INDARKERIA MATXISTA

"Ez gara geldirik geratuko indarkeria matxistaren aurrean"

Milaka lagun batu dira Gasteizen, mugimendu feministak deituta 11 eraso, 12 erantzun, Feministok Prest! lelopean eginiko manifestazioan. Bilbo plazatik abiatu da martxa 13:10 aldera, eta ordu eta erdi geroago amaitu da, Andre Maria Zuriaren plazan. Bideoa: Mobilizazio eguneko erreportajea (Lara Madinabeitia, BERRIA TB). [youtube]https://youtu.be/5b0FrOD97ZQ[/youtube]

2016ko apirilaren 9a
09:06
Entzun

Indarkeria matxistari erantzun kolektiboa eman diote Gasteizko kaleetan. Milaka lagun batu dira mugimendu feministak Arabako hiriburuan 11 eraso, 12 erantzun, Feministok Prest! lelopean deitutako manifestazioarekin. Indarkeria matxista kasu isolatuak baino gehiago, egiturazkoa dela gogorarazi dute, eta sistema patriarkalaren eta kapitalistaren aurka egin dute protesta. 12.000 bat pertsona elkartu dira, antolatzaileen arabera.

Uholde moreak izan ditu beste aldarri batzuen koloreak ere; izan ere, gogoan izan dituzte, besteak beste, preso dauden emakumeak, andre errefuxiatuak... arrazismoaren aurka ere protesta egin dute. 13:10 aldera irten da martxa Bilbo plazatik, irrintzi artean, eta 14:40 aldera heldu da Andre Maria Zuriaren plazara. Bertan egin dute ekitaldia, eta han ere, gogoan izan dituzte emakume errefuxiatuak eta Natalie Van Put Bidarten asteon hildako emakumea.

Ekitaldian, azpimarratu dute "indarkeria matxistak, klasistak, homofoboak eta arrazistak egituratzen" dutela gizartea: "Zuloz beteriko gorputz pasibo eta bortxagarriak nahi gaituzte, beldurra izan da eguneroko ogia, kontrolatzeko beldurrean hezi gaituzte".

Manifestazioaz gain, egun osoko egitaraua prestatu dute gaurko. Protesta baino lehen, kalejira egin dute Foru Plazatik, eta martxaren ondoren, bazkari herrikoia egingo dute. 20:00etatik aurrera, berriz, kontzertuak izango dira gaztetxean. Lara Madinabeitia BERRIAko kazetariak jarraipena egin du.

Protesta Eusko Legebiltzarraren aurrean:

Atxikimendu zerrenda luzea jaso du manifestazioak. 250etik gora eragileren eta milatik gora norbanakoren atxikimenduarekin abiatu da. Martxaren aurretik eginiko adierazpenetan, Onintza Enbeita EH Bilduko diputatuak gogoratu du indarkeria matxista emakume guztiek pairatzen duten "egiturazko indarkeria" dela, eta gaineratu "jendarte osoaren ardura" dela indarkeria matxistari aurre egitea. Koalizioko kideez gain, martxan izan dira, Ezker Anitzako eta  Ahal Duguko ordezkariak ere. Manifestazioan, gogoan izan dute Berta Caceres hildako ekintzailea.

Mobilizazioa hiru helburu betetzeko deitu dute: "Eraso matxistak salatzea; azkenaldian izaten ari den mugimendu feministaren kriminalizazioa salatzea, eta, azkenik, bortizkeriaren aurpegi ugariak ezagutu eta nola identifikatu tratatuko dituen hausnarketa eta eztabaida soziala sustatzea".

Bortizkeriaz hitz egitean zer ulertzen den berriz planteatzea "beharrezkoa eta ezinbestekoa" da, mugimendu feministaren ustez, "bere konplexutasun guztiak eta bere forma ugariak ulertzeko esparrua sortuz": "Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hiletak soilik: arazo estrukturala eta sistema batean oinarritua da".

Muinari heldu nahian

Manifestaziorako deiarekin batera, agintarien jarrera bikoitza salatu dute: "Genero bortizkeriaz oso arduratuak agertzen dira, baina errealitatea oso bestelakoa da: berdintasunaren arloan murrizketak egiten dira aurrekontuetan, sentsibilizazioan, bortizkeria matxista saihesteko dauden baliabideak koordinatzen instituzioetan lanean dihardutenak gutxietsiz".

Emakumeen rola aldarrikatu dute "menpekotasun egoeran" ezartzen dituen sistemaren aurka: "Gure bizitzaren protagonistak gara. Gure errealitatearen transformazio sozialean eragin zuzena duten subjektu politikoak gara». Alde horretatik, kaleak betetzeko deia egin dute, «aliantzak erakutsi» eta eraso bakoitzaren aurrean egongo direla "altu eta ozen" oihukatzeko: "11 eraso, 12 erantzun, Feministok Prest!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.