Ondarea

70 labar pinturatik gora aurkitu dituzte Berriatuko Atxurra kobazuloan

Bizkaian margolan gehien duen aztarnategia bihurtu da horrela. Diego Garate ikerkuntza taldearen buruak esan duenez, ziurrenik margolan gehiago aurkituko dituzte; izan ere, kobaren herena ez dute oraindik ikuskatu.

jarraia123163.jpg
2016ko maiatzaren 24a
07:35
Entzun

Hau ez da kobazulo txiki bat, hau santutegi handi bat da. Bizkaian, Santimamiñeren ostean, ikerkuntza handiena da. Euskal Herrian ez dakit aztarnategi garrantzitsuena izango ote den, baina hortxe egongo da; Altxerri eta Erberuaren parean”. Diego Garate ikerkuntza taldearen buruak zirrara handiz eman ditu aurkikuntzari buruzko xehetasunak. Berriatuko Atxurra leizean (Bizkaia) 70 pintura eta grabatu antzeman dituzte, hamalau paneletan banaturik. Zaldiak eta bisonteak dira gehienak, baina oreinak, ahuntzak, zezen basatiak eta oraindik zehaztu ezin izan dituzten bestelako animaliak ere badaude. “Bata bestearen gainean daude figuretariko asko; hortaz, oso zaila da irudiak deszifratzea, animalien hankak eta buruak daude leku guztietan. Batzuk oso markatuta daude, baina beste batzuk apenas ikusten dira”. 14.000 urteko pinturak dira, denak Madeleine aldikoak, Goi Paleolitoaren azken kulturetako bat.

Atxurra kobazuloa aski ezaguna da; Dimako (Bizkaia) Baltzolarekin batera, bisitatu zen lehen kobazuloetarikoa izan zen Bizkaian. 1934. urtean Aita Barandiaran ibili zen han indusketak egiten, eta 2014an proiektu berri bat hasi zuen Garatek, hura berriro induskatzeko. Esan duenez, kobazulo luzea da, kilometro erdi baino luzeagoa. Eta pinturak 300 metroko sakoneran aurkitu dituzte. Oso ibilbide zaila eta arriskutsua egin behar izan dute margolanak dauden erlaitzetaraino. “Eskalatu egin behar izan dugu; ibilbide normala eginez gero ez da ezer ikusten. Horretarako, espeleologia talde batekin aritu gara”.

Lau bisitaldi baino ez dituzte egin haitzulo barnealdera. Eta egin duten kalkulua behetik jota egin dute. Seguru daude 70 pintura baino askoz gehiago topatuko dituztela; izan ere, leizearen herena ez dute oraindik ikuskatu. Garatek eman du azalpena: “Aurkikuntza honek informazio ugari emango digu, gizarte horien artea hobeto ulertzeko eta Kantauri aldearen eta Pirinioen arteko harremanak aztertzeko. Izan ere, gu mugan gaude, eta hemendik pasatu ziren denak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.