ETB Nafarroan

Informazio okerra eman zion UPNren gobernuak Espainiari, ETBren seinalea mozteko

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Miguel Sanzek eta Patxi Lopezek 2009an sinatutako ituna indarrean zen iaz, baina aurreko gobernuak ezetz esan zion Espainiako Industria Ministerioari.

Miguel Sanz eta Patxi Lopez, elkarlanerako akordioa sinatu ostean, 2009an.
Miguel Sanz eta Patxi Lopez, elkarlanerako akordioa sinatu ostean, 2009an. Jagoba Manterola / Argazki Press

Ion Orzaiz -

2016ko maiatzak 4

ETBren emisioak eteteko erabakia "tamalgarritzat" jo du Nafarroako Gobernuak. "EITBren jarrera ulertzen dugu, zigor handia jasotzera arriskatuko litzatekeelako, emisioek aurrera eginez gero", esan du gobernuko bozeramaile den Ana Ollok. Gaineratu duenez, UPNk ez zion Espainiako Industria Ministerioari egia esan, salaketa aurkeztu zuenean: "2015eko martxoan, EITBren kontrako salaketa aurkeztu zuen aurreko gobernuak. Espainiako Industria Ministerioak galdetu zuen Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenik indarrean ote zegoen, eta UPNren gobernuak ezetz erantzun zion. Hitzarmena 2013ko martxoan apurtu zela argudiatu zuten orduan, baina hori ez da hala: itunaren etetea justifikatzeko dokumenturik ez dago, eta Eusko Jaurlaritzari ez zitzaion halakorik komunikatu, beraz, ofizialki, ETB jasotzeko hitzarmena indarrean zen".

Uxue Barkos lehendakariak ere gaitzetsi egin du UPNk prozesu osoan izandako jarrera: "Ez du zentzurik, XXI. mendean, telebista bat ikusteko eskubideari oztopoak jartzeak". Bestalde, ETBren seinalea berriz jasotzeko "ahalegin guztiak" eginen dituztela adierazi du lehendakariak. "Bidea zaila da, baina gobernu honek lanean segituko du, legaltasunaren bidetik betiere, gizartearen borondatea errespeta dadin". Alde guztiekin negoziatzen ari direla gaineratu du, baina ez du data zehatzik eman nahi izan. "Zuhurtziaz jokatu beharra dugu, eta hortaz, ezin dugu datarik aurreratu".

Jaurlaritza ere kexu azaldu da Madrilen erabakiarekin. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu du ETBren seinalea Nafarroan etetea Hizkuntza Gutxituen Europako Kartaren aurkakoa dela, eta gogorarazi Espainiak itun hori sinatu zuela. Kartak Espainiako Estatuaz txostena egin zuen urtarrilean, eta bertan, argudiatu zuen lankidetza "bereziki beharrezkoa" dela komunikabideen sektorean; zehazki, EiTBren seinalea Nafarroan barreiatzeari eman zion garrantzia.

Baztarrikak jakinarazi du datozen egunetan gutun bat idatziko diola Kartaren idazkaritzari, seinalea etetearen berri emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna