Euskara

Gaurko egunez, 350 erabiltzaile ditu Mintzanet plataformak, %20 atzerrian

Euskara on line praktikatzeko Mintzanet plataformak lau urte daramatza martxan, eta erabiltzaile kopuruak gora egin du nabarmen.

Mintzaneten aurkezpena, Azpeitian.
Mintzaneten aurkezpena, Azpeitian. Urola-Kostako Hitza.

Pello A. Zuazo -

2016ko maiatzak 19

Mintzalagun edo berbalagunaren Internet bidezko bertsioa da Mintzanet. Hango eta hemengo euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak harremanetan jartzen ditu, eta, horrela, euren arteko berbaldiak ahalbidetu. Donostiako Maramara taldeak 2012an jarri zuen abian egitasmoa, eta, ordutik, erabiltzaile kopurua hazi egin da. Une honetan 350 erabiltzaile ditu, %80 Euskal Herrian eta %20 atzerrian.

Mintzanet doako zerbitzua da, eta webgunean izena ematea besterik ez da behar. Behin izena emanda, plataformaren arduradunak arduratzen dira erabiltzaileak harremanetan jartzeaz. Euskaraz dakiten pertsonei Bidelagunak deitzen diete, eta euskara ikasten dabiltzanei Bidelariak, eta elkarrekin hitz egiteko Skype erreminta baliatzen dute. Cristina Tapia plataformaren koordinatzaileak gonbita egin die euskaldun zaharrei: “Momentu honetan, Bidelariak gehiago dira Bidelagunak baino. Hau da, euskara ikasi nahi duten pertsonak gehiago dira, eta ez daukate berba egiteko lagunik. Bidelagun gehiago behar ditugu!”. Azaldu duenez, erabiltzaileak askotarikoak dira: “Gazteenak 17 urte ditu, eta zaharrenak, 90 urte. Teknologia ez da muga, euskalkiak ez dira muga, lotsa ez da muga... borondate kontua da”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna