ADIERAZPEN ASKATASUNA

Aske uzteko eskatu, eta "terrorismoa goratu" izana ukatu dute txotxongilolariek

Madrilgo Udala salaketa erretiratzea aztertzen ari da, eta onartezintzat jo du haiek espetxeratzea. Txotxongiloen Nazioarteko Batasunak aske utz ditzatela eskatu du.

Berria -

2016ko otsailak 8

Madrilen eskaini zuten ikuskizunean Gora ALKA-ETA zioen kartel bat erakusteagatik, bi txotxongilolari atxilotu eta espetxeratu zituzten ostiralean. Raul Garcia Perez eta Alfonso Lazaro dira, eta helegitea aurkeztu dute espetxeratzeko erabakiari. Txotxongilolarien Nazioarteko Batasunak hedabideen gehiegizko arreta salatu du, eta aske uzteko eskatu du. Gehienez ikuskizuna programatzerakoan akats bat egon litekeela azpimarratu du.

Ikuskizunean "terrorismoa goratu" zutelakoan espetxeratu zituen Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak, baina Garcia Perezek eta Lazarok ukatu egin dute hori egin izana: "Ez da zinemaren, telebistaren edo literaturaren historian indarkeria gehien duen fikziozko obra". Bien abokatuek gogorarazi dute beste batzuetan ez dutela erabaki lanen egileak auzipetzea.

Azpimarratu dute klasiko askotan ageri direla indarkeria uneak, eta William Shakespeare eta Fiodor Dostoievski aipatu dituzte horien artean. Ostiraleko lana "inauterietarako eginiko umore satira" bat izan zela azaldu dute, eta kexu agertu dira espetxeratzearekin: "Paradoxikoki, Federico Garcia Lorca omentzen duen demokrazia berak, 'Je suis Charlie Hebdo' oihukatzen zuenak, bere lege makineria martxan jartzen du umore satira baten egileak espetxeratzeko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna