Gipuzkoako hondakinak

"Ura bezala mugitzen gara: han uzten ez badigute, hemen agertuko gara"

Gipuzkoa Zutik taldeak Donostiako Gipuzkoa plaza hartu du bigarrenez, kanpalekua hutsarazi eta ordu gutxiren buruan. Ehunka lagunek bat egin dute manifestazioarekin, modu baketsuan. Bideoa: atzoko manifestazioa (Andoni Canellada / Argazki Press) [youtube]https://youtu.be/FMy6fRfxQkQ[/youtube]

Maialen Unanue Irureta.
2016ko ekainaren 2a
10:12
Entzun

Gipuzkoa plaza utzi eta berriz hartu zuten atzo Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideek. Hamar orduren bueltan izan zen guztia. Batetik besterako aldea jende kopurua izan zen: arratsaldean, itzuleran, jendetzak babestu baitzituen kanpaldiko parte hartzaileak. Goizean, kanpalekua hustu ostean, Bulebarreko kioskoa hartu zuten, eta ehunka lagun batu zitzaizkien arratsaldeko mobilizazio deialdira. Ertzaintza bidea oztopatzen saiatu arren, manifestazioak Gipuzkoa plazara bueltatzea lortu zuen, eta bertan geratu ziren ehunka pertsona.

18:30ean jarria zuten ordua, eta 19:00 aldera abiatu zen manifestazioa. Aurretik, hainbat proposamen edo kasu hipotetiko planteatu zituzten bozgorailutik: besteak beste, ertzainek bidea itxiz gero, lekuan eseri eta batzarra egitea; Gipuzkoa plazara iritsi, baina, handik botaz gero, Bulebarrera edo, are, Alderdi Ederrera joatea. Esana zuten lehendik, eta batzarrean ere hala ebatzi zuten: «Ura bezala mugitzen gara: han uzten ez badigute, hemen agertuko gara».

Abiatu zen manifestazioa, eta iristeko 50 metro falta zitzaizkiela gerturatu ziren ertzainak. Adostu bezala, eseri egin ziren, eta haiei bizkarra eman. Hasieran geldirik zeuden poliziak, hamabost inguru. Pertsona bati identifikatzeko eskatu zioten, eta manifestazioko partaideek, Bulebarrean adostu bezala, hura inguratu zuten, babesteko. Minutu gutxira, kolpeka eta bultzaka hasi ziren ertzainak. Tentsio uneak izan ziren, baina atzera egin zuten ertzainek, eta manifestariek batzarrari ekin zioten. Konturatu orduko, Gipuzkoa plazara erretiratuak ziren poliziak, eta txalo zaparrada jo zuten manifestariek. Eta, horrekin batera, altxatu, eta, hasieran mantso, gero irmo, azken metroak egin zituzten Gipuzkoa plazaren bihotzeraino heldu arte.

Behin hara iritsita, bederatzi lantaldetan banatu ziren. Hutsaraztearen ondorioz jada gune finkatuak ez zeuzkatenez, plazako bankuak erabili zituzten lantoki gisa. Eguraldiagatik atzera bota behar izan zuten aurrez pentsatua zuten kontzertua. Baina ertzainen eta udaltzainen artean desmuntatutakoa berreraikitzen bazuten lana. Izan ere, bertan lo egiteko asmo irmoa zuten iluntzean, eta horretarako prest zeuden edizio hau ixteko orduan.

Bulebarrean, baina lanean

Igandean, erraustegiaren aurkako giza kate jendetsua egin ostean, Gipuzkoa plaza hartu zuten dozenaka lagunek. Lehen batzarrean erabaki zuten, gertatzen zena gertatuta ere, egunero 19:00etan bilduko zirela. Atzo, Gipuzkoa plazatik bota zituzten goizean, baina arratsaldean itzuli egin ziren, manifestazioan, eguneroko batzarra egitera.

Udaltzainek eta ertzainek kanpalekua uzteko agindua eman zutenean, euren kabuz alde egin zuten partaideek. Hasieran tentsio uneak izan ziren, udaltzainak kanpalekua husten hasi zirenean, baina, azkenean, partaideek eurek hartu zituzten han zeuzkatenak, poliziek ez eramateko. Trasteak bildu, eta Bulebarrera joan ziren: han, kioskoa hartu zuten, eta ondoko plazan batzarra egin. Batetik, arratsalderako prestatutako hitzaldiei eustea erabaki zuten, eta, bestetik, manifestazioan joatea ordu batzuk lehenago utzitako Gipuzkoa plazara.

Arratsaldean, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkari bana izan ziren Bulebarrean, enplegu berdeaz hitz egiten. Horren ostean, Belartza 2 proiektua izan zuten mintzagai —hainbat talde ekologistak eta Donostiako EH Bilduk obren legezkotasuna ezbaian jarria dute, eta atzo lanak eten zituen udalak—. Hirugarren solasaldi bat ere egin zuten, abokatuen eskutik, mozal legea deritzonaren inguruan.

Negoziazio eskean

Hain zuzen, Donostiako EH Bilduk agerraldi inprobisatua egin zuen atzo, hutsaraztearen ondorioz. Salatu zuen EAJk eta PSE-EEk erraustegia «inposatu» nahi dutela azpiegituraren aurka agertu diren herritarrek eta medikuek hartutako jarreraren kontrara. Horrez gain, halako mobilizazioak kudeatzeko bestelako moduak badaudela gogorarazi zuen, Odon Elorzak (PSE-EE) eta Juan Karlos Izagirrek (EH Bildu) 2011n egin bezala, M-15 mugimenduarekin: «Ez zen arazorik izan, negoziatu egin zuten: Gipuzkoa Zutik-ekin gauza bera egiteko eskatzen diogu». Koalizioaren ustez, Eneko Goia alkateak «bide okerra» hartu zuen, «Polizia bidalita»: «Gipuzkoa Zutik-ek protesta legitimoa egin nahi badu, aukera bat eman diezaiotela negoziatzeko, M-15ekin egin bezala».

ELAk eta LABek gaitzetsi zuten kanpalekua hustu izana, eta agindua eman zutenen «kalitate demokratiko baxua» kritikatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.