MUSIKA

“Egunsentiaren kantak” diskoa aurkeztu du Pier Paul Berzaitzek

Atzera begirako lanean Xabier Leteren bost poema musikatu ditu. Bere ibilbideko klasiko batzuri ere lekua eskaini die.

Pier Paul Berzaitz.
Pier Paul Berzaitz. / Bob Edme

Ekhi Erremundegi Beloki - Iparraldeko Hitza -

2016ko otsailak 11

50 urteko ibilbidea ospatzeko bere buruari egin dion oparia bezala aurkeztu du Egunsentiaren kantak lan berria Pier Paul Berzaitz artista zuberotarrak. Joxan Goikoetxea musikariarekin batera osatu du obra, azken honek kudeatzen duen Aztarna ekoizpen etxearen zigilupean. Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak liburuari erreferentzia zuzena egiten dio diskoaren izenburuak, eta ez da begi-klixka soil bat, Leteren bost poema musikatu baititu Berzaitzek. Letek berak eskatu zion bere letrei musika emateko; hitza hitz. Kasik bi urtez osatu duten lanean aurkitzen dira Esku hutsik hiltzen gira, Hiri maiteak, Imanol Larzabal lagunari agurra, Eternitatea eta Nere aita zenari eskaintza. Horiekin batera Berzaitzen ibilbidea markatu duten klasiko batzuk eta klasiko unibertsal batzuk ere bildu ditu. Hala, Guk-en garaian kantatu zituen Geroa esperantzaz beterik eta Eki eder kantuak, biak Beñat Sarasola idatziak, entzungai izanen ditu diskoa eskuetan hartzen duenak. Horiekin batera Leo Ferré-ren Avec le temps kantu ezagunaren adaptazio bat ere proposatzen du, Denborareki, eta Parisko Komunaren garaian idatzitako Le temps des cerises kantu ezaguna, Berzaitzek euskaraz bereganatu duena, Gerezien denbora. 13 kantuen zerrenda osatzen dute, Jean Louis Davant-en Jakobe, Nemesio Etxanizen Euskal Herri Maitea, Leteren Xalbadorren heriotzean, eta Giuseppe Ungarettiren Non Gridate Piu kantuekin batera.

Disko berriaren aurkezpena Xabier Leteri ohore egin eta elkarrekin izan zuten harremana kontatzeko parada izan da Berzaitzentzat. “1975ean ezagutu genuen elkar, Hernanin elkarrekin eman genuen kontzertuan. Ondotik Garazira gomitatu nuen kantatzeko, eta urte luzez anitzetan gurutzatu izan gara. Hala ere dolu bat dut ez gehiagotan egon izana berekin. Obra miresgarri bat utzi du; munduko poeta onenetakoa izan da”, kontatu du emozioz.

Arrakasta lortzeko elementu guziak biltzen baditu ere, Berzaitzek argi utzi nahi izan du lan berri hau ez dela “marketin produktu bat”. “Zergatik disko berri bat merkatua beherantza doanean?” galdetu du. Bere hitzetan, epe luzera egindako lana da: “Lan honek herriaren nahia gurutzatzen badu, hainbat hobe. Nire adinean ez da marketin obra bat, kontserbatorio lan bat baizik”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna