Esteban Basterretxea

"Beldurra pasatu dugu; inoiz sentitu ez dudan beldurra"

San Frantziskorako bidean (AEB) Istanbulen eskala egiten harrapatu ditu estatu kolpe saioak Esteban Basterretxea (Eibar, 1975), bikotekidea eta bi alabak —Donostian bizi dira—. Hotelean, gau osoa esna, beldurra pasatu dute, baina orain lasaiago daude. Ez dakite beraien hegazkina aterako den edo ez, baina Turkiatik ateratzea dute lehentasuna. Hoteletik erantzun ditu galderak Basterretxeak, posta elektronikoz.

Jon Ordoñez Garmendia -

2016ko uztailak 16

Noiz iritsi zineten Turkiara?

Gure bidaia Gabonetan erreserbatu genuen. Kalifornian bizi diren lagun batzuekin etxe aldaketa egitea adostu genuen udara honetarako. Turkish besteekin alderatuz askoz merkeagoa da eta, nahiz eta bidaia luzatu, gure erreserba egin genuen. Emaztea eta 10 eta 7 urteko alabak. Beraz, Istanbul eskala bat besterik ez da, baina gau bat pasatzeko beharrarekin. Turkishek berak jartzen du hotela. Atzo iritsi eta gaur San Frantziskora joatekoak ginen. Ginen edo gara, ez dakit zer esan...

Bart nola jakin zenuten estatu kolpearen berri? Non harrapatu zintuzten? Eta zer egin zenuten lehen une horietan?

Hotelera iritsi, afaldu eta logeletara igo ginen. Alabak lo gelditu ziren, eta ni lo gelditzekotan nintzenean emazteak abisatu zidan. Bosforoko zubia moztuta zegoela eta zerbait gertatzen hasia zela. Ez genekien zer... Horrik aurrera, Twitter bitartez gehienbat, dena jarraitu dugu. Hotelean bertan gelditzea erabaki genuen, neskak lo eta gu arduratuta.

Zer da zuek ikusi ahal izan duzuena? Gertatzen zenaz informatuta egon zarete edo ez zenekiten zer gertatzen zen?

Gauzak irakurri ahala, arduratzen hasi ginen. Halere, momentu txarrena goizeko hirurak aldera izan da. Bonba bat entzun dugu, eta oso gertu zegoela iruditu zaigu. Hoteleko 14. solairuan gaude, eta dena mugitu da. Horretaz gain, kazak pasatzen hasi dira, helikopteroak... eta tiroak entzuten hasi gara. Neskak esnatu dira, eta momentu txarrak izan dira.

Notiziak jarraitzeko modu onena Twitter dela argi daukat, eta horrela jarraitu dugu egoera.

Aireportuaren ondoan zaudete. Zer mugimendu ikusi dituzue?

Esan bezela, kazak, helikopteroak, eta abar ikusi ditugu. Bostak aldera hegazkin bat lurreratu da. Pentsatzen dut Erdogan bera izango zela. Alemanian asiloa eskatzen zebilela irakurri dut, eta hemen zegoela jakiteak pixka bat lasaitu nau. Twitter ondo dago, baina dena ez da egia izaten...

Beldur itzela pasatuko zenuten. Twitterren kontatu duzu bonbaren bat zuengandik gertu erori eta hotelak dardar egin duela.

Hala izan da, bai. Familiako laurok nahi gabe salto egin dugu, eta dardarka hasi gara. Beldurra. Inoiz sentitu ez dudan beldurra.

Gaua luzea izan da zuentzat. Nola bizi izan duzue? Gela barruan edo jende gehiagorekin batera?

Ezin izan dugu gehiago lorik egin. Buruari bueltaka, baina laurok bakarrik gelditzea erabaki dugu. Besteen beldurrak eta nerbioak ez ziguten ezertan lagunduko...

Zer giro zegoen hotelean? Jendea kalera atera da estatu kolpearen kontra. Zuenean soldadurik edo aurre egin dien norbait ikusi duzue?

Gure hotelean ez dugu ezer ikusi. Gainetik hegazkinak, helikopteroak eta abar, baina hotelean bertan ezer ez. Errepideak guztiz kolapsatuta ikusi ditugu leihotik, baina jenderik ez.

Hotelean zer esaten zizueten hango langileek? Argibiderik izan duzue? Norbait jarri da zuekin harremanetan?

Inor ez da gurekin kontaktuan jarri (ez hotela, ez Turkish Airlines). Istanbulgo Espaniako kontsuletxera deika ibili gara, baina gaur goizera arte ez dugu lortu hitz egitea. Lasai egoteko esan digute, baina ez askoz gehiago oraingoz.

Etxekoekin hitz egin ahal izan duzue? Sare sozialak eten egin dituztela esan dute. Beste zerbitzurik eten dute (telefonoa, telebista...)?

Etxekoekin Whatsapp bitartez kontaktuan egon gara, eta guk ez dugu batere arazorik izan ez hoteleko wifiarekin, ez Twitter edo Facebook erabiltzeko. Telebistako kate batzuk bertan behera gelditu dira, besterik ez.

Goizean badirudi baretu dela giroa. Hala da zuenean ere? Zein da une honetan zuen egoera?

Hala da. Gauzak lasaiago daude. Airoportura begira eman dut gau eta goiz guztia, abioiak iritsi eta ateratzen diren ikusteko. Oraindik iritsi bai (4 abioi), baina atera bat ere ez. Gure San Franziakorako hegaldia 13:05ean ateratzekoa zen (edo da?). Ikusiko dugu. Helburua Turkiatik ateratzea da, nola edo hala. Alabei dena esplikatu diegu gosaltzean, eta berehala aldatu dute gure ikuspuntua: bueno, bada, Txinara edo beste norabait eramaten bagaituzte egunean zehar, goazen! Eskerrak gauzak horrela ikusten dituztela!

Esan dizuete noiz atera ahal izango zareten handik? Bidaia agentziarekin edo Espainiako enbaxadarekin harremanetan jarri ahal izan duzue?

Turkish Airlineseko webgunean erosi genituen billeteak. Beraiek zer esan zain gaude, besterik ez. Momentu honetan, bidaia gehienetan Cancelled (bertan behera) jartzen du, eta gurean Scheduled (atzeratua) jartzen du... ea zortea daukagun!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna