Atentatua Frantzian

François Hollande: "Hil edo bizi daude berrogeita hamar pertsona"

Jendetza zegoen pasealeku batean kamioarekin sartu, eta ahalik eta jende gehien harrapatzen saiatu da gizonezko bat Nizan. Gutxienez, 84 dira hildakoak. Frantziako Errepublikaren Eguneko ospakizunetako su festa ikusten ari zirela gertatu da erasoa, 23:00etarako minutu batzuk falta zirela. Poliziak hil egin du atentatugilea. "Atentatu terrorista" izan dela esan du François Hollandek. Parisen krisi batzordea osatu dute, eta salbuespen egoera beste hiru hilabetez luzatzea erabaki. Atentatua Parisko tiroketak gertatu eta urtebete ere pasatu ez denean izan da; 137 lagun hil ziren orduko horietan.

Jon Ordoñez Garmendia -

2016ko uztailak 15

Errepublikaren Egunak amaiera odoltsua izan du bart Frantzian. Nizan ospakizun horretako su festak ikusten ari zen jendetzaren aurka egin du gizon batek kamioi batekin, abiadura handian —orduko 90 kilometroan—; gutxienez 84 dira hildakoak eta ehunka zaurituak —haietako hemezortzi larri daude—.

Erasoa Ingelesen etorbidean izan da. Turismo askoko etorbidea da berez, eta erasoaren unean mukuru zegoen, suak ikusteko bildutako jendearekin. Trafikoarentzako itxita zegoen pasealeku batean sartu da kamioia, eta gelditzeko esan diotenean azeleragailua zapaldu eta abiadura handitu du. Ahal zuen jende gehien aurretik eramaten saiatu da, ezker-eskuin mugimenduak eginez. Gutxienez 84 lagun hiltzeaz gain, ikaragarrizko izua sortu du: "Gorpuak boloak bezala erortzen ziren", esan dute lekukoek; "tiro hotsak entzun ditugu", beste batzuek.

Bi kilometroko ibilbidea egin du kamioiak, harik eta gidaria tiroz hil duten arte. Izan ere, Polizia tiroka saiatu da kamioia gelditzen, eta markak gelditu zaizkio trailerrari, aurreko aldean. Hain justu, horiek ziren lekukoek entzundako tiro hotsak.

Sare sozialetan berehala zabaldu dira argazkiak, eta gorpu asko ikus daitezke errepidean; telebistako irudietan, berriz, trailer handi bat ikusten da inguruan, ustez erasotzaileak atentatua egiteko erabili duena. Bideoa: jendea ihesi, atentatuaren ostean.

Anabasa hartan, suak ikusten ari zen jendeak ahal zuen moduan babestu du bere burua, itsasora jauzi eginez, edota inguruko etxe eta tabernetan gotortuz. Elkartasuna izan da aurreneko erreakzioa, eta Nizako bizilagunek etxeetako ateak ireki dizkiete izuak hartuta nora ezean topatu dituztenei. #PortesOuvertesNice —ateak irekita— traola segituan zabaldu da sare sozialetan.

Poliziak jakinarazi duenez, kamioian arma batzuk topatu dituzte, eta 31 urteko nizar baten nortasun agiria. Erasotzailea bera izan da, eta jatorriz tunisiarra dela azpimarratu dute —naziotasun bikoitza daukala diote—. Delitu txikiengatik, aurretik Poliziaren paperetan ageri zen gizonezko hori, baina ez zuten "terrorismoarekin" lotzen. Hatz markekin, kamioi barruko gorpua eta nortasun agirikoa pertsona berberarena direla egiaztatu dute. Erasotzailearen emazte ohia atxilotu du poliziak.

François Hollande Frantziako presidentea Avignonen zen une horretan, eta berehala Pariserantz joan da, krisi batzordean parte hartzera, Eliseoan.

Goizaldean egindako agerraldian, "atentatu terrorista" izan dela esan du, eta Frantzia osoa "mehatxu terroristapean" dagoela. Aurreneko erabakia ere hartu dute Frantziako agintariek: uztailaren 26an kentzeakoak ziren salbuespen egoera beste hiru hilabetez luzatzea. Eguerdiaz geroztik, Nizan dira Hollande eta Valls. Berrogeita hamar pertsonatik gora daude larri, "hil edo biziko egoeran", Hollandek larrialdi zerbitzuekin eta segurtasun indarrekin bildu ostean esan duenez.

Ikerketaren ardura duen François Molins Parisko prokuradoreak eman ditu datu ofizialak: 84 dira hildakoak, horietatik 10 haur eta nerabeak. Zaurituak, berriz, 202 dira; larri daude 52, eta erreanimazioan 25. Turistak dira biktimetako asko. Atentatuaren izaera "terrorista" ere aipatu du: "Inork ez du atentatua bere gain hartu. Hala ere, erakunde terroristen deiari erantzuten dio erasoak; hiltzeko egin duten deiari erantzuten dio".

Frantzia azken urteetan ekintzaile islamisten jomuga bihurtu da. Charlie Hebdo aldizkariaren kontra jo zuten 2015eko urtarrilean, eta azaroan Parisen 137 lagun hil zituzten hainbat tiroketatan.

Azken hilabetean segurtasun neurri handiak izan dira Frantzian, Europako Futbol Txapelketa jokatu dela eta. Igandean amaitu zen Eurokopa.

Zuzeneko kontakizuna

17:31
2016-07-15

Datuak ere eman ditu François Molins Parisko prokuradoreak. 84 dira hildakoak, horietatik 10 haur eta nerabeak. Zaurituak, berriz, 202 dira; larri daude 52, eta erreanimazioan 25. Turistak dira biktimetako asko.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

17:20
2016-07-15

François Molins, Parisko prokuradorea: "Inork ez du atentatua bere gain hartu. Hala ere, erakunde terroristen deiari erantzuten dio erasoak; hiltzeko egin duten deiari erantzuten dio".

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

17:10
2016-07-15

François Molins, Parisko prokuradorea: "84 dira hildakoak, horietatik 10 haur edo nerabeak. Kopuruak gora egin dezake".

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

17:02
2016-07-15

Minutu gutxi barru aterako da prentsaren aurrera François Molins Frantziako fiskal nagusia. Nizako justizia jauregian emango ditu ikerketari buruzko xehetasunak.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

15:55
2016-07-15

Hollande: "Askatasunean bizi diren estatuen aurka ari den etsaia dugu aurrean. Luzea izango da haren aurkako borroka"

"Munduak badaki frantzia herrialde indartsua dela, eta gai izango dela oztopoei aurre egin eta batasunari eusteko" esan du Hollandek larrialdi zerbitzuekin eta segurtasun indarrekin bildu ostean.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

15:48
2016-07-15

François Hollande: "Hil edo bizi daude berrogeita hamar pertsona"

Komunikabideen aurrean hitz egin du Frantziako presidenteak, larrialdi zerbitzuekin eta segurtasun indarrekin elkartu ostean.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

15:23
2016-07-15

Parisko prokuradoreak 17:00etan egingo duen agerraldiaren zain daude komunikabideak. Gertakarien ikerketaren inguruko informazio zehatza eta azken xehetasunak ematekoa da François Molins prokuradorea.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

15:12
2016-07-15

Programazioa mantenduko du Miarritzen egunotan egiten ari diren Big festibalak. Segurtasun neurriak indartuko dituztela esan dute antolatzaileek, eta dolua adierazi diete atentatuaren biktimen gertukoei.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

15:08
2016-07-15

Elkarretaratzeak egingo dituzte Baionako, Angeluko, Donibane Lohizuneko eta Miarritzeko herriko etxeen aurrean, arratsaldeko 19:00etan.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

14:10
2016-07-15

Barkamena eskatu du Frantziako telebista publikoak, informazioari eman dioten "trataera desegokiagatik"

Barkamena eskatu du Frantziako telebista publikoak, Nizako atentatuaren irudiei eta informazioari emandako trataeragatik. Biktimak eta horien gorpuak ageri ziren irudiak zabaldu zituzten atzo, eta adierazpenak eskatu zizkioten atentatuan hildako baten bikotekideari. Irudiok erabiltzea langileek eta kazetariek "informazioaz duten ideiarekin bat ez" datorrela adierazi dute gaur.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

13:59
2016-07-15

"Gertatutakoa salatu" eta "kaltetuei elkartasuna" adierazi die EH Bilduk, sare sozialen bidez. Biktimei babesa eta elkartasuna adierazi die Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta koalizioko kideak, gaur goizean Bilboko Herri Irratian egin dioten elkarrizketan.

Sarean zabaldu duen mezuan, biktimen gertukoei dolua adierazi die Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

13:30
2016-07-15

Atentatua gaitzesten eta biktimekiko elkartasuna adierazten ari dira alderdi politikoak ere. EAJk sei puntuko adierazpena egin du; oharrean demokraziaren eta bakearen aldeko eta xenofobiaren aurkako mezu zabaldu dute. Arriskutsuak izan daitezkeen pertsona eta taldeak ikertzeko lana indartzea ere eskatu dute.

Geroa Baik nabarmendu du erasook ez direla "hiritarren aurkakoak", "giza eskubideen" aurkakoak baizik. Idatzian azpimarratu du Europara "babes bila" datozen errefuxiatuek "basakeria" beretik ihes egin nahi dutela.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

13:06
2016-07-15

François Hollande: "Frantziak ez du amore emango mehatxu terroristaren aurrean"

Nizan da Frantziako presidentea. Segurtasun indarrekin bilduko da, eta ospitaleetara ere joango da.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

12:59
2016-07-15

Theresa May: "Erresuma Batua Frantziaren ondoan dago, iraganean beste askotan egon den moduan"

"Terrorismoaren" aurkako "ahaleginak areagotzea" eskatu du Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak. Frantziarekiko "elkartasuna" adierazi du, eta ohartarazi du "askatasunaren" zein "balioen defentsan" nazioarteak batera lan egin behar duela.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

12:35
2016-07-15

Hiru eguneko dolua ezarri du Frantziako Gobernuak, eta salbuespen egoera beste hiru hilabetez luzatu du. Nizara iritsi berria da François Hollande presidentea; segurtasun indarrekin bilduko da orain. Bertan da Manuel Valls lehen ministroa ere.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

12:27
2016-07-15

Euskal Herriko zenbait udalek deitu dituzte Nizako atentatua salatzeko elkarretaratzeak. Irudian, iruñeko Udaleko ordezkariak, udaletxe parean.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

12:22
2016-07-15

Nizan bart gertatutako atentatua gaitzetsi dute Arabiar Liga osatzen duten herrialdeetako ordezkariek, eta dolua adierazi diete biktimen familiei; baita Frantziako Gobernuari eta herritarrei ere.

Egiptoko presidente Abdelfatah al Sisi-k, nazioarteari laguntza eskaini dio, atentatua gaitzesteaz gain. Zabaldu duen ohar batean nabarmendu du "terrorismoak" ez duela "ez mugarik, ez erlijiorik".

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

11:56
2016-07-15

Minutuko isilunea egin dute Nafarroako Foru Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, EiTB Nafarroan ikusteko hitzarmena sinatu aurretik.

Aurrez Jaurlaritzak egin moduan, atentatua gaitzetsi du Nafarroako Foru Gobernuak , eta eguerdian egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak. Nafarroako Gobernuak "bizikidetzaren, askatasunaren eta demokraziaren defentsan" duen konpromisoa azpimarratu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

11:44
2016-07-15

Vladimir Putin: "Terroristak neutralizatu egin behar dira, eta haien azpiegiturak, sistematikoki suntsitu"

Indarrak "elkartzera" eta "era guztietako terrorismoaren aurka" borrokatzera dei egin du Errusiako presidenteak, François Hollande Frantziako presidenteari bidali dion mezu batean.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

11:32
2016-07-15

Angela Merkel: "Zailtasunak zailtasun, borroka hau irabaziko dugu"

Alemaniako kantzilerrak esan du Alemania Frantziaren "aldamenean" dagoela "terrorismoaren aurkako borrokan".

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

11:26
2016-07-15

Txinak erasoa "irmoki" gaitzetsi du, eta "bakea eta egonkortasuna bermatzeko" beharrezko laguntza emateko prest dagoela helarazi die Frantziari eta nazioarteari. Egindako adierazpenetan, "munduko edozein herrialdetako biztanleen segurtasunaren alde" arituko direla esan du kanpo harremanetarako bozeramaileak.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

11:17
2016-07-15

ATENTATUA SALATU DUTE NAZIOARTEKO AGINTARIEK

Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi du "eraso terrorista ikertzeko" eta "errudunak justiziaren aurrean jartzeko" behar den laguntza emango dutela AEBek. Hillary Clinton hautagai demokratak nabarmendu du AEB erasoa egin dutenen aurkako "gerran" dagoela, eta gerra irabazteko hori irabazteko "zuhurtziaz" jokatu behar dutela.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra

10:47
2016-07-15

Nizako atentatua salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Eusko Jaurlaritzak

Bart gauean Nizan izandako atentatua gaitzetsi eta biktimei elkartasuna adierazi die Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan. Aldaketarik ezean, lehendakariak Lakuan Eusko Jaurlaritzaren egoitza parean egingo den bost minutuko elkarretaratze isilean parte hartuko du.

Bost minutuko elkarretaratze isilak deitu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako eta Bilboko udalek ere. Atentatua gaitzetsi du Eudel-ek ere, euskal udalerrien aldetik "elkartasuna" eta "Nizako hiritarrekiko hurbiltasuna" helarazi nahi dutela adierazi dute. Horrez gain, udalak elkarretaratzeak egitera deitu ditu Eudelek.

Ane Zuazubiskar Iñarra

Ane Zuazubiskar Iñarra


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna