Herri galdeketak

Debagoienean ere galdeketa egingo dute ekainaren 12an independentziari buruz

Sinadura bilketa abiatu du galdeketa aurrera eramateko sortu den Erain taldeak.

Berria -

2016ko otsailak 27

"Eragiteko erein dugu Erain". Hala esan dute taldeko kideek, Arrasaten, jaiotzaren berri emateko egin duten agerraldian. Debagoienean eta Aramaion eragiteko asmoa du taldeak, ekinbide zehatz batekin: independentziari buruzko herri galdeketa egingo dute. Azpeitian egingo duten egun berean egingo dute, ekainaren 12an, eta, adierazi dutenez, galdera ere berbera izango da: "Nahi al duzu izan estatu independente bateko herritar? Bai / Ez". Izan ere, argi dute: "Erabakitzeko garaia heldu da, eta denon artean ilusioz eraiki ditugun hautetsontziak erabiltzera goaz".

Galdeketa aurrera eramateko, Debagoieneko eta Aramaioko 6.500 lagunen sinadura behar dute gutxienez, eta  horretarako kanpaina abiatuko dute orain. 16 urte edo gehiago dituzten herritarrek eman ahalko dute sinadura, baita botoa ere. Eskualdean hainbat ekitaldi egingo dituztela jakinarazi dute, gainera: "Herriz herri, auzoz auzo, loratu egin nahi dugu erabakitze eskubidearen aldeko atxikimendua".

Goierrin, eztabaida

Goierritarrek jakinarazi zuten aurrena galdeketa egiteko asmoa. Han, ekainaren 19an egitekoak dira, eta, gaur, eztaibada egin dute herritarrekin galderari buruz aritzeko. Izan ere, galdera ere parte hartze handiz erabaki nahi dute eskualde hartan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna