Gizartea

Lan inklusioaren bidez bazterketa egoerak gainditu nahi ditu Gipuzkoak

“Gipuzkoako Gizarteratzea 2016-2020 Elkar-Ekin” plana aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gipuzkoako Aldundiko ordezkarien agerraldia. @ORAINGIPUZKOA
2016ko ekainaren 21a
21:58
Entzun

Bazterketa arriskuan dauden pertsonak “elkarrekin eta elkarlanean” gizarteratu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Markel Olano ahaldun nagusiak aurkezpenean jakinarazi duenez. Horretarako, protokolo bat sinatu du aldundiak Gipuzkoako hainbat erakunde eta elkarterekin.

Olanok ziurtatu du bazterketarako arriskuari erantzun nahi diola Elkar-Ekin planak, baina orain arte ez dela “agenda egokirik izan”. Bide horretan, lan inklusioa gizarteratzeko “tresna egokitzat” jo du. “Gizarteratze soziolaborala da helburua. Zenbat eta inklusio gehiago, orduan eta ezberdintasun gutxiago izango dugu”.

Ahaldun nagusiak azaldu du 2016rako neurri batzuk onartu dituztela, baina legealdi osoan sakontzen joango direla. 2016 eta 2017 urteetarako 1,8 milioi euroko aurrekontua bideratuko dute. “Espero dugu 1.500 onuradun inguru izatea epe horretan”.

Horretarako, ebaluazio zerbitzu bat martxan jarriko dutela argitu du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak. Bost helburu nagusi bereizi ditu: gizartetik baztertuta dauden pertsonen arreta hobetzea; pertsona horiei aukerak ematea; kohesio eta aktibazio inklusiboko proiektuak bultzatzea; Gipuzkoako eragileekiko koordinazioa sendotzea; eta gipuzkoarren babesa lortzea.

Peña: “Plan bizia eta dinamikoa izango da; eta ekarpenei irekia egongo da beti”. Besteak beste, honako erakunde hauek sinatu dute elkarlanerako protokoloa: Lanbidek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Donostiako Udalak, Deustuko Unibertsitateak, Peñascalek eta Sartuk. Horrez gain, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak eta hirugarren sektoreko hainbat elkartek ere atxikimendua adierazi diote planari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.