Memoria historikoa

Isildutako galderak, nahitako ahanztura

1936ko altxamenduak Nafarroan eragin zuen garbiketa politikoa aztertu du Fernando Mikelarenak 'Sin piedad' liburuan; lanak egon den zigorgabetasuna agerian uzten duela nabarmendu dute irakurri duten fusilatuen senideek.

Fernando Mikelarena, Carlos Martinez, Orreaga Oskotz, Arcadio Ibañez eta Javier Aiape. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2016ko otsailaren 19a
17:07
Entzun

Badira 80 urtez existitu ez diren errealitateak. Inork ez dituelako kontatu. Inork ez dituelako kontatu nahi izan. Bideko Mitxingorria memoriaren aldeko herrien koordinakundeko kide Javier Aiapek (Kaseda, 1955) urtarrilean ezagutu zuen horietako bat. “Gizon baten deia jaso genuen. Ez zigun izena erran nahi izan. Ez zigun erran non bizi den. Deus ez. Hil aurretik, 1936an Esan ikusi zuena kontatu nahi zuela; bertzerik ez”. 8 urteko mutiko bat zen gizon hura, duela 80 urte. Esako errepide zaharreko bigarren tunelaren ondoan zegoela, kamioi bat agertu zitzaion bidera. “Igo egin zuten. Hamar gizon eta emakume bat ikusi zituen, denak eskuak lotuta. Banaka jaitsi, eta buruan tiro eginez hil egin zituzten, haren aurrean”. Hiltzaileetako batek 8 urteko mutikoari erran zion herriko alkatearengana joateko, gertatu zenaren berri ematera. “Jacara joan behar zutela erran zioten, eta handik bueltan, sarraskirik ez zutela ikusi nahi han”.

Esako mutikoak ezin izan du ahaztu. Baina, 80 urtean, inori ez dio kontatu, orain arte, 8 urteko ume bat zenean zer ikusi zuen. Zer bizi izan zuen herri ondoko zelai hartan. “Oraindik bada ahanzturatik zer atera”. Hori uste du Aiapek. Badela zer ikertu, zer galdetu, zer salatu. Eta hori egin du Fernando Mikelarena historialariak (Bera, 1962) Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores izenburuko liburuan (Pamiela, 2015).

500 orri baino gehiagoko lana da. Mardula eta gogorra. “Liburu hau kolpe moral, politiko eta etiko handia da Nafarroako gizartearentzat”, nabarmendu zuen Mikelarena historialariak, aurkezpenean. Goitik behera irakurri du Aiapek. “Gisako bat behar dugu herri bakoitzean”, erran du. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide Orreaga Oskotzek (Iruñea, 1964), berriz, Mikelarenaren ausardia nabarmendu du. “Liburu ausarta da”. Jakin-min handiz irakurri duela kontatu du Oskotzek. Liburuak ez dielako biktimei erreparatzen; biktima horien hiltzaile izan ziren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei baizik. “Agerian uzten du zenbaterainokoa izan zen gertatua; zenbaterainokoa izan den zigorgabetasuna”.

Isidoro Egia Olaetxearen biloba da Orreaga Oskotz; aitatxi zuena eta haren hiru anaiak hil zizkioten, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz. “Aitatxia eta haren anaia Bautista Zizurren dira lurperatuak, bertze bi pertsonarekin batera. Beti jakin izan dugu; gorpuak lur azpitik ateratzeko bidean gara, azkenean”.

Iazko maiatzean, Nafarroako Parlamentuan hartu zuen hitza Oskotzek. “Hemen ez da inoiz kontatu zenbaterainokoa izan zen egin zutena; bizilagun batzuek bertze hainbat atera zituzten beren etxeetatik, eta erabateko zigorgabetasunez, hil egin zituzten. Inori ez zaio horren inguruko erantzukizunik eskatu”, erran zuen egun hartan.

Hitz horiei eutsi die. Eta Mikelarenaren liburua irakurri eta gero, lehendik uste zuena berretsi baino ez du egin. “Nola da posible norbaitek Nafarroan gertatu zenaren berri ez izatea?”. Hori ezinezkoa dela argi du Oskotzek. “Ez dira gauza bera ez jakitea eta jakin nahi ez izatea”, nabarmendu du. Mikelarenaren liburuak galderak egiteko balioko duela espero du Oskotzek. Nork bere etxean aurreko belaunaldiek egin zutenari buruz galdetzeko bidea zabalduko duela.

Mikelarenak 1936ko altxamendu militarraren ondotik batere errukirik izan ez zutenei egin die so bere liburuan. Garbiketa politikoa egin zutenei. Eta hainbat ardura mota bereizi ditu: “Lehen mailan dira agintari militarrak”. Erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu ditu bigarrenean, eta, hirugarrenean, berriz, “bertzeak hiltzeko prest” zirenak. Heriotza eskuadroiak osatu zituztela azaldu du historialariak; Iruñeko Aguila eta Tuterako Escuadra Negra, adibidez. Baina bada arduradun gehiago, Mikelarenaren hitzetan: “Laguntzaile anonimo haiek guztiak”. Altxamenduaren ondotik, Oskotzek erran bezala, bizilagunaren aurka egiteko prest agertu ziren haiek.

Hamaika artxibotan aritu da arakatzen Mikelarena azken liburua osatzeko. Lan horri buruz, memoria historikoaren esparruan idatzi direnen artean “argiena” dela erran du Arcadio Ibañezek (Miranda Arga, 1937), gertatu zenari buruzko kontakizuna bere gordinean agertzen duelako egileak. “Sumatu dut hasi garela beldurra galtzen. Urte luzez egon naiz ni neu hitz egin gabe. Eta bada hitz egiteko garaia”, onartu du.

Izen bereko aita hil zioten Ibañezi, 1936ko altxamenduan. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide da. Aspaldi hasi zen bera lanean, gorpuekin batera betiko lurperatu nahi izan duten memoriaren alde. “1978. urtean, Jose Maria Jimeno Juriorekin joan nintzen espetxeko artxibora. Sartzen utzi ziguten. Gogoan dut Jimeno Juriok erabateko jakin-minez egiten ziela so paperei; nik etsita hartu nituen. Hamaika pertsonaren berri ematen zuten, baina han sartu eta handik atera zituztela bertzerik ez zuen jartzen”.

Haren aita Zaragozako kartzelara eraman zuten. “Atxilotu eta handik bi egunera ama joan zen haren bila, baina ez zen jada aitaren arrastorik. Ez dugu bertze deus jakin inoiz”. Artxiboetan ez zituen aurkitu Ibañezek bilatzen zituen erantzunak. Herrian ere ez. Ezta etxean ere, anitzetan. “Hainbat senidek ere nahiago izan dute 1936an gertatu zenaz ez mintzatu; iragana bakean utzi behar dela diote”. Ez da iritzi berekoa Ibañez. 1978. urtean, fusilatuen gorpuak lur azpitik ateratzeko lehen urratsak egiten hasi zirenean, horren alde lanean aritu zen jada.

“Programatutako ahanztura da hemen duguna”. Horixe nabarmendu du Carlos Martinezek (Sartaguda, 1950). Bideko Mitxingorria koordinakundeko kide da, bai eta hainbat fusilaturen senide ere. “Amak inoiz ezin izan zuen ahaztu nebei egin zietena”. Etxetik atera eta fusilatu zituzten. 1936an gertatutakoei buruz, baina, sukaldeetan mintzatzen zirela azaldu du Martinezek. “Ez jendaurrean”. Eta horrek ekarri du memoriaren soka moztea. “Nik etxean ikusi dut; nire anaiek ez zuten gertatu zenaren berri; gertatu zen hori isilpean gorde nahi izan delako”.

Jakin nahi izatea

“Kontua ez da ez dakigula; jakin nahi ez dugula baizik”. Berretsi egin du Oskotzek aurretik errandakoa, Martinezi erantzuteko. Duela bi urte gertatutakoa gogora ekarri du hori azaltzeko: “Lagun batekin joan nintzen Iruñeko Alde Zaharrera, hainbat gauza erostera; laguna konturatu zen hainbat dendatan ez nuela sartu nahi. Zergatik ez nuen nahi galdetu zidan, eta beti egin baina hitzez aurretik inoiz azaldu ez nuena kontatu nion: denda batekoak hil zuelako aitatxi; bertze batekoak jendea nola fusilatzen zuten ikustera joaten zirelako… Jendeak ez du ahaztu. Ezin da ahaztu gertatu zena. Ezin dugu erran ez dakigula”.

