Euskal presoak

Etxerat: "Bidaiatzeko erabakia gurea da; erantzukizuna, ez"

Hamabosgarren nazio batzarra egin du Etxerat-ek, eta azpimarratu du denbora honetan ez dela aldatu presoen senitarteko eta lagunen egoera, nahiz eta egoera soziopolitikoa aldatu den.

Berria -

2016ko martxoak 20

"Urteen poderioz, bere karga biderkatzen duten salbuespeneko kartzela politika baten ondorio fisiko, psikiko eta ekonomikoen helburua izaten jarraitzen dugu". 15 urtean beraien egoera ez dela konpondu ohartarazi ostean, egoera horrek "ondorio lazgarriak" dituela ekarri du gogora Etxerat elkarteak, 15. Nazio Batzarra amaitutakoan. Sakabanaketaren arduradunek neurririk hartu ez duten arren, "pertsona guztien giza eskubideen errespetua defendatzen duten indar politikoei" onartu egin diete "dispertsioaren arbuioak" espazioa berreskuratu duela.

Etxerat kezkatuta agertu da, bertako kideen ustez, "oso jende gutxik" dakielako zer den beraien elkartea. Horregatik, gauzak argi uzten saiatu dira: "Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak gara. Dispertsio politikaren ondorioak zuzenean pairatzen ditugun pertsonak gara. Etxerat gure elkartea da, beste edozein elkarte bezala, amankomuneko arazo bati aurre egiteko beharretik jaioa. Etxeraten asistentzia, aholkularitza eta laguntza aurkitzen dugu, gure sufrimendua lehen helburu duen kartzela politika baten kalteak hobeto jasateko".

Senitarteko eta lagun gisara ez ezik, "bake eszenatoki bat izateko euren eskubidea erreklamatzen duten hiritar gisa" ere eskatzen dute sakabanaketaren amaiera.

Bisitetan eta egunerokotasunean dituzten arazoak "denen artean" konpontzen saiatzen jarraituko dutela esan dute, eta ez hori bakarrik; gizartea informatzeko ahalegin berezia ere egingo dutela jakinarazi dute. Izan ere, beraiek argi dute: "bidaiatzeko erabakia gurea da, erantzukizuna ez".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna