Abian prozesua

"Euskal errepublika askea" lortzeko ezker abertzale "berritua" aurkeztu dute

Abian gogoeta prozesuaren bukaera ekitaldia egin dute, Durangon. "Herritarren beharrizanak betetzea" helburu izango duen Euskal Herri independentea lortzeko elkarlanerako deia egin du; bereziki, herri mugimendu eta gazteei zuzendu zaie. Aldebakartasunaren aldeko apustua egin du.

Ezker Abertzaleko kideak Durangoko Landako gunean.
Ezker Abertzaleko kideak Durangoko Landako gunean. Juanan Ruiz / Argazki Press

Ibai Maruri Bilbao -

2016ko maiatzak 7

Ehunka lagun elkartu dira Durangoko Landako gunean ezker abertzalea birsortzeko asmoz Abian prozesuaren bukaera ekitaldian. "Amaitu da erresistentziarako ezker abertzalea. Euskal errepublika konfederal askea lortzeko kalean, eskoletan, lantegietan, erakundeetan eta hauteskundeetan lan egingo duen ezker abertzale berria aterako da gaur Landakotik", ohartarazi du Marije Fullaondok.

Joan den azaroaren 7an ekin zioten Abian prozesuari. Urte erdi batez barne gogoeta eta eztabaida prozesuan ibili dira. Otsailean aurkeztu zuten oinarrizko txostena, eta batzarretako kideen %80ren babesa lortu zuen. Ordutik sailka aztertzen ibili dira. Behin betiko dokumentua da gaur aurkeztu dutena. Igor Arroyok azaldu duenez, ezker abertzale berrituak hartu dituen hiru erabakiak biltzen ditu.

Batetik, "historikoki internazionalismoarekin eta independentziarekin izandako konpromisoa" berretsi dute, "mundu eredu berri" baten aldeko borrokan. Bigarrenik, Euskal Herriaren independentziarako lortzeko prozesua hastea erabaki dute. Ibilbide horrek lau ezaugarri izango dituela esan dute: aldebakarrekoa izango da, independentziaren aldeko hautua hegemoniko bihurtuko du, herritarren behar konpartituei erantzuna emango die eta herrigintza izango du ardatz. Hirugarren erabakia, barrura begira hartu dute; ezer abertzalearen kultura eta praktika politikoa berritu nahi dute, honako ardatz hauekin: parte hartzea, auzolana, elkartasuna, euskararekiko konpromisoa eta feminismoa.

Hurrengo urratsa uda aurretik egin nahi dute, Sorturen kongresuan. Alderdia ezker abertzalea bilduko duen erreferentea bihurtu nahi dute. Ondoren etorriko da LAB sindikatuaren eta Ernai gazte erakundearen biltzarrak. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna