Albistea entzun

Otegiren espetxe irteera

Lemazainaren itzulera

Sei urte eta erdiko kartzelaldia atzean utziko du asteartean Arnaldo Otegik. Euskal politikagintzan inor gutxik defendatzen du gaur egun hura espetxean egotea, baina osorik bete du Espainiako auzitegien zigorra. Dezente aldatu da Euskal Herriko jokaleku politikoa 2009ko urrian atxilotu zutenetik.

Arnaldo Otegi, 2009ko apirilean, Etxerat elkarteak Landako gunean eginiko ekitaldi batean.
Arnaldo Otegi, 2009ko apirilean, Etxerat elkarteak Landako gunean eginiko ekitaldi batean. Jon Urbe / Argazki Press

Jon O. Urain -

2016ko martxoak 1 05:49

2.330 eguneko espetxealdia bukatuko du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak (Elgoibar, 1958) datorren asteartean. 2009ko urriaren 13an atxilotu zutenetik preso egon da, eta, Espainiako epaitegiek ezarritako sei urte eta erdiko zigorra osorik bete ostean, atzean utziko du Logroñoko kartzela. Atzean, halaber, 8719600510 preso zenbakia. Euskal presoen zerrendan beste bat da Otegi, baina ez da preso bat gehiago: ezker abertzalean duen pisuak, bete duen eginkizunak, espetxealdiak eta zigorraren arrazoiek bihurtu dute Otegi espetxearen mugak gainditu dituen preso bat. Hain zuzen, 8719600500 zenbakia da horren ikur.

Iazko apirilean esan zuen Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak Otegi "politika aktiborako" prestatzen ari zela kartzelan, eta galtzak bete lan izango ditu irtetean. Lehenengo ordu eta egunei erreparatu besterik ez dago: libre geratu eta berehala, lehen ekitaldia egingo dute, kartzela atarian, eta arratsaldean, berriz, Elgoibarren egingo diote ongietorria. Larunbatean, berriz, Anoetako belodromora itzuliko da, harrera egiteko 17:30erako prestatu dioten ekitaldira. Bertan aurkeztu zuen Otegik berak 2004ko azaroan Orain herria, orain bakea proposamena. Gatazkari aterabide demokratikoa emateko eskaintza zen hura, eta martxoaren 22an beteko dira hamar urte ETAk su-etena eman zuela. Konponbide prozesuan hainbat urtez eginikoa aitortu diote eragile askok Otegiri. "Transatlantiko bat" biratzearekin alderatu izan zuen ezker abertzalearen estrategia politiko-militarretik soilik politikorako aldaketa, eta Otegi jotzen da, beste batzuekin batera, lemazaintzat. 

Etxe barruko kontuei ere heldu beharko die datozen aste eta hilabeteetan. Sortuko idazkari nagusia da, eta Abian eztabaida betean da ezker abertzalea. Otegik-eta bultzatu zuten Zutik Euskal Herria txostenari bide eman zion eztabaida, eta haren garapena itzaletik ikusi behar izan du. Orain, Zutik "txekeatu" eta haren "potentzial osoa askatzea" du helburu Abian prozesuak. Azken urteetako jardunak, presoekiko jarrerak eta abarrek, ordea, kritika ugari eragin dituzte ezker abertzalearen barnean. Datorren urtean zen Sortu kongresua egitekoa, baina aurtengo maiatzera aurreratu du. "Goiz" da, ordea, jokaleku horretan Otegik zein eginkizun izango duen jakiteko, Barrenak otsailaren 12an esan zuenez.

2011ko hauteskunde olatuetako aparretatik jaitsitako EH Bildu bat ere topatuko du Otegik irtetean. Iazko udal eta foru hauteskundeetako emaitzek zapore gazi-gozoa utzi zuten koalizio subiranistan, eta erabat gazia Espainiako Gorteetakoetan. Eusko Legebiltzarreko bozak jomugan (aurtengo udaberrian edo udazkenean dira egitekoak), luzaroan iradoki da Otegi EH Bilduko lehendakarigai izateko aukera. Koalizioak esana du hori Otegiren eta militanteen esku dagoela, baina ez dago argi inhabilitazioarekin zer gertatuko den ere, berez 2021era arte baitu kargu publikoren bat betetzeko debekua.

Oro har, 2009koaren aldean panorama politiko zeharo ezberdina topatuko du. Azken sei urteotakoak dira ETA jardun armatuaren amaiera eta armagabetze prozesuaren lehen urratsak, EH Bildu koalizioaren sorrera eta instituzionalizatzea, ezker abertzalearen legeztatzea, Hegoaldean Ahal Dugu-k eginiko agerpen indartsua, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren indartzea eta Nafarroako gobernu aldaketa, besteak beste.

Epaiketak, babesak, politika

Jardun politikoa espetxeko hormek mugatuta, Otegik politika egiten jarraitu du Logroñotik, ahal izan duen neurrian. Hainbat aldiz zabaldu ditu bere iritziak urteotan; besteak beste, hedabide ugaritan argitaratutako elkarrizketetan. Horien artean, BERRIAk 2014ko urrian egin ziona izan da mardulenetako bat. Konponbide prozesua, presoen afera eta Bateragune auzia, burujabetza eta ezker abertzalearen egoera izan zituen hizpide.

Honela zioen Otegik Bateraguneren inguruan: "Gure estrategia aldaketarekin, testuinguru hori hankaz gora jarri eta konfrontazioa eremu politikora eraman genuen, estatuaren helburuak suntsituz. Hori ez digute barkatzen, eta horregatik gaude preso". Otegirekin batera, Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok ere osorik bete zuten zigorra, eta Rafa Diezek 2017ko abuztu-irailera arteko espetxealdia du oraindik.

ETAren estrategiari bide ematea egotzi zieten bostei, eta, nahiz eta gerora frogatu den ez zela hala izan, zigorrei eutsi zien Auzitegi Gorenak (murriztuta), eta bostak aske uztea ezetsi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Epaiketa inpartziala izan ez zutelakoan, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten; Estrasburgok, ordea, auziari aurrerago heltzea erabaki zuen iazko azaroan. Erabakitzen duenerako, kalean egongo da Otegi. Baltasar Garzon epaile ohiak, Bateragunekoak atxilotzeko agindu zuenak, argiago ikusten du orain auzia; baketzean Otegi kalean egotea "askoz probetxugarriagoa" izango litzatekeela esan zuen iazko urriko elkarrizketa batean.

Epaileek eman ez dioten babesa herritar askoren eta nazioarteko eragile ugariren atxikimenduak eman dio urteotan. Hura askatzearen aldeko kanpainak zenbait izen-abizen ezagun izan zituen abiapuntu (Jose Mugica, Adolfo Perez Esquivel, Angela Davis, Gerry Adams, Slavoj Zizek...), eta luzatuz joan da zerrenda hori; besteak beste, europarlamentari talde batek, Kataluniako zenbait eragilek eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbatek eman diote atxikimendua. Askatasun aldarri horri melodia ere jarri diote hainbat artistak: "Free Otegi, free them all. Aske Otegi eta guztiak".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

11 ekintzaileak, Baionako auzitegi aitzinean ©Guillaume Fauveau

Martxoaren 9an emango dute 11 'bakegileren' aurkako deliberoa

Ekhi Erremundegi Beloki

Hamar auzipeturentzat 950 euroko isuna eskatu du fiskalak, gibelapenarekin. Uztailaren 23ko protestetan errepidea blokeatzea egotzita epaitu dituzte.

Iratxe Sorzabalen zauriak, 2001eko atxiloaldiaren ostean. ©Berria

Iratxe Sorzabalen kontrako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak

Berria

Euskal preso horrek pairatutako torturen berri eman izanak ez du «egiaztatzen» halakorik sufritu zuenik, Gorenaren arabera.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, iazko azaroan, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Artolazabalek otsailaren 14an utziko du sailburu postua

Mikel Elkoroberezibar Beloki

EAJren Gasteizko alkategaia izango da Artolazabal, eta kanpainaurreari heltzeko utziko du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu postua. Esan duenez, «oso gustuko» izango luke bere ordezkoa emakume arabar bat izatea.

GKSko kide baten atxiloketa salatzeko mobilizazioa, iazko ekainean ©Bob Edme

GKSko kide bat epaituko dute Pauen

Ekhi Erremundegi Beloki

Asteartean eginen diote epaiketa, Paueko Dei Auzitegian. Margoketak egitea leporatzen diote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...