Argia Sariak

Joxerra Senarri eman diote prentsa idatziko Argia saria

Usurbilen egin dute sariak banatzeko 27. ekitaldia. 'CAN: eta hemen ez da ezer gertatu' liburuagatik jaso du saria Senarrek, "zer, nola eta zergatik oso ondo azaltzeagatik".

Xabier Letona Argiako kazetaria eta Joxerra Senar saritua. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Berria.info
2016ko urtarrilaren 29a
10:10
Entzun

Sariak banatzeko ekitaldia egin dute Usurbilen. Ikus-entzunezko arloan, Hiru Damatxoren Gure Bazka saioak jaso du; sustapen arloko saria, berriz, Gora Gasteiz herri ekimenari eman diote, "aniztasunaz gozatzeko deia lau haizeetara zabaltzeagatik"; Interneteko saria Azpitituluak.com webguneak jaso du; irratiko Argia saria, Euskal Irratien Goiz Berri irratsaioak, "goizero munduan kokatzen gaituelako"; eta Loreak filmak jaso du merezimenduzko saria. Joxerra Senar BERRIAko kazetariak prentsa idatziko saria jaso du, CAN: eta hemen ez da ezer gertatu liburuagatik.

Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendariak ekitaldiaren hasieran esan du euskarazko hedabideentzat irautea "eguneroko erronka" den arren jauzia emateko garaia dela. Argia-k aurten egindako "jauzi txikiak" azadu ditu: astekaria berritzea, eta Bizi Baratzea liburua argitaratzea, besteak beste. "Berrikuntza hauek ez ditugu egin inongo i+g+w diru laguntzekin. Etxe barruko antolaketa aldatuta egin ditugu. Langile guztiok proiektuarekin daukagun inplikazioa gori-gori daukagu, eta guztion inplikazioarekin egin ditugu jauziak". 

"Bizitzaren burujabetza"

Euskal hedabideen artean "jauzi handia" eman litekeela nabarmendu du segidan: "Jauzia emateko beharra sentitzen dugu. Irautea ez zaigu aski, bizi egin nahi dugu". Euskarazko hedabideak "herritar denentzat erreferente" bihurtu beharraz aritu da, eta horretarako, "elkarlan zintzorako deia" egin die herri ekimeneko eragileei, enpresei eta erakunde publikoei.

"Argia-ren balio nagusietakoa bada bizitzaren burujabetza", esan du Argia-ko zuzendariak: "Herritarrok gure bizitzaren jabe izatea, gure gorputzen, ekonomiaren, erakundeen, maila guztietako erabakien jabe. Eta burujabe izateko, edo bizitza osoa demokratizatzeko, beharrezko dugu informazio independentea, kritikoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.