Jasotakoa bere baitan zuen Oskotzek. Memoria. Eta bere seme-alabei eman die. “Zuk egin duzu ahalegin hori, eta zure seme-alabek jaso dute zure memoria, baina gazte anitzek ez dakite deus”, erran dio Martinezek Oskotzi. Hainbat ikastetxetan ibili zen Martinez bera, Sartagudan fusilatuen omenez egindako memoriaren parkearen inaugurazioaren harira, eta hori sumatu zuela nabarmendu du: “Jakin-minez entzun zituzten errateko genituenak; interes handiz; baina ez zekiten hemen zer gertatu zen”.

Herrietan biktimak eta biktimarioak gelditu ziren. Elkarrekin. Eta horrek erabateko isiltasuna ekarri zuen. Horixe nabarmendu du Aiapek. “Gure herrian 52 hil zituzten; zenbat zaurituko zituzten?, zenbat torturatu?, zenbat jendek parte hartu zuen hori egiteko? Zenbaitetan, herri osoak esku hartzen zuen errepresioan”. Gehiago erran du Ibañezek: “Ezker eta eskuin, biktima eta biktimario, denak egon gara elkarrekin herrietan. Familien baitan mozala jarri diogu elkarri, familia berean biktimak eta biktimarioak izan ditugulako”.

Bat egin du Mikelarenak, eta onartu du liburuan jasotako erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileen zerrenda, segur aski, motz gelditzen dela. Lan horrek egin duen ahalegina eskertu dute, halere, senideek. Martinezek karlistei buruz jasotako informazioa nabarmendu du. “Nafarroako Karlisten Gerra Batzorde Nagusiari buruz, adibidez, hamaika datu eman ditu; argi dago eskura dauden agiriak ez direla batzorde horri buruz egon beharko luketen guztiak, baina ez dut uste inork gordeko zituenik”.

Ez da horrekin ados historialaria. Eta eman du bere arrazoia: “Hainbertze krimen egin zituztenez, hainbertze jendek parte hartu zuenez, gauzak nola amaituko ziren jakin gabe, ziur naiz baten batek informazio hura gordeko zuela, babes gisa”. Bilatzen jarraitzeko prest da Mikelarena, baina argi du asmo horrek ez diola batere mesederik egiten bere lan akademikoari. Historian doktore da, eta Zaragozako Unibertsitatean irakasle. Sin piedad liburuari buruzko artikulua argitaratu nahi izan du aldizkari espezializatu batean, baina atzera bota diote. Ezezko horren giltza gaiak duela argi du Mikelarenak.

“Hamaika artxibotan ikertu eta gero egindako lana da hau; sekulakoa; Nafarroako etxe, ikastetxe eta liburutegi guztietan egon beharko luke, baina ez da hala izanen”. Horixe uste du Aiapek, eta zuzen dela onartu du Mikelarenak. Gaia da gakoa, berriz ere. Historialaria argi eta garbi mintzatu da: “Nafarroan, oraindik ere, ez da egin zuten garbiketa politikoari buruzko eztabaida publikorik egin”. Bat egin du Martinezek. “Ez dago eztabaida sozialik; memorian ari garenok ez dugu hori lortu, eta trantsizioak bere memoria edo, hobeki erranda, bere ahanztura inposatu zuen. Iraganeko kontua dela dioen mezua nagusitu da; baina hau giza eskubideen inguruko auzia da”.

Sarraski itzel baten ondorio

Ahanztura horren aurka egin nahi izan du Mikelarenak bere liburuarekin, hain zuzen ere. Eztabaida piztu; zalantzarik gabe nabarmendu du egungo Nafarroa nekez uler daitekeela 1936an gertatu zena kontuan hartu gabe. “Egungo Nafarroa sarraski itzel baten ondorio da; hori kontuan hartzen ez badugu, nekez ulertuko ditugu frankismoaren urteak, trantsizioa edo egun dugun gizartea. SOE eta UGT erabat deuseztatu zituzten; suntsitu zuten, guztiz, ezkerreko errepublikazaletasuna. Hori ulertzen ez badugu, egungo Nafarroa politiko, sozial, ekonomikoa hortik datorrela, ez dugu deus ulertuko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.