ATHLETIC LIGAKO TXAPELDUN

Jendetza batu da Bilbon Athleticen liga garaipena ospatzeko

10.000 zalek babestu dituzte Athleticeko jokalariak. Udalak eginiko harreran, Josu Urrutia klubeko presidentea gogor mintzatu da hedabideen eta politikarien aurka.

Athleticeko jokalariak koparekin, atzean zaleak dituztela.
Athleticeko jokalariak koparekin, atzean zaleak dituztela. Javier Zorrilla / EFE

Berria -

2016ko ekainak 7

Athleticek Espainiako Liga irabazi zuen igandean, eta gaur ospatzen ari dira dute Bilbon. 18:00etan, Begoñako basilikara joan dira jokalariak, entrenatzaileak eta klubeko arduradunak garaikurraren eskaintza egitera. Bilboko Udalean harrera egin diete, eta zaleei eskaini diete liga garaipena ondoren.

Juan Maria Aburto alkateak zoriondu egin ditu jokalariak: "Athletic zarete, eta neskak; gaur Bilbok emakume izena du". Josu Urrutia Athleticeko presidentea, berriz, gogor mintzatu da hedabideen eta klase politikoaren aurka: "Hedabideek emakumeen futbolari egiten duten jarraipenak zerikusi gutxi du gabarra ez ateratzeko eman dioten kantxarekin". Kritiken kontra, Urrutiak nabarmendu egin du Athleticek emakumeen futbolaren alde eginiko lana: "Oraindik lau hankatan dabil emakumeen futbola; gu iritsi garenetik euren baldintzak hobetu dira".

Ondoren, balkoira irten dira jokalariak, eta "Athletic, Athletic" oihu artean hartu dituzte zaleek.

Ospakizunak, ordea, polemika sortu du, ez baitute gabarra gainean ospatuko, gizonezkoen taldeak tituluak irabazten dituenean egiten den legez. Jokalariek ez dute zalapartarik sortu nahi izan gabarraren gaiarekin. "Irabazi egin nahi genuen guk; beste guztia berdin zaigu. Klubak erabakitzen du hori, eta gu ados egongo gara erabakitzen dutenarekin". Ordea, Whatsapp bidez zabaltzen ari da gabarra uretaratzearen aldeko bertso bat.

Doinua: Azken arnasa eman nahi nuke

Neurria: Hamarreko handia

Zenbat izerdi, zenbat lan-ordu,
zenbat momentu kritiko.
Baina aspaldi esan genuen
ez genuela etsiko.
Orain gabarra eske gatoz gu
Bizkaian horren mitiko,
Bilbo aldeko uretan barna
ederki da ibiliko,
hautsa kentzeko ere ez zaio
horren gaizki etorriko!!

Gabarra dugu sinbolikoa,
ederra bezain berezi.
Urrutiari zuzentzen gara
gainditzeko mila hesi,
baloiarekin badaukagunez
horrenbeste abilezi,
Liga txapeldun izan ostean
ez zaitez joan ihesi....
Gizonezkoen tratu berdina
ez ote dugu merezi?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna