologistek

Bizkaiko Aldundiaren baimenarekin egin dute uxaldia Karrantzan. Euskadiko Otso Taldeak aldundiaren "jarrera lotsagarria eta hipokrita" gaitzetsi du, eta nekazarien presioei men egitea leporatu dio.

Otso bat, artxiboko irudian.
Otso bat, artxiboko irudian. / BERRIA

Arantxa Elizegi -

2016ko urtarrilak 24

Euskadiko Otso Taldeko kide Andres Ilanak BERRIAri azaldu dionez, larunbatean egin zuten uxaldia Karrantzako mendietan, eta hiru otso hil zituzten. Eta laugarrena ere egin dute. "Bizkaiko azken otso taldea zen hura; Euskal Herrian geratzen zen bakarra. Aldundiak baimendu zuen ehiza, baina ez zien ehiztariei inolako kuporik jarri. Bost otso aurkitu izan balituzte, bostak hilko ziztuzten". 

Aurretik, 2014an, beste otso bat hil zuten inguru berean. "Talde berekoa zen. Alfa edo ar nagusia deritzona. Normalean, talde bateko burua hiltzen dutenean, taldea desegin egiten da; baina kasu honetan elkarrekin jarraitu zuten. Atzo arte", azaldu du Ilanak. 

Duela bi urtetik hona Euskadiko Otso Taldea eta Bizkaiko Aldundia elkarlanean aritzen ziren, otsoen inguruko neurriak hartu behar zirenean. "Otsoek inolako kalterik eragiten bazuten edo salaketarik bazen, gurekin harremanetan jartzen ziren, eta nolabaiteko jarraipena egiten genuen. Oraingoan, ordea, guri ezer esan gabe eta inolako azalpenik eman gabe baimendu dute ehiza".

"Jarrera lotsagarria"

Ilanak "lotsagarri eta hipokritatzat" jo du aldundiaren jarrera: "Diote nekazarien eta otsoaren arteko oreka mantendu nahi dutela; baina ez dituzte horretarako neurriak hartzen. Aldiz, mugarik gabeko uxaldiak baimentzen dituzte". 

Aurretik 2010ean eta Arabako Aldundiaren baimenarekin desegin zituzten lurralde hartako azken otsoak. Orain, Bizkaikoak desagertuta, EAEn zeuden azken otsoak desagertutzat jotzen dituzte ekologistek. 

Jaurlaritzaren erantzunaren zain

Orain urtebete, 24 talde ekologistak eskaera egin zioten Jaurlaritzari otsoa arriskuan dauden animalien katalogoan sar zezan. Hark erantzun zien hauteskundeak igaro ondoren erantzungo zuela eskaera; urtebete igaro da, baina, eta erantzunik gabe jarraitzen dute. "Ez dute esku hartu nahi; nahiago dute orain arte bezala jarraitu eta nekazarien eskaerei men egin haiek pozik uzteko". 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna