Estatu kolpea Turkian

200 hildako baino gehiago eta 2.800 atxilotu utzi ditu Turkiako estatu kolpe saioak

Estatu kolpea gelditzea lortu dutela dioten arren, egoera nahasia da oraindik Turkian. Horregatik, herritarrei kalean jarraitzeko deia egin die Recep Tayyip Erdoganen gobernuak. Lehen ere herritarrek gelditu dute militarrek bart abiatutako kolpea. "Demokrazia babesteko", Ankara eta Istanbulgo hainbat gune estrategiko hartu zituzten kolpistek. Baina, egoera kontrolpean dutela dio gobernuak, eta kolpistak menderatu dituztela. "Parte hartu dutenek garesti ordainduko dute", esan du Erdoganek. Hildakoak 250 inguru dira, eta 2.800 militar inguru atxilotu dituztela diote. Alderdi guztiek gaitzetsi dute kolpe saioa, eta hori, alderdien elkarlanerako "hasiera berria" izatea nahi du gobernuak.

Herritarren protesta, militarren aurrean, Istanbulgo Taksim plazan.

Berria -

2016ko uztailak 16

Binali Yildirim Turkiako Lehen ministroak amaitutzat eman du estatu kolpe saioa, eta esan du egoera kontrolpean daukatela. 2.800 militar kolpista atxilotu dituztela jakinarazi du, eta haiek ordain dezaten, legeak ahalbidetzen dituen bideak erabiliko dituztela iragarri du. Gobernuak eta agintari militarrek egoera "kontrolpean" dutela azpimarratu du. Eta horrek herrialdeak "demokraziarekin duen konpromisoa" erakusten duela uste du. Nolanahi ere, ez daude erabat seguru, eta saio gehiago egon daitezkeen beldur, kalean jarraitzeko eskatu die herritarrei Erdoganek.

Bart kolpe saioa abiatu denetik zehazki gertatu denaren berririk ez du eman Yildirimek, baina esan du kolpisten jarreraren ondorioz 161 lagun hil direla eta 1.500 inguru zauritu. Azken balantzearen arabera, alde batekoak eta bestekoak batuta, hildakoak 200dik gora dira, eta 2.800 militar inguru atxilotu dituzte.

Hain justu, herritarren jarrerak eragin du kolpea geldiaraztea, besteak beste. Izan ere, estatu kolpea geldiarazteko herritarren laguntza eskatu du Recep Tayyip Erdogan presidenteak, eta hori izan da militarren asmoek topatu duten galga nagusia.

Ostiral gauean zubiak itxi eta Ankara eta Istanbul hartzen saiatu dira militarrak, eta hainbat gune estrategiko berenganatzea ere lortu dute aurreneko kolpean. "Herrialdeko administrazioa hartu dute Turkiako Indar Armatuek, ordena konstituzionala eta giza eskubideak ezartzeko", esan dute. "Traidore" izendatu dute Erdogan, eta leporatu diote "legea eta demokrazia sekularra" higatzea. Kolpistek aireko erasoak ere egin dituzte. Parlamentuaren inguruan tankeak hedatu dituzte, eta bonbardatu ere egin dute parlamentariak barruan zirela.

Egoera ikusita, kolpistek emandako etxeratzeko aginduari muzin egin eta kalera ateratzeko deia egin zien presidenteak herritarrei, bere telefonoko kameraren bidez telebistan egin duen agerraldian. Face time bidez egin zioten elkarrizketa.

Erdogan presidentearen deiari jarraituz, Turkiako herri asko eta askotan kalera irten dira herritarrak, eta istiluak eduki dituzte militarrekin. Kaleratzeko deia egin eta zazpi ordu geroago prentsaren aurrean agertu da berriz Erdogan, kasu horretan Ataturkeko aireportutik. Egoera kontrolpean dagoela esan du, eta kolpe saioak armada "garbitzeko" balioko duela azpimarratu. "Garesti ordainduko dute".

Turkiako Legebiltzarrak gaur bertan egin du aurreneko saioa, eta estatu kolpeak alderdiak elkartzeko balio behar lukeela azpimarratu du Binali Yildirim Lehen ministroak. Izan ere, alderdi guztiak bat etorri dira estatu kolpea gaitzesterako orduan. Bonbardatutako eraikinean bertan egin dute bilkura, izan ere, plenoetako aretoa osorik gelditu da.

 

Zuzeneko kontakizuna

20:40
2016-07-16

"Ameriketako Estatu Batuei eta hango presidenteari eskatu nahi diet entregatu dezatela estatu kolpe saiakera honen atzean dagoen pertsona, Pennsylvanian bizi dena". Eskaera Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak egin du, bere egoitzatik atera eta jendearen aurrean, Istanbulen. Fetullah Güleni buruz ari da. Gulen estraditatuz gero, gauza asko aldatuko direla gehitu du. John Kerry Estatu idazkariak goizean esan du estradizio eskaera aztertuko luketela, baina oraindik ez dutela jaso eta, estraditatzekotan, Turkiak frogatu egin beharko lituzkeela Güleni egotzitako delituak.

18:33
2016-07-16

Greziak Turkiaren esku utziko ditu ustez estatu kolpean parte hartu eta gero Greziara ihes egin duten zortzi militarrak. Militarrak entregatzeko eskatu du Turkiak, eta Greziak onartu egin du, Mevlüt Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroaren esanetan. Twitterren jakinarazi du:


"Greziatik Turkiara ihes egin duten zortzi traidoreak bueltatu egingo dituztela esan dit Nikos Kotzias Greziako Atzerri ministroak, telefonoz", idatzi du. Greziako Gobernuak oraindik ez du baieztatu estraditatuko dituenik. Eguerdian esan du aztertu egingo zituela Turkiako militarren asilo eskaerak.

Turkiatik zortzi lagun iritsi dira Greziako Alexandroupolisko aireportura, Black Hawk helikoptero batean. Zortzitik zazpik arropa militarra zuten soinean, Greziako komunikabideen esanetan.

Jakes Goikoetxea

Jakes Goikoetxea

17:44
2016-07-16

Akin Ozturk atxilotu dute, diotenez, kolpe saioaren arduradunetako bat. Aireko armadaren estatu nagusi ohia da.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:40
2016-07-16

Turkiako alderdien "elkarlanerako" hasiera berri bat izan behar du honek Binali Yildirim Lehen ministroaren iritzian. Legebiltzarreko bilkuran hitz egin du, eta azpimarratu du alderdi guztiek ezetz esan diotela estatu kolpe saioari.

"Herritarren aukeratutako gobernuaren kontra egin duten militarrei herritarrak gaitu zaizkie", azpimarratu du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:45
2016-07-16

Kolpea ez dela aurrera atera ospatzen ari dira herritarrak, kalean.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:43
2016-07-16

Ankarako legebiltzarrean bilkura berezia egiten ari dira; minutu bateko isilunea egin dute ezer baino lehen.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:42
2016-07-16

Istanbulgo aireportua normaltasuna berreskuratzen ari da. Aurreikuspenak betetzen badira, 13:00etan hartzekoak ziren hegazkina 19:00etan hartuko dute Esteban Basterretxeak eta bere familiak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:32
2016-07-16

Barack Obama AEBetako presidenteak, bestalde, segurtasun nazionalerako taldearen bilera egingo du, Turkiako egoeraz hitz egiteko. Atzo hitz egin zuen Obamak John Kerry estatu idazkariarekin, eta Etxe Zuriak kaleratu duen oharraren arabera, "demokratikoki aukeratutako gobernua" babestu eta bakearen alde egitea adostu zuten.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:28
2016-07-16

Fetullah Güleni aterpe emateagatik AEBak kritikatu ditu Turkiak. Hura egiten du Erdoganen gobernuak estatu kolpe saioaren erantzule, eta Binali Yildirim lehen ministroak esan du Güleni aterpe ematen dion estatu bat ezin dela izan Turkiaren "laguna".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:25
2016-07-16

Nazioarteko aireko base militarra itxi egin du Turkiak, behin-behinean. Hala dio AEBetako kontsulatuak bere webgunean. Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako airekoak daude han, besteak beste. "Incirlik base militarretik sarrerak eta irteerak egitea debekatu dute agintariek", dio.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:17
2016-07-16

Estatu nagusiaren egoitza izan da gaueko tentsiogune handienetako bat. Berri agentziak zabaltzen ari direnez, han, kolpea ematera zihoazen militarrei aurre egin die Hulusi Akar estatu nagusiak eta armadako beste buru batzuek. Atxikita izan dituzte bertan. Baina kolpea indarra galtzen joan den heinean, 700 militar poliziarengana entregatu dira, eta atxikita zituzten buruak askatu dituzte. Beti ere, Anatolia agentzia ofizialaren arabera.

Argazkian, ezkerrekoa da Akar. Gaurko irudia da, Binali Yildirim lehen ministroarekin eta Efkan Ala Barne ministroarekin batera eman duen prentsaurrekokoa.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:06
2016-07-16

150 kolpista atxilotu dituzte Ankaran, Turkiako Armadaren kuartel nagusian. "Fetula Talde Terroristako kideak" direla esan du Anatolia berri agentzia ofizialak. Fetula Gulen elizgizon islamistari egozten dio kolpe saioa, hain justu, Gobenuak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

15:47
2016-07-16

Sakelekora mezua bidali die Erdoganek herritarrei. Beren gobernua defendatzeko eskatu die, eta "altxatzeko" demokraziaren eta askatasunaren defentsan.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:59
2016-07-16

Kargutik kendu dituzten epaileez gain, Poliziak 10 magistratu atxilotu ditu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:46
2016-07-16

2.745 epaile kargutik kendu dizutela zabaldu du Anadolu agentziak, baina ez dago konfirmazio ofizialik.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:34
2016-07-16

Saio berrien beldur, herritarrei errestentziari eutsi eta kalean jarraitzeko eskatu die Erdoganek. Zibilak militarrei nagusitu zaizkien irudiak iristen dira Istanbuletik.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:21
2016-07-16

Bulgariarekin dituen hiru mugak ireki ditu Turkiak, atzotik itxita eduki ostean.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:15
2016-07-16

Erdoganen gobernuak dio egoera kontrolpean dutela, baina informazio nahasia iristen ari da.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:14
2016-07-16

Turkiako helipoktero militar bat Greziara iritsi da, eta bertan zeuden zortzi lagunek asilo politikoa eskatu dute.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:04
2016-07-16

Binali Yildirim Turkiako Lehen ministroak amaitutzat eman du estatu kolpe saioa, eta esan du egoera kontrolpean daukatela. 2.800 militar kolpista atxilotu dituztela jakinarazi du, eta haiek ordain dezaten, legeak ahalbidetzen dituen bideak erabiliko dituztela iragarri du. Gobernuak eta agintari militarrek egoera "kontrolpean" dutela azpimarratu du. Eta horrek, herrialdean "demokraziarekin duen konpromisoa" erakusten duela uste du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:34
2016-07-16

Analisia

Martxelo Otamendiren analisia, Turkiako kolpe saioan teknologia berriek izan duten eraginaz.

'Face time' unea.

Martxelo Otamendi

Martxelo Otamendi

12:22
2016-07-16

Hildako kolpistak 20 direla dio lehen ministroak; armadak, berriz, 160 direla esan du.

12:20
2016-07-16

Honela gelditu da Asanblada Nazionala, Ankaran. Txikizioa nabarmena da.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:19
2016-07-16

Benali Yildirim lehen ministroak dio egoera kontrolpean daukatela. Hildakoak 161 direla dio, 1.100 zaurituak, eta 2.893 atxilotutako militarrak. Zifra dantza dabil, egoera nahasiaren erakusgarri.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:51
2016-07-16

Turkiako lehen ministroa agerraldia egiten ari da. Hildakoak 161 direla dio, kolpistak kontatu gabe. Hildako kolpistak berriz, 104 badirela diote. Denera, 265 lirateke hildakoak, beraz.

11:48
2016-07-16

Facetime bidezko elkarrizketa

Facetime bidez telebistan egindako elkarrizketan egin zien herritarrei kalera ateratzeko deia Erdoganek, eta hori, giltzarria izan da kolpea gelditzeko

10:53
2016-07-16

Herritarrek gelditu dituzte tankeak.

10:52
2016-07-16

Hildakoak 200 inguru

Gauak luze jo du, eta estatu kolpe saioa gelditzeko ekinaldietan 200 lagun inguru hil dituztela zabaldu dute berri agentziek. 50 inguru lirateke zibilak. Gainera, 1500 militar atxilotu dituztela diote.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

02:34
2016-07-16

Zerbitzu sekretuek adierazi dute oraindik matxinoen erresistentzia gune batzuk geratzen direla, nahiz eta kolpeak huts egin.

02:33
2016-07-16

Parlamentua laugarren aldiz bonbardatu dute militar matxinoek. Egoera kontrolpean hartu dutela esaten ari dira gobernuko iturriak, baina oraindik gelditzen dira kolpearen aldeko militarrak kalean. CNNren Turkiako egoitzan ere soldaduak sartu direla jakinarazi berri dute.

02:28
2016-07-16

Zaurituak eta hildakoak izan dira ostiral gauean hasi den estatu kolpean, baina horiei buruzko informazio zehatzegirik ez dago oraingoz. Militarrek herritarren eta polizien aurka tiro egin dutela zabaldu da, eta hamazazpi polizia eta bi herritar gutxienez hil dituztela. Zaurituak ere badira, ospitaleetatik orain berri ematen hasi direnez.

02:23
2016-07-16

Erdoganen hegazkina Istanbulera iristekoa dela zabaltzen ari dira hainbat iturri. Turkiako hegomendebaldean zegoen presidentea, oporretan, eta hegazkina hartu eta airean itzuli batzuk egin ditu, egoera argitu den arte.

02:20
2016-07-16

Lehen ministro Binali Yildirimek Gulen mugimeduari leporatu dio kolpea antolatzea.

02:10
2016-07-16

TRT irrati-telebista publikoa berriro airean sartu da. Militar kolpistek hartu dute, lehen ordutik, eta beren asmoen berri emateko erabili dute telebista. Eraikina hartu duten bost soldadu atxilotu dituztela zabaldu dute lehen, eta seinalea itzuli da orain.

01:59
2016-07-16

Istanbulgo Bosforo zubian oraindik posizioei eusten diete militar kolpistek.

01:57
2016-07-16

Istanbulgo 3. batailoiko buruak telebista bidez tropei agindu die kaleak uzteko eta kuarteleetara itzultzeko.

01:51
2016-07-16

Turkiako Inteligentzia Agentzia Nazionalaren arabera, kolpeak huts egin du, eta gobernuaren egitura indarrean dago. "Junta militarra traizioagatik auzipetua izango da".

01:49
2016-07-16

Istanbulen tiroketak eta leherketak izan dira, sare sozialetan zabaldu dutenez.

01:46
2016-07-16

NTV eta TRT telebisten arabera, kolpeak "huts egin du", eta Istanbulgo Ataturk aireportua laster irekiko dute.

01:46
2016-07-16

Angela Merkel, Twitterren: Turkian ordena demokratikoari eutsi behar zaiola adierazi du, eta herritarren biziak babesteko ahal den guztia egin behar dela.

01:45
2016-07-16

NATOk oharra kaleratu du orain, "erakunde demokratikoak" errespetatzeko eskatzeko.

01:41
2016-07-16

Hegazkin militar batzuek Parlamentua bonbardatu dute.

01:34
2016-07-16

Rudaw hedabidea zabaltzen ari denez, TRT irrati telebista publikoa hartu duten militar kolpistak atxilotu egin dituzte, eta egoera lehengoratzen ari dira.

01:29
2016-07-16

Erruia "oso kezkatua" agertu da Turkian gertatzen ari diren azken ordukoekin. Vladimir Putin presidentea eta zerbitzu sekretuak jarraipena egiten ari direla azaldu du Moskuko gobernuko bozeramaileak.

01:20
2016-07-16

Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikusi daitekeenez, herritar ugari kalera atera dira kolpearen aurka protesta egiteko. "Erdoganen soldaduak gara", oihukatzen dute.

01:19
2016-07-16

Erruia "oso kezkatua" agertu da Turkian gertatzen ari diren azken ordukoekin. Vladimir Putin presidentea eta zerbitzu sekretuak jarraipena egiten ari direla azaldu du Moskuko gobernuko bozeramaileak.

01:14
2016-07-16

Fethullah Guleni lotutako taldeak kolpea gaitzetsi du, 'Finantial Times'-i helarazitako ohar baten bidez.

01:12
2016-07-16

Turkiako Parlamentuko indar nagusiak kolpearen aurka: CHP errepublikanoak, MHP eskuin muturra eta HDP kurduen aldekoa eta ezkertiarra. AKP islamistak gehiengoa lortu zuen azken hauteskundeetan.

01:08
2016-07-16

Estatuko albiste agentzia ofizialak dio hamazazpi polizia hil dituztela. Gobernuaren alde leudeke poliziak.

01:08
2016-07-16

Obamaren agerraldia: Erdoganen gobernua demokratikoki aukeratu izan dela gogorarazi, eta haren alde egitera dei egin du AEBetako presidenteak.

01:04
2016-07-16

Turkiako Gobernuko goi ordezkari batek Reutersi esan dionez, "militarren fakzio bat" saiatu da boterea hartzen. Iturri horren arabera, tanke batzuk hartu dituzte, eta tropei agindu diete kaleak hartzeko, baina zonalde askotan ez dira horretarako gai izan.

01:03
2016-07-16

Erdoganen deiari jarraituz, herritar asko kalera irten dira, eta militarrei aurre egiten ari dira. Polizien eta militarren artean ere iskanbilak izan dira zenbait lekutan.

01:02
2016-07-16

Turkiako Poliziak kolpeen ustezko antolatzaileak atxilotzen hasi direla zabaldu Rudaw kuruden hedabideak.

00:52
2016-07-16

Al Jazeera telebistarekin hitz egin du lehen ministro ohi Amhet Davotogluk: "Ordu gutxiren buruan kolpea garaitua izango dugu, eta bihar egun handia izango da".

00:50
2016-07-16

AEBetako iturri militarrek NBCri esan diotenez, Incirlik basean operazioak gelditu dituzte. AEBek eta Turkiak erabiltzen dute base hori, Siriako gerran bonbardaketak egiteko.

00:50
2016-07-16

Erdoganen deiari jarraituz, herritar asko kalera irten dira, eta militarrei aurre egiten ari dira. Polizien eta militarren artean ere iskanbilak izan dira zenbait lekutan.

00:46
2016-07-16

AFPren arabera, Bosforoko zubia zeharkatzen saiatu dira batzuk, kolpearen aurkako protesta modura. Soldaduek tirokatu egin dituzte, eta hainbat zauritu leudeke.

00:44
2016-07-16
00:43
2016-07-16

HDPren oharraren arabera, "demokraziarena ez den beste biderik ez da".

00:42
2016-07-16

HDP alderdi kurduak oharra kaleratu du, eta kolpea deituratu du. Askoren buruan galdera berbera: nola eragingo dio honek kurduen gatazkari?

00:36
2016-07-16

Iranek Turkiarekin partekatzen duen muga itxi duela jakinarazi dute.

00:34
2016-07-16

CHP alderdi errepublikanoa kolpearen aurka atera da. Ataturk Turkiako egungo estatu modernoaren fundatzaileak sortu zuen alderdia, eta bigarren indarra da parlamentuan.

00:32
2016-07-16

Tankeak parlamentuan tiroka hasi dira, Reuters agentziak jakinarazi duenez. Al-Arabiyak dioenez zerbitzu sekretuen egoitza bonbardatu dute Ankaran.

00:32
2016-07-16

Taksim plazaren inguruan, AKP presidentziako gobernuaren aldeko zaleen eta militarren artean iskanbilak gertatu direla zabaldu dute sare sozialetan.

00:31
2016-07-16

AFP agentziak dioenez, tankeak hedatu dituzte parlamentuaren kanpoaldean.

00:30
2016-07-16

Kolpea eman duten militarrek TRT irrati-telebista publikora igorritako mezuan, Erdogan "traidore" izendatu dut: "Gobernuak legea eta demokrazia sekularra higatu ditu". Ordena konstituzionala, eskubideak eta askatasunak "berrezarri" nahi dituztela, eta horretarako Bake Kontseilu bat eratuko dutela, eta, "ahal bezain azkar", konstituzio berri bat idatziko dutela hitzeman dute militarrek.

Lasaitasun mezu bat ere eman dute, arraza, hizkuntza eta erlijio guztien gainetik segurtasuna bermatuko dutela erantsi dute, eta nazioarteari adierazi diote oraingo harremanetan aldaketarik ez dutela egingo.

00:29
2016-07-16

BBC katearen arabera, Erdogan Marmarisko gune turistikoan zegoen oporretan, Turkiako hego-mendebaldean.

00:19
2016-07-16

Tiro hotsak entzun dira Istanbulen Poliziaren egoitza nagusian, eta albiste agentzien arabera, tankeak hedatu dituzte aireportu kanpoaldean. Hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte.

00:18
2016-07-16

Gerra hegazkinak altura baxuan hegan egiten dute Ankara hiriburuan.

00:14
2016-07-16

Analistek diotenez, Erdoganen gobernuak azken urteetan goi karguak aldatu ditu armadan, gertukoak jarriz. Horrekin batera Polizia indartu du, armadari boterea kentzeko.

00:13
2016-07-16

AKP aginteko alderdiak jarraitzaileak manifestatzera deitu ditu.

00:10
2016-07-16

Anadolu estatuko albiste agentziaren arabera, Turkiako armadako buruzagia gatibu hartu dutela kolpistek Ankaran. CNN Turk kateak ere gatibuen berri eman du Ankarako armadaren egoitzan.

00:07
2016-07-16

Lehen ministro Binali Yildirimek adierazi du armadaren "zati txiki batek" antolatu duela kolpea.

00:05
2016-07-16

EB Europako Batasuneko iturri ofizial batek Reuters agentziari esan dionez, "ongi antolatutako kolpea da", armadako goi kargu ugari lerratu direlako kolpearen alde. Aireportuak eta beste azpiegitura estrategikoak hartu dituzte. Telebista ez dute oraindik hartu, halere.

00:03
2016-07-16

Turkia NATOko bigarren armadarik indartsuena da, AEBen gertuko aliatua Ekialde Hurbilean.

00:03
2016-07-16

AEBetako eta Errusiako Atzerri ministroek bilkura egin dute arratsaldean. Bi herrialdeek ohar bana helarazi dute, "egonkortasunaren eta bakearen" alde eginez.

00:02
2016-07-16

TRT estatu telebistak etxean geratzeko agindua eman du. Ohar batean militarrei leporatu diete "aginte demokratiko eta laikoa" erasatea.

00:00
2016-07-15

Aireportuak itxi dituzte, Internet eta sare sozialak funtzionatzeari utzi diote. Tropek Istanbulgo Bosforoa zeharkatzen duten bi zubiak itxi dituzte.

23:57
2016-07-15

Turkiako armadak estatu kolpea eman du, eta ohar batean adierazi duenez, herrialde osoa kontrolatzen du. "Herrialdeko administrazioa hartu dute Turkiako Indar Armatuek, ordena konstituzionala eta giza eskubideak ezartzeko. Nazioarteko itun guztiak bermatuta daude". Recep Tayyip Erdoganek agerraldia egin du, CNNTurk telebistara telefonoz eginiko bideokonferentzia batean. Bideo horretan adierazi du kontrolari eusten diola gobernuak. Gela itxi batean zegoela ikus ziteken.


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna