AZKEN ORDUKOA

Bi euskal herritar hil ziren Nizako atentatuan

Mauleko ama-alaba batzuk dira zendutakoak. Ospitaleratuta daude atentatuan zauritutako 74 pertsona, horietatik 28, larri.

Polizia Nizako Ingelesen etorbidean. Aurrean, atentatuan hildakoen omenezko elkarretaratzeen oharra.
Polizia Nizako Ingelesen etorbidean. Aurrean, atentatuan hildakoen omenezko elkarretaratzeen oharra. Olivier Anrigo / EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko uztailak 18

Joan den ostegunean Nizan izandako erasoan bi euskal herritar zendu direla jakinarazi dute hiri hartako hedabideek. Hildakoen zerrenda argitaratu dute, eta Mauleko ama-alaba batzuk daude tartean.

68 urte zituen amak, eta erretiroa hartuta bizi zen Nizan, erasoa gertatu zen kaletik hurbil. Haren alaba, 29 urtekoa, abokatua zen. Lagunek eman zuten abisua, atentatuaren ondorenetik ez zutelako haien berririk izan. Gaur goizean baieztatu diete erasoan hildakoen artean daudela.

François Molins fiskalak gaur goizean eman dituen datuen arabera, ospitaleratuta jarraitzen dute atentatutan zauritutako 74 pertsonak; larri daude horietatik 28. Fiskalak nabarmendu du hildako gehienak era ofizialean identifikatzea lortu dutela —84 hildakoetatik 71 identifikatu dituzte—, eta haien gorpuak haien familiei eman dizkietela.

Agerraldian, ikerketaren inguruko xehetasunak ere eman ditu Molins fiskalak. Esan duenez, poliziak ez du Mohamed Lahouaiej atentatuaren egilea Estatu Islamikoarekin lotzen duen frogarik aurkitu: EIko kideekin kontaktuan zegoenaren frogarik ez dute, ezta EIri leialtasuna adierazi izanaren frogarik ere.

Txistuak eta oihuak Valls-entzat

Txistu eta oihu artean hartu dute Manuel Valls Frantziako lehen ministroa Nizan. Gaurkoa izan da Frantziako Gobernuak ezarritako dolu egunetan azkena, eta Nizako Ingelesen etorbidean izan da Valls, biktimei egindako omenaldian. Haren dimisioa eskatzen zuten eta "hiltzaile" zioten oihu eta txistu artean hartu dute Valls herritarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna