BIKTIMAK

Polizia gehiegikerien biktimentzako legea onartu du Giza Eskubideen Batzordeak

Akordio zabalagorik ez bilatu izana leporatu diete EH Bilduk eta PPk EAJ eta PSEri. "Posibleen artean legerik onena" lortu dela defendatu dute jeltzaleek eta sozialistek. EAJk eta PSEk alde bozkatu dute, EH Bildu abstenitu egin da, eta PPk eta UPDk aurka bozkatu dute.

Iñigo Iturrate (EAJ) eta Mikel Unzalu (PSE) legebiltzarkideak gaurko batzordean
Iñigo Iturrate (EAJ) eta Mikel Unzalu (PSE) legebiltzarkideak gaurko batzordean Jaizki Fontaneda - Argazki Press

Gorka Berasategi Otamendi -

2016ko uztailak 20

1978 eta 1999 artean, "motibazio politikoko egoeran" izan diren giza urraketen biktimak aitortu eta ordaina emateko lege proiektuak beste urrats bat eman du, eta azken bozketarako prest gelditu da. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean nahikoa babes jaso du gaur goizean, eta, beraz, osoko bilkuran bozkatuko da, hilaren 28an.

EAJk eta PSEk adostu duten lege proposamena eztabaidatu dute gaur alderdiek. EH Bilduk, PPk eta UPDk orain arteko argudioei eutsi diete, eta haien eskakizunak lege proiektura gehitzeko borondate falta salatu dute. Alderdi horien esanetan, EAJk eta PSEk ez dute ahaleginik egin akordio zabalagoa lortzeko. Kontrakoa defendatu dute EAJk eta PSEk, eta legearen babesa nahi bezain besteko zabala ez dela aitortu arren, babes nahikoa duela azpimarratu dute.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearen esanetan, onartu den proiektua "posibleen artean" onena da. Argitu du biktimen aitortzarako "bide bat" hasten duela, baina ez dela "lege honekin amaitzen". Iturratek onartu du legea indarrean jarrita ere biktimak geldituko direla aitortu gabe. Ziurtatu duenez, "aitortza prozesua ez da lege honekin amaituko".

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du proiektuak "biktima asko" utziko dituela kanpoan, eta aitortzen direnak "bigarren mailako" biktima gisa aitortuko direla, beste biktima batzuekin alderatuta. Espainiako Gobernuak legea errekurritzeko arriskua ere aipatu du. "Egia da oztopo larri batetik datorrela". Hala ere, koalizioak aurkeztu dituen 83 zuzenketetatik, "huskeria" kontuan hartu izana gaitzetsi du. Arzuagaren iritziz, "Espainiako Estatuaren biktima guztiak" aitortuko dituen "lege integrala" eratzeko aukera galdu da.

Legebiltzarrak "lege duina" onartuko du hilaren amaieran, Patxi Elola PSEko legebiltzarkidearen iritziz. 1978 eta 1999 urte bitartean estatuko funtzionarioen biktima izan direnei "aitortza zor" zaiela adierazi du Elolak. "Hori betetzen ari gara". Nabarmendu duenez, lege proiektuak "gatazka politikoaren teoria" baztertzen du eta argi uzten du "terrorismoak" ezin dituela justifikatu "botere gehiegikeriak".

PPren jarrerak "bere horretan" jarraitzen du, Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak azaldu duenez. Eztabaida falta eta legearen ziurtasun juridiko falta kritikatu ditu. Barrioren ustez, legeak ez du ongi azaltzen "motibazio politikoko egoera" zer den; esparru juridikoan esku hartzen du, eta Espainiako Estatuko funtzionarioei ardura penalak egozten dizkie.

EAJ eta PSEren arteko akordioarekin proiektua "zenbait gaitan hobetu" egin da, Gorka Maneiro UPDko ordezkariaren hitzetan. Hala ere, "zalantza juridikoak, politikoak eta eskumenezkoak" atzematen dizkio. Gaurko batzordean proiektuaren kontra bozkatu duen arren, osoko bilkuran zein jarrera hartuko duen aztertu behar duela adierazi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna