ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK

Bizkaiko PPk argitu du "alde" hitzak harridura marka behar duela ospa egiteko adiera izateko

Gaztelaniaz pentsatutako iragarkiek ez dute sarri emaitza onik izaten euskarara itzultzean. Espainiako Gobernuko PPko presidentegaia da itzulpen okerren azken biktima, a favor gaztelerazko mezua euskaraz alde itzulita.

PPren iragarkia.
PPren iragarkia. / Iñaki Lasa Etura

Berria

2016ko ekainak 14

Zenbait egunkaritan gaur argitaratu den Rajoyren iragarkiaren ondoren, Bizkaiko PPk azkenean Euskaltzaindiari egin dio kontsulta, eta Facebookeko bere kontuan argitu du horren arabera zuzena dela Rajoyren argazkia Alde mezuarekin jaso duen iragarkia. Argudiatu du PPk ospa egiteko adiera izateko harridura ikurra behar duela Alde horrek: "Publizitateari dagokionez, non irudiari garrantzia gehiago ematen zaion, ez dira beti hitz guztiak agertzen. Hala, a favor izan daiteke alde", diote.

Leloak gaztelaniaz pentsatu eta euskaratzeak ezustekoak sortzen ditu, ordea, eta hori gertatu zaio PPri, irakurle eta sare sozialetako erabiltzaile askok iragarkia beste modu batera ulertu dutenean. Harridura markarik izan ez arren, Rajoy zeren alde dagoen ez zehazteak eman du nahasmenerako bidea, eta beste adiera nagusitu da, eta adarjotzea: alde egingo al du Rajoyk?

BERRIAko Euskara taldeak argitu du berez hala dela, baina gaur egun puntuazio markak oso gutxi erabiltzen direla publizitatean eta gaurkoak argi erakusten duela lelo gisa Alde ez dela batere egokia. Hain zuzen, joan den astean alderdien leloak itzultzerakoan, Alde hitzaren desegokitasunaz eztabaidatu zuten Euskara taldean (PPren egoitzan ez zuten telefonoa hartu), eta, azkenean, Aldeko itzuli zuten.

Azken egunetan dezente zabaldu da Ahal Dugu-ren afixa bat ere sare sozialetan: "No más corrupción" esan nahi, eta euskarara "korrupzio gehiagorekin" itzuli zutenekoa. Iazkoa da okerra, baina ez zen izan lehena, ezta azkena ere. Oihartzun handia izan du Rajoyrenak ere sare sozialetan:

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna