Albistea entzun

INDARKERIA MATXISTA

Oihu geldiezina, aho batez

Euskal Herriko mugimendu feministak indarkeria matxisten aurka antolatutako manifestazioak 12.000 lagun bildu ditu Gasteizen. Emakumeek euren bizitzen protagonista izatea aldarrikatu dute. Bideoa: Mobilizazio eguneko erreportajea (Lara Madinabeitia, BERRIA TB).

Jon Rejado -

2016ko apirilak 10

«Ez dugu atzera egingo. Geldiezinak gara. Zuen indarkeriek erantzuna jasoko dute!». Andre Maria Zuriaren plazan hasitako oihua ozen zabaldu zen bazter guztietatik. Feministok Prest plataformak deitutako manifestazioak 12.000 pertsona inguru bildu zituen Gasteizko bihotzean, antolatzaileek emandako datuen arabera. «Gora borroka feminista» oihukatzeko bat egin zuten 12.000 ahotsek. Tonu, tinbre eta kolore askotako ahotsak, lelo bera zabalduz: 11 eraso, 12 erantzun.

Indarkeria matxisten aurkako manifestazioak lepo bete zuen Andre Maria Zuriaren plaza. «Egun historiko bat» izango zela iragarri zuen Euskal Herriko mugimendu feministak manifestazioaren aurreko astean, eta aurreikuspenak bete-betean gauzatu ziren. Euskal Herriko bazter guztietatik heldutako jendea bildu zen, baita beste hamaika txokotatik etorritakoak ere. Besteak beste, Madrildik eta Bartzelonatik autobusak heldu ziren, eta Asturiasko banderaren bat edo beste ere ikusi zen manifestazioan.

Natalie Van Puten hilketari egindako erreferentziak etengabekoak izan ziren egun osoan —asteon hil dute Bidarten (Lapurdi)—. Ekitaldi nagusian ekarri zuten gogora. «Zenbat gehiago zenbatu beharko ditugu? Ez gara hiltzen, hiltzen gaituzte», salatu zuen Gladys Giraldo Feministok Prest plataformako kideak. «Ez dira kasu bakanak, eta ez dira burua galdu duten gizonezkoak: indarkeria matxista da». Bidarteko hilketa gogorarazten zuten afixak ere baziren manifestazioan.

Van Putek indarkeria matxistarik «bortitzena» pairatu zuela gaineratu zuen Marina Sagastizabal plataformako kideak. Ordea, zehaztu zuen hori ez dela indarkeria matxista bakarra. 11 eraso, 12 erantzun lelopean atzoko manifestazioak indarkeria horiek guztiak plazarazteko helburua zuen, baita horien gaineko hausnarketa hastekoa ere. Ibilbidean indarkeria horietako hainbat islatu zituzten antolatzaileek.

Horien artean manifestazioan egoterik izan ez zuten emakumezkoek lehentasunezko lekua izan zuten. Batetik, errefuxiatutako emakumeak izan zituzten gogoan, Europako Batasuna hiltzaile, SOS emakume errefuxiatuak lelodun pankartarekin. Bestalde, espetxeetan dauden Euskal Herriko emakume presoak ere presente izan ziren Gasteizko kaleetan, kartelen bitartez. «Kartzelaren egitura patriarkalaren biolentzia gordinari aurre egiten diote», nabarmendu zuen Aitziber Perez de Karkamok. «Zigor bakoitza jasotzen dute, gainera: zigor penala, eta jendartearen zigor morala».

Sistema heteropatriarkalak emakumeari ezarritako moldea gogora ekarri zuten ekitaldian: «Maitasun eredu toxikoen morroi; heterosexuala; sexu objektua, gorputz desiragarriekin; hierarkikoki gizonen osagarria; derrigorrezko ama eta zaintzaile: emazte finak...». Indarkeria matxistak molde horretatik ateratzen direnen aurka jotzen duela salatu zuten, eta horiei aurre egiteko zilegitasuna aldarrikatu. «Bizi nahi dugu, gure bizitzen protagonista izan nahi dugu; horregatik defendatuko gara, eta erantzungo dugu», ohartarazi zuen Sagastizabalek.

Ekitaldiko mezuak, aldarrikapenak, sutsuki txalotu zituzten plazan bildutako 12.000 pertsonek. «Instituzioak, agente politiko zein sozialak, Euskal Herriko jendartea osatzen dugun pertsona oro norabide berean bultzatu behar dugu», eskatu zuen Sagastizabalek.

Pertsona ezberdinen arteko elkarlanaren adibidea izan zen atzoko manifestazioa. Halaber, elkarlan horren adibide txikiagoak ikusteko aukera ere egon zen: Gasteizen te topaketan indarkerien gainean hausnartu zuten emakumezkoen txirikordekin apaindutako pankartak, Gora Gasteiz ekinbidean oihal koloretsuekin jositako beste kartel bat, eskubide sozialen aldekoak...

Kalea eta gaua

«Beldurra izan da gure eguneroko ogia; gure bizitza kontrolatzeko beldurrean hezi gaituzte», nabarmendu zuen Sagastizabalek. «Espazio publikoetatik kanpo nahi gaituzte gaua heldu baino lehen», gaineratu zuen Giraldok. Mugimendu feministaren salaketa hori etengabekoa izan zen Gasteizko kaleetan. Atzoko eguneko ekitaldia horren isla izatea bilatu zuten antolatzaileek.

Goizetik iluntzera arte hamaika ekintza egin zituzten kaleetan. 11:30ean zumba-reggaeton saioarekin hasi zuten eguna dozenaka emakumek, Foru plazan. Horrez gain, indarkeria matxistak salatzeko kaleko arte eskaintza zabala izan zen atzokoan. Besteak beste, Elina Chauvet artistaren Zapatos Rojos(Zapata gorriak) instalazioa egon zen ikusgai Katedral Berriaren aurrean. 2009an Ciudad Juarezen (Mexiko) inauguratu zuen artelana, emakumeen aurkako indarkeria eta justiziaren gaineko hausnarketa gisa. Orduan, 66 zapata gorri ziren, bikoteka kokatuta, falta ziren 33 emakumeren manifestazioa irudikatzeko. Gasteizen, 66 zapata baino gehiago izan ziren.

Aldarrikapen eta hausnarketaz gain, aisialdirako parada egon zen egun osoan: bazkaria eta bazkalosteko ikuskizunak Landatxo kiroldegian; iluntzean, Gasteizko Gaztetxean hasitako kontzertuak... Musika isildu zenean ere, «gora borroka feminista» oihuaren eta danborren burrunbaren oihartzun geldiezinak jarraitu zuen, kalez kale.

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Avanzako langileek segurtasun neurriak eskatzeko egindako mobilizazioa. ©HITZA

Falta duten segurtasunaren bila

Beñat Alberdi, Gipuzkoako Hitza

Lurraldebuseko langileak geldialdiak egiten hasi dira astean bi aldiz. Segurtasuna bermatzeko neurri hobeak eskatu dituzte, gauetako txandetan ez ezik, aste osoan ere bai.

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.