HILBERRIA

Bere garaiaren ikurra

Prince musika beltzaren berritzaile handienetakoa hil da, 57 urterekin. 1980ko hamarkadako musika definitu zuen, souletik eta funketik adina edanez rocketik eta psikodeliatik

Montreuxen

Mikel Lizarralde -

2016ko apirilak 22

Tradizioa eta berrikuntza uztartzea izan ohi da musikari batek mugarriak ezartzeko bete beharreko peajea. Egindakotik zerbait berria sortzea. Bob Dylanek egin zuen 1960ko hamarkadan, eta David Bowiek jarraitu zion 70ekoetan. Batak eta besteak ziklo bana definitu zuten, eta gauza bera egin zuen Princek musika beltzarekin ez ezik, rockarekin ere 80ko hamarkadan. Ikono goren bilakatuta, garai bateko musika eta egiteko moduak ezaugarritu zituen, nahiz eta hurrengo hamarkadetako gorabehera ugariek eszentrikoen multzoan kokatzera eraman zuten jende asko. Prince Rogers Nelson (Minneapolis, AEB, 1958), besteak beste, 1999, Purple Rain eta Sign o' the Times diskoekin gailurrera iritsi zen musikari, konpositore, abeslari eta moldaketen egilea, atzo hil zen 57 urterekin, bere publizistak jakinarazi zuenez. Orain dela astebete ospitaleratu egin zuten gripeak jota, baina bi egunetara berriro agertu zen kontzertu batean. Bere ingurukoek ez dituzte aditzera eman heriotzaren arrazoiak.

1970eko hamarkada amaieran egin zen ezagun, baina hamar urte geroago, Purple Rain eta 1999 diskoek eraman zuten lehen lerrora. Hilaren 15ean ondoezik sentitu zen haren hegazkinean, eta Illinoisen lurreratu zen urgentziaz. Hurrengo egunean, ordea, kontzertu batean agertu zen.

Prince eta Prince ostekoa. Minneapolisko musikariaren ibilbidea laburbiltzea ez da erraza, baina bi zatitan bana liteke lasai asko. 1976tik 1992ra luzatuko litzateke lehena eta Princeren corpus artistikoaren osatzea eta garatzea bilduko luke. Bere lehenengo maketak Warner Brothers diskoetxera bidali eta For You (1978) diskoarekin estreinatu zenetik —musika tresna guztiak jo zituen lehen lan hartan— Love Symbol Album (1992) diskoarekin bere izena albo batera utzi, eta bere burua aurkezteko sinbolo ahoskaezin bat aukeratu zuenera arte. Hor amaitu zen ordura arteko Prince. Eta hasi, ia txantxetan Lehen Prince Bezala Ezagun Egindako Artista-ren ibilbidea. Hortik aurrera gainbehera. Milurtekoarekin batera, eta bere kantu ezagunenetako bati kasu eginez (1999), ospea, oihartzuna eta pisu artistikoa ia agortu arte.

Hortik aurrera ere jarraitu zuen diskoak argitaratzen —39 grabatu zituen estudioan; horietatik lau azkeneko urte eta erdian kaleratuak—, eta bere izen artistikoa berreskuratuta AEBetan oihartzun dezente eskuratu zuen haietako batzuekin, Musicology (2004) eta 3121-rekin (2006). Nolanahi ere, Princek lehenengo aldiz Prince izateari utzi zionetik, askotan musikaz harago doazen gertakariek izan dute oihartzun handiagoa bere lanek baino. Industriarekiko borrokek, diskoak argitaratzeko modu ezberdinek, bere semearen heriotzak edota jarraitzaile batzuekin izan dituen ika-mikek —ez zien utzi nahi bere irudia erabiltzea sare sozialetan— gehiagotan eraman dute musikaria komunikabide zenbaitetara urte hauetan ekoitzitako musikak baino.

Sortzaile ikonoklasta

Hori guztia gertatu baino lehen, ordea, handietan handienetakoa izan zen Prince. Ez alferrik, Sign o' the Times (1987) 80ko hamarkadako disko onentzat jo izan da askotan —Public Enemyren It Takes A Nation of Millions To Hold Us Back iraultzailearekin lehian—, eta Purple Rain, izen bereko filmaren musika biltzen zuen diskoak (1984) mundu mailako izar handi bilakatu zuen. Musika beltzarekiko zorra inoiz ezkutatu gabe —The Jackson 5, Sly & The Family Stone, George Clintonen aldaera guztiak, Stevie Wonder eta James Brown aldarean zituen—, maite zituen rock moldeak ere —The Beatles, Led Zeppelin, Carlos Santana , Jimi Hendrix bera—, eta bi alderdi horien uztarketak sortua da funketik, psikodeliatik, rocketik, souletik eta new wavetik edaten duen soinu propioa.

Musikari ondo lotutako sendi batean jaio zen Prince. Ama, Mattie Shaw, kantaria zuen eta aita, John L. Nelson pianista, eta oso txikitatik hasi zen Prince txikia ere pianoa jotzen. Gerora, gitarra elektrikoa menderatu eta beste hogei bat musika tresna jotzen ere ikasiko zuen, eta birtuosismo horrekin arreta bereganatu zuen berehala. For You lehenengo diskoarekin bere burua funk-rock esparruan aurkeztu zuen, baina berehala ikusiko zen Princek helmuga garrantzitsuagoetara iristeko gaitasuna zuela. Ahalmena eta gogoa. Prince bigarren diskoarekin (1979) arrakasta lortu zuen —batik bat I Wanna Be Your Lover hit-ari esker—, eta Dirty Mind (1980) eta Controversy (1981) lanekin, berriz, musikaria aurpegi ugariko artista zela erakutsi zuen. Musikalki gordina lehenengoa, karga sexual handikoa, eta sozialki konprometituagoa bigarrena — «zuria ala beltza naiz? heteroa edo homosexuala?»kantatzen zuen—, biek ala biek lehen lerroan jarri zuen Prince. Jauzi handiaren atarian.

Arrakasta bete-betean

Purple Rain mugarria da Princeren ibilbidean. Jakitun bere aurreko diskoek nahikoa oihartzun izan dutela, eta musika beltzaren izar berritzat hartzen dutela —ordurako jarria dute lehian Michael Jacksonekin—, Prince bere proiekturik handinahienean sartzen da. Bere burua sustatzeko asmoa inoiz ezkutatu gabe, filma Princeren hagiografia bilakatzen da. Baina filmak baino gehiago musikak lagunduko du Minneapolisko kantariaren ibilbidea bultzatzen. Han baitago Purple Rain bera —Jimi Hendrixen Purple Haze gogoan—, eta baita Princeren kanonean sartuko diren beste hainbat kantu: Let's Go Crazy, Take Me With You, When Doves Cry. Filmaren arrakastak puztu egin zuen Princeren egoa —ausartu zen Under the Cherry Moon kaskarra (1986) filmatzera—, baina horrek ez zuen bere izaera iraultzailea apaldu, Around the World in a day beatlezaleak (1985), Parade (1986) rockeroak eta batik bat Sign o' the Times maisulan handinahi eta handiak hurrengo hiru urteetan erakutsi zutenez.

Gerora etorriko ziren Batman-en soinu banda, Black Album disko pirata, eta Warner diskoetxearekiko desadostasun eta haserreak. Princek Prince izateari utzi zionekoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna