HEZKUNTZA

"Ikasteko ingurune birtualak behar ditugu, ikaslearen lanean oinarritutakoak"

Internet bidezko unibertsitate ikasketei buruzko jardunaldia egin du UEU Udako Euskal Unibertsitateak Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean, Euskarazko 'on line' eskaintza unibertsitatean: egoera eta erronkak izenburuarekin.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egin dituzte jardunaldiak.
Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egin dituzte jardunaldiak. Jon Urbe / Argazki Press

Berria -

2016ko ekainak 10

Batetik, erakundeen ikuspegia jaso dute: Eusko Jaurlaritzatik Javier Alonso izan da hizlari, Gipuzkoako Diputazioaren izenean Gotzon Egia eta Euskaltzainditik Erramun Osa; bestetik, unibertsitateena: EHUko, NUPeko, Deustuko eta Mondragoneko ordezkariak aritu dira. Horren ondoren, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko errektoreorde Carles Sigalesek eman du hitzaldia, unibertsitate horrek Kataluniako gizartean izandako eraginari buruz.

UEUren izenean, Iratxe Esnaolak galdetu du zein puntutarainoko beharra dagoen gradua ere norbere erritmo eta neurrira eskaintzeko: "UEUk aspalditik garatu du online eredua, beste unibertsitateekin elkarlanean".

Alonsok adierazi du inbertsio handia egin behar dela eta horrek jarri duela galga: "UOC bat sortzea ez dakit beharrezkoa den. Agian bai, baina beste eredu batekin, baina zeozer behar da". Adierazi du Eusko Jaurlaritzak "estrategikotzat" hartzen duela euskarazko online eskaintza, eta gogorarazi azken urteetan EHU, Mondragon eta Deustok ahaleginak egin dituztela online presentzia gero eta handiagoa izateko.

EHUko Urtza Garaik iragarri du EHUn eskaintza zabaltzea dela helburua eta ahal den heinean euskaraz izatea hori: 2016-2017rako gehiago izango dira. Deustuko Unibertsitatearen izenean, Alex Rayonek azaldu du "erronkarik garrantzitsuena eta zailena online eredu on bat garatzea" zaiela: "Aldaketa asko egin behar dira gure irakasleen ohituretan". On line eskaintzaren garrantzia azpimarratu du Mondragon Unibertsitateko Edurne Galindezek: "Gaur egun aurrez aurreko unibertsitatea, on line eskaintzarik gabe, larri". Gainera, azaldu du Mondragon Unibertsitatean on line eskaintzan abandono tasak oso baxuak direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna