memoria

Ostegunean aldatuko diote izena Iruñeko Rodezno Kondearen plazari

Udalbatzak iaz hala erabakita, Askatasunaren plaza izango da aurrerantzean.

Ostegunetik aurrera, Askatasunaren plaza izango dena. /
Ostegunetik aurrera, Askatasunaren plaza izango dena. / Iñigo Uriz/Argazki Press

Jon Ordoñez Garmendia -

2016ko apirilak 11

Iruñeko Udalak Espainiako Errepublikaren egunean aldatuko dio izena Rodezno Kondearen plazari, apirilaren 14an. Ekitaldi bat egingo dute horretarako, eta han izango da Joseba Asiron alkatea. Harekin izango dira Affna36 Nafarroako fusilatuen senideen elkartea, Memoriaren autobusa, Amapola del Camino Koordinakundea, Memoriaren Bideak eta San Fermines 78 Gogoan elkarteak. Askatasunaren plaza izena jartzea iazko azaroaren 5ean erabaki zuen udalbatzak, eta alkatetzak abenduaren 14an berretsi zuen.

Rodezno Kondearen plaza Iruñeko bigarren zabalgunean dago, Karlos III.a etorbidearen amaieran. Tomas Dominguez Arevalo Rodezno kondea Francoren Justizia ministro izan zen 1938tik 1939ra, eta 50.000 heriotza zigor baino gehiago sinatu izana leporatzen zaio. Memoriaren aldeko elkarteek urteetan eskatu dute izena aldatzeko, eta hainbat ahalegin egin dira izendapena kentzeko. UPNk, ordea, muzin egin dio beti eskaerari.

Memoriaren Autobusa egitasmoak mozio bat aurkeztu zuen 2009an; PSN eta NaBairen babesa jaso zuen. Yolanda Barcina orduko alkateak ez zuen onartu. Legea "betetzeko" zirrikitu bat aurkitzen ahalegindu zen: Rodezno Kondearen plaza izenari eutsi zion, baina Dominguez Arevaloren izen-abizenak kenduta; plaza, norbanakoari kendu, eta tituluari eman zion. Barcinaren esanetan, "bizilagunen hobe beharrez" egin zuen, izen aldaketak "buruhausteak" eragingo zizkielako.

Asironek, hasieran, Serapio Esparza udal arkitekto izandakoaren (Iruñea, 1880-1968) izenarekin ordezkatzea proposatu zuen Iruñeko udal gobernuak. Hainbat eraikin diseinatu zituen Esparzak XX. mende amaieran: besteak beste, Vazquez de Mella eskola publikoa, San Ignazio basilika eta Amaiurko oroitarria. Politikan ere ibili zen: EAJren Napar Buru Batzarreko kide izan zen. Asmo horretan, ordea, atzera egin eta elkarrizketa bidezko prozesua lehenetsi zuen, eragile sozialek hala eskatuta.

Imaz Anaien kaleari ere izena aldatuko diote etzi. Julian Artega izena hartuko du, lehen zabalgunea diseinatu zuen arkitektoa. Imaz anaiak militar familia bateko kideak ziren. Horietako bat Kubaren independentzia gerran hil zen, eta beste lau Francoren alde aritu ziren 1936ko gerran. Lau horietatik bi gerran hil ziren, eta beste biek armadan jarraitu zuten gero ere. Memoria historikoari lotuta, aurrerago beste aldaketa batzuk egiteko asmoa iragarri zuen Asironek iaz. Esaterako, Lezkairu auzoan Maravillas Lambertori (Larraga, 1922-1936) gune bat eskaintzea. Hamalau urte zituela hil zuten frankistek Lamberto. UGT sindikatuko kide Vicente Lambertoren alaba zen, eta, aita atxilotu zutenean, harekin eramateko eskatu zuen. Aita espetxera sartu zutenean, alaba bortxatu egin zuten. Biak hil zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna