OROIMEN HISTORIKOA

Gaur 79 urte dira hegazkin faxistek Durango suntsitu zutela

Historian aurrenekoz, zibilak izan zituzten aire erasoen jomugan. Bideoa: Gerediaga elkartea.

Jon O. Urain

2016ko martxoak 31

1937ko martxoaren 31n gertatutakoa oroitzeko, lore eskaintza egin dute eguerdian Durangoko hilerrian (Bizkaia), eta bertan izan da, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Iluntzean, berriz, Andre Mari elizan egingo dute ekitaldia.

Martxoaren 31ko goizean izan zen bonbardaketa nagusia, 08:30 aldera. Matxinoen aldeko Mola jeneralaren agindupean, italiarren hegazkinek Elorrio bonbardatu zuten lehenbizi, eta Durango gero. Alde zaharreko Andre Mari elizak izan zuen kalte gehien. Mezetan zeuden orduan, eta, arkupeetan, baserritarren azoka zegoen. Bertan jaurtitako bonbek eragin zuten hildako gehien. Arratsaldean, beste bonbardaketa bat egin zuten Durangon, tren geltokian. Izan ere, Durango zen Bilbo eta Donostia arteko trenbidearen gunerik garrantzitsuena. Hurrengo egunetan ere, apirilaren 2an eta 4an, airez erasotzen segitu zuten hegazkin faxistek, baina gutxiago izan ziren hildakoak. Gudariak ziren apirileko erasoetan hildakoak, batez ere. Ez horrenbeste zibilak, inguruko herrietara ihes egin zutelako askok.

Aitzindari tristea izan zen Durango; han egin zuten aurreneko aldiz zibilen aurkako aireko erasoa. Gerrarako era berri bat probatu zuten, eta sistema hori bera erabili zuten geroago II. Mundu Gerran. Hiru minutuko erasoa baino ez zuten behar izan herria txikitzeko. 26 egun geroago, Gernikan, hiru orduz aritu ziren bonbak jaurtitzen: 336 hildako zenbatu ditu Gerediaga elkarteak, nahiz eta jakin gehiago ere izango zirela, durangarrak asko, baina baita Gipuzkoa aldetik ihesi joandako errefuxiatu ugari ere. Garai hartan, 2.800 iheslari inguru zeuden Durangon, eta 8.000 edo 9.000 biztanle inguru zituen herriak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna