IKURRAK

Euriovisionen lorpena: denak ados jartzea

Eurovisionek ikurrina sartu du «espresuki» debekatutako banderen artean, Estatu Islamikoarenarekin batera. Antolatzaileek barkamena eskatu dute, baina ikurrina ezingo da erakutsi jaialdian.

Gorka Berasategi -

2016ko apirilak 30

Krimea, Palestina, Kosovo, Donetsk, Transnistria... Estatu Islamikoa eta Euskal Herria. Maiatzaren 14an ospatuko dute Stockholmen Eurovision musika jaialdia, eta antolakuntzak hainbat irizpide kaleratu ditu erakutsi daitezkeen banderei dagokienez.

Irizpide horien artean batzuk: debekatuta daude erregioetako banderak, mezu komertzialak dituztenak, antolatzaileen ustez "izaera politiko edo erlijiosoa" dutenak eta bereziki "lehian dauden lurraldeetakoak". Baita ingelesa ez den beste hizkuntzaren batean mezuren bat duten banderak ere.

Propio debekatutako bandera batzuen irudiak ere zabaldu dituzte; tartean da ikurrina. Horrek, eta ikurrina Estatu Islamikoaren banderaren ondo-ondoan jarri izanak, haserrea sortu du, eta asko izan dira sare sozialetan Eurovisionen antolakuntzaren aurka idatzitako mezuak.

Jaialdiko komunikazio arduradun Paul Jordanek Euskadi irratiari eta Naiz.eus-i eginiko adierazpenetan, azaldu du ikurrina "segurtasun" arrazoiengatik sartu dutela espreski debekatutako banderen zerrendan, xehetasun gehiago eman gabe. Hala ere, jaialdiaren irizpideak azaldu ditu; 2013tik, parte hartzen duten edo Nazio Batuen Erakundeko kide diren estatuen banderak baino ez dituztela onartzen. Hortaz, ez dute ikurrina baimenduko, baina azalpenak erantsiko dizkiote zabaldu den dokumentuari. Adibide gisa, aipatu du Gales eta Eskoziakoak ere ezin direla eraman, ezin dutelako Eurovisionen parte hartu.

Jaurlaritza, kontu eske

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi duenez, Suediak Espainian duen enbaxadoreari eta RTVE Espainiako irrati eta telebista kate publikoari eskatuko die ikurrina debekatutako banderen zerrendatik kentzeko: "DAESHen banderaren ondoan egotea, adibide gisa bada ere, ez da onargarria". Espainiako irrati publikoan elkarrizketatu dute Urkullu, eta bertan esan du ez litzatekeela "keinu txarra" izango Espainiak Eurovisionen parte hartzeari uko egitea antolakuntzak atzera egin ezean. Haren esanetan, "euskal naziotasunaren legezko ikurra" Estatu Islamikoaren pare jartzeak "Euskadiri ez ezik, Espainiari ere" eragiten dio.

Jaurlaritzaren izenean, "haserrea, egonezina eta protesta" adierazi du Josu Erkoreka bozeramaileak.

Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak, berriz, Europako Kultura komisario Tibor Navracsicsi gutun bat igorri dio, eskatuz azal diezaiela Eurovisionen antolatzaileei zer den ikurrina eta zuzen dezatela "boikota". Gainera, ikurrinaren "kriminalizazioa" salatu du EH Bilduk, eta iragarri Suediako enbaxadoreari kontuak eskatuko dizkiola. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz, "ulertezina eta onartezina" da Eurovisionen erabakia, eta zuzentzeko eskatu dio: "Ikurrina euskal herritar guztien bandera ofiziala da. Ez da ikur kriminal bat". Javier Maroto PPko Espainiako zuzendaritzako kide eta Gasteizko zinegotzia ere kexatu da: "Ikurrina propio debekatzeak euskal herritar guztiak iraintzen gaitu. Bakoitzak eraman dezala nahi duen bandera legala. Musika baino ez da".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna