Txotxongiloen jaialdia

Mundu osoko txotxongiloak bat eginda

World Puppet Festival jaialdia egingo dute Donostian eta Tolosan maiatzaren 28tik ekainaren 5era bitartean, Donostia 2016k eta Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak elkarlanean antolatuta. Mundu osoko 30 konpainia baino gehiagok emanaldiak egingo dituzte kalean nahiz areto itxietan.

Donostia 2016ko eta Topiceko ordezkariak, goizean, Donostian. JUAN CARLOSRUIZ / ARGAZKI PRESS
Ihintza Elustondo
2016ko apirilaren 28a
13:42
Entzun

Australiatik eta Txinatik igaro ondoren, lau urtean behin egiten den World Puppet Festival nazioarteko txotxongilo jaialdia Euskal Herrira iritsiko da. Haurrentzat nahiz helduentzat ikuskizunak izango dira: tradiziozkoak batzuk, eta abangoardiako joerak jarraitzen dituztenak besteak. Pablo Berastegi Donostia 2016ren zuzendari nagusiaren esanetan, "udaberriko aposturik handienetako bat" izango da egitasmoa. Kalean egingo diren ikuskizunak dohainik izango dira, eta areto itxietakoak ikusi nahi izanez gero, sarrerak Donostia Kulturako ohiko saltokietan eskura daitezke.

Belgikako Tol Theatre konpainiak egingo du jaialdiaren inaugurazio ekitaldia, eta, ikuskizun horretan, garabi handi batek txotxongiloak, aktoreak, bizikletak nahiz abeslariak hegan jarriko ditu. Maiatzaren 28an, Donostiako Zurriola hondartza inguruan izango da emanaldia, eguraldiak laguntzen badu. Aretoetan programatutako ikuskizunen artean, Frantziako Theatre La Licorne konpainiaren Spartacus nabarmendu dute antolatzaileek: zuzeneko musikarekin girotutako zirku erromatar bat da. Red Earth Revisited ikuskizunean, berriz, Hegoafrikako Assitej South Africa konpainiak, Herbehereetako Speetheater taldeak eta Euskal Herriko bi txotxongilolarik parte hartuko dute. Andaluziako Espejo Negro taldearen Oscar, el niño dormido obra ere ikusgai izango da; Feten Europako Haur Antzerki Azokan ikuskizun onenaren saria irabazi zuen.

Horrekin batera, Nazioarteko Unima erakundeak lau urtean behin egiten duen kongresua izango da. Zuzendaritza batzordea eta herrialde guztietako elkarteko kideak batzar batean bilduko dira, eta zuzendaritza batzorde berria aukeratzeaz gain, proiektuak berrikusi eta datozen lau urteetarako jarduera ildo nagusiak finkatuko dituzte.

Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan ere izango du bere lekua egitasmoak: maiatzaren 28an eta 29an hitzaldi sorta bat egingo dute Europako hainbat herrialdetako unibertsitateetako irakasleek. Europako eta Ameriketako txotxongilo tradizioa eta errege makinek —komediak antzezten zituzten txotxongilo konpainia komertzialek— horietan izan duen eragina landuko dituzte.

Erakusketa bat ere zabalduko dute maiatzaren 28an, Donostiako Okendo kultur etxean: XX. mendeko maisuak. Espainiako Estatuko txotxongiloak. Espainiako XX. mendeko txotxongiloei buruzko atzera begirako bat izango da, eta bereziki sakonduko dute 36ko gerrak eta frankismoak ibilbidea etenarazi zielako hain ezagunak egin ez diren txotxongilolarietan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.