Literatura

Asier Serranok irabazi du Xabier Lete Poesia Saria 'Linbotarrak' lanarengatik

Egileak erabilitako "irudi poetiko askotariko distiratsuak" nabarmendu ditu epaimahaiak. Sarituak Jose Ramon Andaren eskultura bat eta 12.000 euro jasoko ditu. Pamiela argitaletxeak plazaratuko du lana, aste gutxi batzuk barru.

Asier Serrano, 2011ko irudi batean.
Asier Serrano, 2011ko irudi batean. Gari Garaialde / Argazki Press

Gorka Erostarbe -

2016ko apirilak 12

Sorkuntza bolada emankorrean eta sariei dagokienez trenpu onean jarraitzen du Asier Serranok (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Oraintsu Irun Hiria poesia lehiaketa irabazi zuen Ate osteko itzalak lanarekin, eta, orain berriz, Xabier Lete III. poesia saria eskuratu du Linbotarrak poemarioarengatik. Aurreko edizioetan Karlos Linazasorok eta Luis Gardek jaso zuten saria.

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako agerraldi publikoan jakinarazi dute saritua Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Joxerra Gartzia epaimahaiko kideak. Serrano bera ere han izan da. Azaldu du saiatu dela "libre" idazten, "filtrorik gabeko kamera" erabili duela idazketarako, eta linboa egungo munduarekin parekatu du. "Ni linbotarra naiz, baina denok gara linbotarrak. Linboa lurra da: gure Europa hau, gure Euskal Herria hau. Bizirik dirauten hildakoak, eta era berean, hildakoa bere baitan daramaten biziak ageri dira liburuan". 

Epaimahiko kide Gartziak azaldu duenez, "linboaren metaforak besterik iradoki balezake ere, ez da hemen aingeru konturik batere. Aitzitik, arras kontu mundutarrak dira poemotan jorratzen direnk, eguneroko jokabideetatik hasi eta kritika sozial eta politikorainoko esparru guztian. Bestalde, ez dira gutxi poemotan agertzen diren ukitu surrealistak, eta poemategiak dezente du popetik edo are poesia filosofokotik ere. Ororen buru, hizkera eta irudi zuzenak erraz biltzen du irakurlea poetak egiten duen barne bidaira".

Serrano esker oneko agertu da bai sariekiko eta baita erakundeen lanarekiko, "nahiz eta garai batean kritikatu nituen", eta adierazi du bai Irun Hirian eta baita Xabier Lete sariketetan irabazitakoa "ikuskari poetiko musikal bat" bideratzeko erabiliko duela. "Norbaitek kritikatuko badu sariok jaso izana, jakin dezala kultur inbertsio bat egiteko erabiliko dudala dirua". Hamar urte igaro dira Serranok Hoteleko kantuak (2005) azken diskoa kaleratu zuenetik. Orduan "nekatuta" bukatu zuela , "zuzenekoetan agertzeko indarrik gabe", adierazi du, baina, "materiale berria" daukala eta horrek motibatu egiten duela gaineratuz. Dagoeneko orduko musikariekin elkartu da eta zuzeneko emanaldi batzuk prestatzen ari da.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna