Erresuma Batua

Downing Streeteko 10. zenbakiak badu maizter berria

Lehen ministro izatea "inoizko ohore handiena" izan dela esanez agurtu ditu Cameronek lehen ministroaren egoitza parean bildutako kazetari eta herritarrak. Baina gobernuburuarena ez da izango Erresuma Batuko gobernuan izango den aldaketa bakarra.

Theresa May lehen ministro berria, Downing Streeteko 10. zenbakian.
Theresa May lehen ministro berria, Downing Streeteko 10. zenbakian. Will Oliver / EFE

Arantxa Elizegi -

2016ko uztailak 13

Brexit-ari baietz esan ziotenean, Erresuma Batuko herritarrek aldaketa oldea eragin zuten, ohartu edo ez. Horietako bat eta nabarmenena lehen ministroarena izan da. Izan ere, EBn geratzearen aldeko defendatzaile sutsuenetariko bat izanik, logikotzat jo zuen gobernuburuak berak dimisioa ematea. Eta halaxe egin du gaur bertan, Theresa May buruzagi kontserbadoreari tokia utzita.

Komunen Ganberan izan da Cameron eguerdian, asteazkenero egin ohi duten eztabaidan, eta bertan jaso du lehen omenaldia. Izan ere, txaloka agurtu dute sei urtez lehen ministro izan dena. Buruzagi kontserbadorea bera harro agertu da urteotan egindako lanaz, eta nabarmendu du herrialdea "sendo eta egonkorragoa" dela orain.

Komunen Ganbera utzita arratsaldean agerraldia egin du Cameronek, Downing Streeteko 10. zenbakian. Bertan, familia ondoan duela, eskerrak eman ditu "inoizko ohore handiena" izan denaz gozatzeko aukera emateagatik. Bide batez, ordea, aitortu du hartutako erabaki guztiak ez direla zuzenak izan: "Politikariek gustuko dute politikaz hitz egitea, baina politika bera jendearen bizimoduek osatzen dute". Ondoren, sei urtez bere etxea izan dena utzi, eta Buckingham jauregira joan da Cameron, erreginari bere dimisioaren berri ematera.

Lehenik Gobernua

Theresa May izango da aurrerantzean Erresuma Batuko Gobernua zuzenduko duena. Orain arte Barne ministro izan denaren lehen eginbeharra izango da gobernu berria egituratzea. Brexit-aren aldekoen eta aurkakoen arteko oreka errespetatzen ahalegindu beharko du Mayk karguak banatzeko orduan —bihar bertan jakinaraziko ditu horietako batzuk—. Behin hori eginda, Erresuma Batuko herritarrek hartutako erabakiari egin beharko dio aurre Mayk, EBtik irteteko prozesuari, alegia.

Europako Batzordearen hurrengo bilera urriaren 20an egingo dute, eta, beraz, tarte hori baliatuko du Mayk EBko hainbat buruzagirekin banakako bilerak egin eta hurrengo urratsak aztertzeko. Dena den, adituek diote oso posible dela prozesua hainbat urtez luzatzea, hasieran bi urteko kontua izango zela esan zuten arren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna