Auzitegiak

Arraiz inputatu dute, Guardia Zibilari mehatxu egitea leporatuta

Hilaren 17an deklaratzera joan beharko du abokatuen aurkako operazioan Guardia Zibilari "xake-mate" egin behar zaiola esatea egotzita. Operazio hari 'Mate' izena jarri zion epaileak.

Arraiz, Mate operazioa baloratzeko egindako agerraldian.
Arraiz, Mate operazioa baloratzeko egindako agerraldian. GORKA RUBIO / ARP

Berria -

2016ko otsailak 1

EAEko Auzitegi Nagusiak inputatu egin du Hasier Arraiz Sortuko presidentea, eta deklaratzera deitu du hilaren 17rako. Bien bitartean, salaketaren inguruko txostenak egiteko eskatu die Guardia Zibilari eta Ertzaintzari.

2015eko urtarrilaren 12an Guardia Zibilak hamabi abokatu eta Herrira-rekin lotutako beste lau lagun atxilotu zituenean Mate izena eman zion operazio hari Eloy Velasco epaileak. Urtebete lehenago EPPKren bitartekarien aurka egindako operazioari Xake izena jarri zion. Halako erasoei aurre egiteko deia egin zuen Arraizek abokatuen aurkako operazioa izan zenean, epailearen hitz-joko bera erabilita: Guardia Zibilari "xake-mate" egitera deitu zuen Euskal Herria.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, salaketa jarri zuen, eta fiskaltzak ikerketa hasi zuen. Espainiako Estatuari eta Guardia Zibilari "irainak eta mehatxuak" egin izana egotzita salatu zuten Arraiz.

Dignidad y Justiciak Sortuko presidentearen aurkako kereila aurkeztu zuen gero, auzibidea abiatzeko eskatuta. Eta Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburua ere Arraiz inputatzearen alde agertu zen.

Arraizek adierazpenak egin zituen prentsaurrekoaren bideoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna