Mundua

Gutxienez 50 lagun hil dituzte homosexualak biltzen diren lokal bati eraso eginda, Orlandon

Goizaldean, lokalean dantzan eta festan ari zirenei tiroka ekin die erasotzaileak, eta ondoren han bertan gotortu da. Hasieran hildakoak hogei direla esan duten arren, azken zenbaketaren ostean 50 direla berri eman dute. Poliziak jakinarazi du erasotzailea ere hil dela, tiroketan.

Berria -

2016ko ekainak 12

Homosexualak elkartzen diren lokal batera sartu, eta festan zebiltzanen kontra tiro egin du gizonezko batek, rifle bat eskuetan. Zaurituak daudela zabaldu dute berri agentziek, baina ez dute esan zenbat. Orduek aurrera egin ahala, "gutxienez hogei hildako" daudela berri eman du Poliziak. Geroago esan dute hildakoak 50 direla. Zaurituak ere asko dira.

Poliziak ere tiro egin du, eta jakinarazi du erasotzailea hilda dagoela. "Poliziarekin izandako tiroketan hil da", esan du John Mina poliziaburuak. "Gutxienez bederatzi poliziak parte hartu dute tiroketan".

Lekukoen arabera, anbulantzia asko eta suhiltzaileak izan dira diskotekan, eta hainbat zauritu eraman dituzte bertatik. Hogei zaurituri buruz hitz egin dute hasieran, baina berrogei aipatu ditu WFTV telebistak.

"Leherketa kontrolatu bat" ere izan dela esan du Poliziak bere Twitterreko kontuan. Ez dute esan leherketa hori nork eragin duen, baina erasotzaileak lehergailuak zeuzkala uste du Poliziak.

Poliziak 20 urteko gizonezko bat egin du erasoaren susmagarri nagusi. Ustezko erasotzailearen aitak homofobia jo du erasoaren hipotesi nagusitzat. Haren arabera, joan zen hilean bere onetik aterata ibili zen Miamin bi homosexual muxuka ikusi zituenean.

"Barkamena eskatzen dugu. Ez genekien halako ezer prestatzen ari zenik. Ahoa bete hortz gaude, gainerako guztiak bezala", esan du NBC Newsen.

Nolanahi ere, Al Jazeerak berri eman duenez, Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua. Amaq berri agentzia aipatu du iturri gisa Al Jazeerak, baina EIk ez du ofizialki halako adierazpenik egin.

NBC Newsek esan du erasogileak tabernara sartu aurretik larrialdietara deitu duela, "Estatu Islamikoarekin leial" dela esanez.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna